Skip to main content

Nire e-mailerako sarbidea dutela eta, berreskuratu ahal izateko, ordaindu egin beharko dudala dioen mezua iritsi zait

Gaur egun, ohikoak dira iruzur mota horiek. Hauxe egiten dute iruzurgileek: erakunderen bateko segurtasuna arriskuan jarri eta bezeroen informazioa biltzen eta erauzten dute. Gero, salgai jartzen dute ahalik eta jende gehiegi iruzur egin ahal izateko ingeniaritza sozialeko beste eraso batzuetarako erabil dezaten (phishingeko kanpainak, adibidez).

E-mail horiek era askotakoak izaten dira; ohikoena estortsio-kasuena izaten da eta, horietan, gure ekipoaren kamerara sartu eta helduentzako edukia ikusten edo izaera intimoko jardueraren bat egiten filmatu gaituztela eta, zenbateko jakin bat ordaintzen ez badugu, bideoak eta argazkiak gure kontaktu-sarearen artean banatuko dituztela esaten digute. Beste kasu bat izaten da gure postara sartu direla eta, handik, gure ekipoa monitorizatu dutela, pantailaren argazkia egin dutela, idatzi dugun guztiaren berri dutela, gure bankuko kredentzialak, datu pertsonalak eta abarrak ezagutzen dituztela esatea. Gainera, mezuari egiazkotasuna eta sinesgarritasuna emateko, gure pasahitza gehitzen dute (informazio-ihes bateko datuetara sartu direlako lortu dutena, eta ez gure sistemen segurtasuna arriskuan jarri dutelako).

Ordainketa kriptomoneta batean egiteko eskatzen dute (gehienetan, bitcoin-ekin). Izan ere, diru horri esker, iruzurgileek anonimotasuna manten dezakete zaila delako haien jarraipena egitea eta horrek nabarmen zailtzen duelako segurtasun-indar eta -kidegoen ikerketa-prozesua.

  • Beti egiaztatu mezuaren igorlea zein den. Egin klik botoiaren bigarren mailako botoian e-mailaren propietateak ireki eta posta-helbidea lagunen, senideen edo lankideen ofiziala den egiaztatzeko.
  • E-mailak estekak eta eranskinak baditu, ez sartu horietan eta ez deskargatu fitxategiak.
  • Sartu era horretako mezuak gure posta-erretiluko spam karpetan eta jakinarazi phishinga direla.
  • Ez egin kasurik eta ez erantzun. Iruzur mota horiek behin eta berriro errepikatzen dira, helburu horrekin diseinatutako kanpainak direlako.
  • Aktibatu bi urratseko egiaztapena hori ahalbidetzen duten posta-hornitzaileetan. Babeserako tresna ona da; izan ere, delitugile batek gure kredentzialetara sarbidea izango balu, gure kontura sartu ahal izateko beste babes maila bat ere gainditu beharko luke.
  • Aldatu gure kontuko pasahitza. Sendoa izatea komeni da (15 karaktere edo gehiago, maiuskulak, minuskulak, zenbakiak eta karaktere bereziak), eta erabiltzen dugun plataforma, kontu edo aplikazio bakoitzerako ezberdina erabiltzea.

  • Ez ordaindu inoiz. Ordaintzen dugun bakoitzean, era horretako delituak berriro gertatzea sustatzen dugu. Iruzurgileen jokoan sartzeak iruzur-saiakerak errepikatzera eta gero eta diru gehiago eskatzera eramango gaitu.
  • Idatzi eta bildu ahalik eta froga gehien (mezuak, irudiak eta abar) gero salaketan atxiki ahal izateko.
  • Salatu gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean.