Skip to main content

COVID-19arekin eta txertaketarekin lotutako iruzurra

Deskribapena

2019. urtearen amaieratik, mundu osoaren errealitatea aldatu egin da koronabirusaren pandemiaren eraginez. Nazioarteko gobernuek egoera soziosanitario berrira egokitu behar izan dute, kutsatzeak ekiditeko neurriak hartuz eta txertaketa planak azkartuz, gizarte gehienaren immunizazioa ahalik eta lasterren lortzeko.

Hiritarrak eta enpresak lekuko, txertaketa-ziurtagiriak, antigeno-probak edo PCRak ezinbesteko bihurtu dira bidaiatzeko, ekitaldi jakin batzuetan parte hartzeko edo jatetxeetara sartzeko.

Zibergaizkileen oportunismoa ezagututa, dokumentu horien beharraz jabeturik, hainbat iruzur mota abiatu dituzte: ziurtagiri faltsuen salmenta, txerto faltsuen salmenta, pandemiarekin lotutako gaiei buruzko artxibo erantsiak dituzten mezuen bidalketa, etab.

1. COVID-19aren aurkako txertoen edo sendagaien salmentaren iruzurra

Munduko Osasun Erakundeak eta herrialdeetako gobernuek COVID-19a sendatzen eta prebenitzen laguntzen duten sendagaiak ezagutzera eman badituzte ere, koronabirusaren pandemiaren inguruko desinformazioak nahasmena eragin du gizartearen sektore batzuetan, bereziki birusari aurre egiteko iturri ez-ofizialetara jotzen dutenengan.

Hainbat kanal eta komunikabideren bitartez zabaltzen den informazio ez-ofizialaren artean daude COVIDa sendatzeko botikak. Horren ondorioz, underground merkatuan COVID-19a sendatzeko tratamendu edo sendagai faltsuak saltzen hasi dira, kontrolik eta medikuaren errezetarik gabe eros daitezkeenak.

Merkatu horretan eskaintzen diren produktu gehienek ez dituzte gutxieneko eskakizun medikoak betetzen, ezin da bermatu saltzaileak horiek faltsutu ez dituenik, eta ez da frogatu koronabirusaren aurka izan dezaketen eraginkortasuna, beraz, horiek kontsumitzea oso arriskutsua da eta ondorio larriak ekar diezazkioke gure osasunari.

Venta de medicamentos falsos en mercados underground 1/2

Venta de medicamentos falsos en mercados underground 2/2

Sendagai faltsuen salmenta underground merkatuan

Baina underground merkatuan ez dira soilik sendagaiak saltzen. Munduko herrialde batzuetan dagoen txerto urritasuna eta pertsona batzuek txertatzeko duten behar handia direla eta, halako merkatuetan handitu egin da COVID-19aren aurkako txerto faltsuen salmenta.

Venta de vacunas falsas en mercados underground 1/2Venta de vacunas falsas en mercados underground

Txerto faltsuen salmenta underground merkatuan

2. Proba diagnostiko ez-homologatuen salmenta

Gaur egun, Espainian farmazia guztietan eros daitezke antigenoen proba azkarrak, eta anbulategietan eta ospitaleetan PCRak egiten dira, beraz, hiritar guztien eskura daude. Hala ere, beste herrialde batzuetan hiritarrek ez dute aukera hori, eta merkatu beltzera jotzen dute gaixotasuna hauteman dezaketen proba diagnostikoen bila.

Merkatu horietan saltzen diren proba diagnostiko gehienek ez dituzte betetzen halako probetarako beharrezkoak diren ezaugarri teknikoak eta, hortaz, haien emaitzak ez dira batere fidagarriak norbait kutsatuta dagoen erabakitzeko. Horrek, jakina, arrisku handia dakarkie proba egiten duen pertsonari eta haren inguruko jendeari.

3. COVID-19aren inguruko ziurtagiri faltsuen salmenta

Txertaketak aurre egin eta herrialdeek beren mugak ireki ahala, gobernuak zenbait dokumentu eskatzen hasi dira, bidaiariak kutsatuta ez daudela ziurtatzeko.

Azken hilabeteotan, clearnet deritzonean, foroetan eta underground merkatuetan, gora egin du halako iragarki iruzurtien kopuruak. Gaizkileek ziurtagiri faltsuak eskaintzen dituzte, PCR proba negatiboa diagnostikatu izan baliote bezala, baita txertaketa-ziurtagiri faltsuak eta COVID pasaportea ere.

Venta de certificados de vacunación y pasaporte COVID en un foro underground

Txertaketa-ziurtagirien eta COVID pasaporteen salmenta foro underground batean

Baliteke saltzaileetako batzuek iragarkietako ziurtagiri faltsuak egitea, baina iragarki gehienak iruzur hutsa dira. Gaizkileek 60 eta 200 euro bitartean eskatzen dituzte eta, gero, dirua jaso bezain laster, biktimekiko harremana eteten dute eta haiek ezin dute iruzurra salatu, erosleak ere legea urratzen ari direlako dokumentu ofizialak faltsutzen saiatuta.

4. Txertaketarekin lotutako phishing eta malware kanpainak

Pandemiaren hasieratik, legezko enpresek “COVID” edo “txerto” izena duten domeinuak erabili dituzte pandemian zehar beren zerbitzuak eskaintzeko edo une bakoitzean ezarritako segurtasun-neurrien berri emateko.

Dena den, domeinu horietako asko jendea engainatzea helburu duten phishing kanpainak egiteko baliatu dira. Kanpaina batzuetan, zibergaizkileek domeinu eta webgune faltsuak erabili dituzte eta, COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina amu gisa baliatuta, datu pertsonalak bildu dituzte: NANa, gizarte segurantzaren zenbakia, osasun-txartelarena, izen-abizenak, helbide elektronikoa, etab. Gaizkile batek datu pertsonal horiek erabil litzake pertsona horri etorkizunean iruzur egiteko.

Phishing domeinuez gain, pandemiaren hasieratik koronabirusa eta txertaketa-kanpaina izan dira, zalantzarik gabe, zibergaizkileen amu erabilienak beren malwarea zabaltzeko. Iruzurgile askok mundu mailako egoera soziosanitarioa, gaixotasunari buruzko ezagutza falta, babes-neurriei buruzko informazioa edo txertaketa-kanpaina baliatu dituzte malwarea banatzeko.  Kanpaina horietan, malwarea zabaltzeko modu ohikoena artxibo erantsi gaiztoak dituzten mezu elektroniko faltsuen bidezkoa da.  Gaiari dagokion lerroan “COVID-19aren arriskuak”, “ezarritako neurri berriak” edo “COVID txertoa” irakur daiteke, eta mezu batzuek gaizkileek sortutako webgunera bideratutako esteka bat ere bazuten.

Era berean, pandemian zehar mugikorrei zuzendutako kanpainak izan dira: koronabirusarekin lotutako gaiei buruzko aplikazio faltsuak, edo smishing kanpainak, biktimei gaizkileek kontrolatutako domeinu batetik mugikorrean aplikazio jakin bat deskargatzeko eskatzen dietenak, aitzakiatzat koronabirusarekin lotutako edozein arrazoi erabilita. Kasu horietan, banku-malware batek kutsatu ohi ditu gailuak, biktimen datuak eta pasahitzak eskuratzea helburu duena.