Skip to main content

Microsofteko teknikari batek egindako dei susmagarri bat jaso dut. Iruzurra izango al da?

Iruzur hori gure ordenagailuko gakoak eta datuak lapurtzeko asmoz egiten duten iruzurrezko dei baten bidez egiten da. Gaizkileek ingeniaritza sozialeko teknikak erabiltzen dituzte eta, gida telefoniko publikoen eta markatze automatikoko ekipoen bidez, etxeetara deitzen dute. Hori jakinda, ez ginateke harritu beharko era horretako dei bat jasotzean gaizkileek gure izena edo beste informazio pertsonalen bat ezagutzen badute.

Iruzurgileak, Microsofteko edo beste edozein hornikuntza-enpresatako ustezko teknikari gisa bere burua identifikatuta, edozein aitzakia asmatuko du: gure ordenagailua programa gaizto batek infektatu duela, gure ordenagailutik Microsofteko zerbitzarietara malwarea bidaltzen ari garela edo gure routerra hackeatu egin dutela adibidez. Jarraian, lagun gaitzan gure ordenagailua kontrolatzea ahalbidetuko dion urruneko sarbideko programa bat nola instalatu behar dugun azalduko digu. Horren helburua gure ekipoaren kontrola hartzea eta gure banku-datuetara, kreditu-txarteletara eta abarretara sartzea eta, kontrola itzultzearen truke, dirua eskatzea izaten da.

Deia jasotakoan, iruzurgileak komando batzuk exekutatzeko eskatuko digu (ez da sekula halakorik egin behar). Bere hitzetan, horien bidez, ordenagailuan gertatu diren errore batzuk ikusiko ditugu. Errore horiek gure ordenagailua birus batek edo gehiagok infektatu dutelako azaltzen direla sinestaraziko digu.

Ondoren, gure sistema urrunetik kontrolatuko duen aplikazio bat instalatzeko urratsak emango dizkigu eta, hauxe izaten da unerik arriskutsuena; izan ere, hori egindakoan, gure ordenagailuko erabiltzaile-kodea eta pasahitza eskatuko dizkigu. Datu horiek ematen badizkiogu, gure informazio guztira (argazkiak, bideoak, dokumentuak) sarbidea izango du.

Arazoa konpondu izanaren itxurak egin ondoren, iruzurgileak zerbitzua ordaintzeko eskatuko digu. Ordaindu ahal izateko, biktimak bere banku-erakundera konektatu beharko du transferentzia egiteko. Baina gogoan izan dezagun: iruzurgilea gure ekipoa kontrolatzen ari da eta, ondorioz, eragiketa hori egiten hasten garenean, hark ordaindu beharreko zenbateko hori handitu ahal izango du banku-erakundeak ezarrita duen mugara arte.

  • Zerbitzu tekniko bat ez da gurekin harremanetan jartzen guk aurretik gorabeheraren bat jakinarazteko prozesua hasi ez badugu behintzat.
  • Microsoftetik ere argitu dute haien zerbitzu teknikoa sekula ez dela erabiltzaile batekin harremanetan jarriko haren ekimenez. Ez ginateke fidatu beharko zerbitzu tekniko batetik jasotako deiarekin aldez aurretik guk halako deirik egin ez badugu.
  • Microsoftek ohartarazi duen moduan, bere produktuek eman ditzaketen errore-mezuek sekula ez dituzte telefono-zenbakiak jasotzen. Nabigatzailean gure ekipoa infektatuta dagoela azaltzen duen mezua eta alboan telefono-zenbaki bat ikusten baditugu, ez deitu.
  • Microsofteko euskarri teknikoko sailak inoiz ez du euskarria lortu ahal izateko ordainketarik eskatuko opari-txartelen edo bitcoins-en bidez.
  • Inoiz ez genituzke gure banku-datuak edo pasahitzak partekatu beharko edo arrotz baten argibideei jarraitu.
  • Ez sartu esteka susmagarrietan edo igorle arrotzek bidalitakoetan. Besterik gabe, blokeatu eta ezabatu.
  • Softwareren bat deskargatu behar izanez gero, beti egin behar da enpresa bakoitzaren webgune ofizialetatik; sekula ez arrotz batek adierazitako webgunetik.

  • Era horretako deiren bat jasotzen badugu, geure burua babesteko modurik onena esekitzea, gurekin harremanetan jartzeko erabili duten telefono-zenbakia blokeatzea eta agintariei horren berri ematea da. Gertakariak salatuta, iruzur egiten saiatzeko erabili duten telefono-zenbakia emanda eta iruzur mota zein izan den azalduta, berriro gu molestatzea eta beste norbaiti iruzur egiten saiatzea ekidingo dugu.
  • Azkenean, gure ordenagailurako sarbidea eman badiogu, zibergaizkileek instalatu dizkiguten aplikazioak desinstalatu beharko ditugu. Beste aukera bat da gailua berrezartzen saiatzea (kontsultatu gure bertsioaren arabera Windowsek erabilgarri dituen berreskurapen-aukerak).
  • Aldatu pasahitzak.
  • Erabili birusen kontrako softwarea eta egin gure ekipoaren segurtasuneko azterketa osoa instalatuta egon daitezkeen programa gaiztoak ezabatzeko.
  • Eskuragarri jartzen dituztenean, instalatu gure ekipoan ditugun aplikazioen eta sistema eragilearen segurtasuneko eguneraketak (Windowsen segurtasunera sartzeko, idatzi atazen barrako bilaketako koadroan “Windowsen segurtasuna”).
  • Ordaindu badugu, deitu gure banketxera ordainketak atzera botatzen saiatzeko.
  • Salatu gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean.