Skip to main content

Eraldaketa digitala

Duela ez hainbeste, zinemara joateko “zinemara joan” egin behar zen: karteldegia begiratu, film bat aukeratu, zein aretotan proiektatzen zen ikusi, zein ordutan, sarrera leihatilan nahiz kutxazain batean erosi, ilara egin, eta, azkenik, filma zineman ikustera eseri, programatutako egunean eta orduan. Esperientzia hori oraindik ere posible da; baina, gaur egun, ohikoena da streaming-plataforma batera –Netflix, HBO...– guk nahi dugunean konektatzea, edukia aukeratzea eta edozein gailutan kontsumitzea hileko kuota baten truke.

Eraldaketa digitala da teknologia digitalak txertatzea erakunde bateko produktu, zerbitzu, prozesu eta estrategietan. Bere langileak, bezeroak eta komunitatea hobeto inplikatzea eta zerbitzatzea du helburu, haien lehiakortasuna eta balioa hobetuz, arriskua hobeto kudeatuz eta negozio-aukera berriak aurkituz. Eraldaketa digitalaren adibide bat da denda fisikoen merkataritza elektronikorako trantsizioa.

Eraldaketa digitalak berarekin ekar dezake erakundearen barruan produktu, zerbitzu, prozesu eta estrategiak berriz lantzea, teknologia digitala aprobetxatuz. Enpresa-kultura ere aldatu behar izaten da, taldeak lagun diezaien prozesu digitalek eragiten dituzten azelerazioari eta aldaketei.

Eraldaketa digitala ez da digitalizazioaren berdina. Digitalizazioa eraldaketa digitalaren bidearen zatia izan daiteke, baina kontzeptu desberdina da. Digitalizazioa da informazioa formatu fisiko batetik formatu digital batera pasatzeko aukera ematen duen prozesua; esate baterako, kontaktuak paperezko agendatik mugikorrera pasatzea, paperezko liburu bat liburu elektronikoaren formatura bihurtzea edo enpresa baten dokumentazioa eskaneatzea bulegoan lekua egiteko. Eraldaketa digitala kontzeptu zabalagoa da: erakunde batek gaur egungo negozio-beharretara egokitzeko bere barne-prozesuetan aplikatzen dituen aldaketak dira. Hainbat ekintza izango lirateke. Esate baterako, funtzioak automatizatzeko tresnak ezartzea; adibidez, hornidura-konpainia baten kontsumo-irakurketak Internet bidez jasotzea, hala nola argi-, ur- edo gas-konpainienak.

Digitalizazioa informazioa formatu digitalera bihurtzea besterik ez litzateke izango; eraldaketa digitala, berriz, erakundearen jarduera ingurune digitalizatura egokitzeko estrategiak eta prozesuak inplementatzea izango litzateke. Eskaner edo inprimagailu bat erostea digitalizatzea izango litzateke. Eskaneatutako dokumentuetako datuak irakurtzeko eta iragazteko gai den adimen artifiziala garatzea eraldaketa digitala izango litzateke.

Aldaketa handietara egokitzea negozioen –eta, oro har, bizitzaren– zati intrintsekoa da. Azken urteotan, aldaketa oso azkar eta sakonak izan ditugu kontsumitzaileen beharretan; beraz, negozio-ereduetan ere bai. Audientziarekiko komunikazio-plataforma berriek, ordainketa-eredu berriek eta datuetan oinarritutako informazioak bezeroekiko harremanak izateko eta epe luzerako balioa sortzeko modu berriak eragin dituzte. Gaur egun, eraldaketa digitala funtsezkoa da era guztietako enpresen negozio-planean, haien tamaina eta jarduera-sektorea gorabehera. Ezein erakunde eta profesional ezin dira horretatik kanpo geratu, COVID-19aren pandemian frogatu zen bezala.