Skip to main content

Irudi pertsonal batzuk bidali nizkion internet bidez pertsona bati eta orain horiek argitaratuko dituela esanez mehatxu egin dit

Egunero sortzen dira Interneten dabiltzan irudi edo bideo pertsonalak direla eta kaltetutako pertsonen kasuak. Gehienetan, informazioa beren konfiantzazko eta gertuko lagunei edo ezagunei bidaltzen dieten pertsonak izaten dira (pribatutasuna errespetatu egingo dela uste dutenak). Baina, baliteke mendekua, asmo txarrak edo igorleari estortsioa egiteko asmoz, fitxategi horiek sarean hedatzea edo hori egiteko mehatxu egitea. Edukiak izaera sexuala badu, material hori partekatzeari sextinga deitzen zaio.

Egoera hori hainbat eratara sor daiteke: gure mugikorra lapur diezagukete gure informazio intimo guztiarekin, gure kontuetara baimenik gabe sar daitezke, nortasuna ordez diezagukete eta abar. Edo, bestela, baliteke informazio hori gure borondatez partekatu izana eta hartzaileak modu desleialean jokatzea bideoak eta argazkiak hirugarren batzuekin partekatuta eta hedatuta.

Egoera horren aurrean, kontuan izan behar dugu ingurune digitalean, gure pribatutasuna kontrolatu ahal izateko, beharrezkoa dela arriskuez jabetzea eta jardunbide horren kasuan arrisku horiek handiak direla jakitea. Izan ere, material hori zabaltzeak lagunekin eta senideekin lotutako gertuko zirkuluan ez ezik, arlo profesionalean ere kalte pertsonalak eragin diezazkiguke. Ondorioz, kontuan izan behar dugu informazioa Interneten partekatzen dugun bezain pronto, horren gaineko kontrola galduko dugula eta biral bihur daitekeela. Horrek guztiak jazarpena edo umiliazioa ekar dezake gero berekin.

  • Egin dezakegun onena gure pribatutasuna zaintzea eta eduki mota horiek Internet bidez ez bidaltzea da; izan ere, partekatzen ditugun unean, haien gaineko kontrola galtzen dugu.
  • Eduki intimoa partekatzea erabakiz gero, neurriak hartu: adibidez, saiatu argazki eta bideoetan ez erakusten aurpegia edo gu garela erakuts dezaketen ezaugarri fisikoak (tatuajeak, orinak eta abar). Anonimotasun maila jakin bati eusteak beti izan beharko luke ezin hautsizko araua.
  • Aurreko gomendio horri lotuta, ez atera argazkirik edo grabatu bideorik gu erlazionatzeko erabil dezaketen tokiren batean eta itzali gure gailuetako geolokalizazioa.
  • Ez erabili inoiz WiFi sare publikorik material mota hori partekatzeko.
  • Ez partekatu eduki hori ezezagunekin eta sare sozialetan.
  • Erabili ziurtatuta eta eguneratuta dauden birusen kontrako programak. Gure ekipoek malwarerik ez dutela berrikusi beharko genuke. Bestalde, material intimoa partekatuko diogun pertsona horrek ere gauza bera egitea komeni da.
  • Baimenik gabe hirugarren pertsona baten eduki pribatuko bideoa jasotzen badugu, ezabatu egin behar da. Material hori birbidaltzea delitua izan daiteke.

  • Ez egin kasu jasotzen ditugun eta gure material intimoa hedatzeko mehatxu egiten diguten e-mailei, testu-mezuei eta mezuei. Blokea itzazu.
  • Gorde ahalik eta froga gehien.
  • Adingabea bazara, eman heldu bati (gurasoak edo irakasleak) horren berri lagun diezagun.
  • Salatu gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean.