Makina batek giza adimena eta giza portaera imitatzeko duen gaitasuna hartzen da adimen artifizialtzat (IA). Ikasteko, aldaketetara egokitzeko eta erabakiak hartzeko gai izatea, arazoak malgutasunez konpontzeko, eta, arazo berriak konpondu eta antzeman ahala, hobetzen eta eboluzionatzen joateko.
XX. mendearen erdialdean hasi zen terminoa erabiltzen, giza lanak egiteko –esaterako, solasaldi bat egiteko– gai ziren makinak izendatzeko. Izan ere, 1950ean, Alan Turing matematikoak Turing proba deiturikoa iragarri zuen. Test horren helburua da egiaztatzea neurtu beharreko makina elkarrizketa batean gizakiaren itxurak egiteko gai ote den beste solaskideak makina batekin hitz egiten ari dela jakin gabe.
Test hori zabal onartu da adimen artifizialak jarraitzen duen filosofiaren barruan –gaur egun hizkuntza naturala prozesatzeko erabiltzen duten makinekin soilik erabil daitekeen arren–, eta helburu berrietara egokitzen joan da.
Sistema horiek kategorizatzeko, bi balio erabiltzen dira: pentsatzeko edo jarduteko gaitasuna eta “gizakiek bezala” edo “arrazionalki” egiteko gaitasuna, eta honela sailkatzen dira:
- Gizakiek bezala pentsatzen duten sistemak. Ikasteko eta erabakiak hartzeko prozesuetan zentratu ohi dira.
- Arrazionalki pentsatzen duten sistemak. Giza pentsamenduaren alderdi arrazionala imitatzen dute ekintzen logika erabiliz; sistema aditu oso espezializatuetan erabili ohi da.
- Gizakiek bezala jarduten duten sistemak. Hemen egongo lirateke giza portaera imitatzen duten robotak (adibidez, mugitzeko orduan).
- Arrazionalki jarduten duten sistemak. Zeregin jakin batean arrakasta-emaitzak maximizatzeko jarduten duten sistemak edo aplikazioak; oso espezializatuak dira baita ere.
Eguneroko bizitzan aplikatutako adimen artifizialaren adibide bat izan liteke telefono mugikor adimentsu baten modu automatikoa. Argazki bat modu horietan ateratzen denean, telefonoa izaten da normalean adimen artifizialeko softwarearen bidez kameraren konfigurazioan erabili beharreko baldintzak eta irudia hobeto konfiguratzeko aplikatutako konposizio edo iragazki posibleak zehazten dituena.
Adimen artifiziala sartzen da, halaber, garraiolari baten ibilbidea optimizatzen duen GPS aplikazio batek faktore hauek kontuan hartuta erabakiak hartzen dituenean: banatu behar dituen paketeak, egun horretako trafikoa eta espero dena edo baita gidatzeko moduaren edo aurreikusitako baldintza meteorologikoen arabera ere.
Jakina, adimen artifiziala gaur egun konektatutako gailuekiko komunikazioa hobetzeko ere erabiltzen da, ahots bidezko laguntzaileak erabiliz; ulermena erraztuz lagunarteko hizkera erabiltzen denean; edo erabiltzaile profesionalari erabakiak hartzea errazten dioten aplikazio teknikoetan, eskura dauden datu guztiak azkar ebaluatuz.
Gero eta sektore gehiagok baliatzen dituzte adimen artifizialaren gaitasunak, eta ez bakarrik terminoa sortu zen hasierako urteetan bezala androideak programatzeko, baizik eta datu-kopuru handiak prozesatzeko eta, ikasketa egokiarekin, beren merkatuetan abantaila lehiakorrak lortzeko.