Skip to main content

Iruzur egin didate: internet bidez erosketa bat egin nuen eta ez dut artikulua jaso

Azken urteotan, onlineko merkataritzak gora egin du pixkanaka eta gero eta interkonektatuago eta ingurune digitalean eragiketak egiten gero eta ohituago dagoen gizartean ohiko jarduera bihurtu da. Ziberkriminalek ondo dakite hori guztia haientzako aukera bihur daitekeela eta erabiltzaileei iruzur egiteko estrategiak diseinatzen dituzte. Hala, lortutako informazioaren arabera, zuzenekoa edo zeharkakoa izan daitekeen onura ekonomikoa lortzen dute.

Ziberkriminalek hainbat aitzakia erabiltzen dute iruzur mota horietarako. Honako hauek dira ohikoenak:

Arropa-marka ofizialen antzeko webguneak argitaratzen dituzte haien irudia ordeztuta. Horietan, artikuluak beherapen handiekin iragartzen dituzte sartu diren pertsonen interesa erakarri eta, hala, erosketaren bat egitea lortzeko. Kasu gehienetan, ez dute produkturik izaten edo ez dira orrialdean iragarritako horiekin bat etortzen. Hori beharrean, kalitate txarreko faltsifikazioak izaten dira.

Beste batzuetan, aldiz, artikuluak (askotan bigarren eskukoak) salerosteko edo alokairuetako orrialde ezagunak erabiltzen dituzte jendea erakartzeko iragarkiak zintzilikatzeko. Horien helburua ere erabiltzaileen arreta erakartzea izaten da.

Kontuan izan behar dugu zerbait egia izateko onegia bada, seguru asko, erabat ondo ez dagoen zerbait egongo dela atzean.

  • Onlineko saltoki bateko webgunean sartzean, garrantzitsua izaten da helbide-barran giltzarrapo bat datorren begiratzea. Gainera, helbidea http:// hasi beharrean, https:// hasten den aztertzea komeni da. Eskakizun horiek betetzen ez dituen webgune batean transakzioren bat egiten badugu, sartzen ditugun datu guztiak edonork ikusteko moduan egongo dira.
  • Jarri arreta dendaren webgunearen diseinuan: ortografia-akatsak, gaizki itzulitako testuak, kalitate txarreko produktuen argazkiak, produktuen deskribapenak gurea ez den beste hizkuntza batean eta elkarren artean kopiatutakoak, pribatutasun-politikarik ez izatea, enpresaren inguruko informaziorik ez izatea, harremanetan jartzeko modurik ez eskaintzea eta abar. Datu horiek ikusten baditugu, onlineko saltoki hori iruzurrezkoa izan daitekeela susmatu beharko genuke.
  • Iruzurrezko dendetan ordaintzeko moduak ez dira bezeroaren beharren araberakoak izaten. Ordaintzeko modu posible guztiak eskaini arren (erraztasun guztiekin), erosketa ordaintzeko garaian, funtzionatuko duen modu bakarra kreditu-txartelera zordundutakoa izango da. PayPal bidezko erosketak, adibidez, ez du funtzionatuko.
  • Adi prezioei. Erosi behar dugun produktuaren prezioa haren ohiko prezioarekiko oso beheratuta badago, ez genuke fidatu beharko.
  • Onlineko saltoki horretako webguneak legezko informazioa, helbidea, helbide fiskala, IFK eta abarrak jasotzen dituen atala izan beharko du. Atal hori ez badu, utzi erosketa bertan behera.
  • Bilatu Interneten denda horri buruzko informazioa eta aztertu beste bezero batzuek emandako iritziak. Gehienetan, onlineko saltoki batean iruzurra jasan dutenek sarean iruzkinak uzten dituzte, iruzurra eragin dieten webgune horretatik kanpo, iruzurraren inguruan ohartarazteko.
  • Hobeto kontrolatu ahal izateko, onlineko erosketak beti txartel berberarekin egin ditzakegu, gure zordunketen artean zordunketa arraroren bat dagoen begirada bakarrean ikusi ahal izateko.
  • Bankuek txartel birtualak eskaintzen dituzte onlineko erosketetarako. Kreditu-txartel fisiko batek bezalaxe funtzionatzen dute, baina behar ditugun erosketak egiteko justuko diruarekin birkarga ditzakegu.

  • Eman gure banketxeari horren berri saltoki horretatik gure kontuetara egin ditzaketen zordunketak blokea ditzan. Eta transferentzia bat baliogabetzeko dagoen epe barruan jabetu bagara, ezeztatu.
  • Bildu ebidentzia posible guztiak.
  • Salatu gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean.