Skip to main content

Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zuria

Herritarren zati handi batek teknologia gehiago erabiltzea eta hiperkonektatuta bizitzeak erronka ekarri die sektore publiko eta pribatuei. Enpresek eta erakundeek gero eta azkarragoak eta disruptiboagoak diren berrikuntza teknologikoetara egokitu behar izan dute, pertsonen eta merkatuaren beharrei eta dinamikei erantzuteko.

Teknologia berriak erabiltzeak gizartearen, erakunde publikoen eta enpresen eraldaketa digitala ekarri du, eta segurtasunerako eta pribatutasunerako mehatxu eta arrisku berriak sortu ditu.

Euskadiko zibersegurtasunaren sektorea heterogeneoa da; sektorearen barruan tamaina desberdineko agenteak daude, multinazional handietatik enpresa txiki eta ertainetaraino. Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zuriak merkatu horren argazki eta laburpen gisa balio du, eta katalogo bizi bat da berez, aldizka berrikusten dena.

Euskadik, gizarte moderno eta aurreratuaren adibide gisa, gizarte-kohesio, segurtasun eta zibererresilientzia handiagoko eredu baterantz abiatzen da. Ildo horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren bultzadari esker, Basque Cybersecurity Centre (BCSC) sortu zen,  zibersegurtasunaren eremuko erreferentzia-erakundea Euskadiko herritar, enpresa eta erakunde publikoentzat. Antolakuntza mailan Enpresaren Garapenerako Euskal Agentziaren barruan kokatzen da BCSC, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko erakundea den SPRI Taldeak (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak) bultzatu du.

Zibersegurtasunaren sektorearen azterketa bat da Euskadiko Zibersegurtasunaren Liburu Zuria. Eduki horretan sartzen dira zibersegurtasunaren zerbitzuak eta konponbideak eskaintzen dituzten eragileak, hala nola enpresak, teknologia-zentroak, unibertsitateak, lanbide-heziketako zentroak, erakunde publikoak, klusterrak, elkarteak, azeleratzaileak eta enpresa-inkubagailuak. Horiek guztiek beren lankidetza eta laguntza eskaini dute azterketan sartutako datuak balidatzeko. Azterketa egiteko metodologia, industria-testuingurua eta Euskadiko zibersegurtasun-ekosistema azaltzen ditu lan horrek, eta terminoen glosario bat barnean hartzen du, besteak beste.

Azterketaren ondorioek gorantz doan sektore bat erakusten dute, ikuspegi eta erronka handiak dituena. Aipatzen diren gogoeta eta jarduketa-lerro batzuk hauek dira:

  • Eusko Jaurlaritza jakitun da arrisku zibernetikoen garrantziaz, eta horregatik liderra da zibersegurtasuna industrian aplikatzen eta herritarrak kontzientziatzen haien bizitza digitala babesten laguntzeko.
  • Zibersegurtasuna negozio- eta enplegagarritasun-aukera handia da; beraz, funtsezkoa da zerbitzuen kalitatea bermatzea, intrusismoa saihestea, Lanbide Heziketa duala sustatzea eta, oro har, berrikuntza bultzatzea sektoreko etorkizuneko profesionalak prestatzeko orduan.
  • Segurtasun-estrategia egoki bat segurtasun-estrategia integral bat da, publiko guztientzat eta prebentzio-kulturan zentratua, zibererasoetan interesa duten alderdi guztiak (erakunde pribatu eta publikoak, talde terroristak, krimen antolatua edo hacktibistak) kontuan hartzen dituena.
  • Estatu Batuen edo Israelen mendekotasun teknologikoari aurre egiteko, Europak gai izan behar du teknologia propioa garatzeko, ikerketa bultzatzeko eta startup teknologiko eskalagarrien sorrera sustatzeko. Horretarako, beharrezkoa da potentzial handia duten Europako zibersegurtasun-ekosistemen garapena eta espezializazioa babestea, eta horien artean Euskadi da aukerarik sendoenetako bat.
  • Basque Cybersecurity Centre sustatzaile naturala duen zibersegurtasun espezializatuaren polo teknologiko bat sortzea epe ertaineko erronka handienetako bat da, fabrikazio aurreratuko industriarekin (Basque Industry 4.0) lerrokatutako estrategiaren barruan.

BCSC Liburu Zuria