Skip to main content

Nireak ez diren zordunketak ikusi ditut nire banku-kontuan. Zer egin dezaket?

Guztiok jasan dezakegun egoera deserosoa izaten da gure banketxeko aplikazioan edo bankuko kontuaren egoeran aitortu gabeko zordunketa topatzea. Hasiera batean, akatsa izan daitekeen, egin dugula ahaztu zaigun ordainketa den (zerbitzu jakin batzuen berritze automatikoak: Netflix, Amazon Prime, Playstation Plus, Xbox live/Gamepass eta abar) edo iruzurren bat (gure txartela klonatuta, gure bankuko datuak lapurtuta edo nortasuna ordeztuta, adibidez) izan den aztertu beharko dugu.

Gaizkileek erabiltzen duten sistema ohikoenetako bat da banketxeak ordezten dituzten mezuak bidaltzea (phishing-a deitzen zaio horri). Horien bidez, mezu elektronikoak bidaltzen dituzte legezko erakunderen bat ordeztuz erabiltzaileen inguruko informazioa lortu ahal izateko. Beste modu bat da smishing-a. Horren bidez, testu-mezuak bidaltzen dituzte modu masiboan edozein aitzakia erabilita. Mezuetan esteka batzuk gehitzen dituzte, erabiltzaileak haietan sartu eta isilpeko informazioa eman dezaten. Ohiko beste jardunbide bat izaten da vishing-a. Horren bidez, telefono-deia egiten dute gure banketxetik deika ari direla eta datu batzuk egiaztatu beharra dutela esanez.

Horrez gain, kontuan izan behar da gaur egun, erosketek eta onlineko merkataritzak izan duen igoera dela eta, etengabe sortzen direla iruzurrezko orrialdeak eta haien helburu bakarra gure datuak jasotzea dela gero haiekin trafikatu ahal izateko.

Biktima iruzur horretan erortzen bada, bere bankuko datuak emango ditu eta, ondoren, gaizkileak onura ekonomikoa lortu ahal izango du haiek zuzenean ustiatuta edo hirugarren batzuei salduta.

  • Oso gomendagarria da gure banku-kontua egunero kontrolatzea. Gaur egun erraza da hori egitea banketxeek erabilgarri dituzten aplikazioekin.
  • Garrantzitsua da egiten ditugun gastuak aztertzea. Erosketak egitera establezimenduetara ohikotasunez joaten bagara, bilatu ordainagirian datuak eta erosketaren xehetasunak (erosketa egin genuen eguna, ordua eta saltokia), hala zordunketa ezezagunak kontrolatu ahal izateko.
  • Gorde erosketen ordainagiriak eta alderatu bankuko kontuko laburpenekin.
  • Onlineko erosketa egitean, egiaztatu ordainketa CVV segurtasun-kodearekin egin dugula eta/edo bi urratsetan egindako erosketa egiaztatzeko prozesua duela.
  • Ez gorde gure kreditu-txarteleko datuak onlineko merkataritzako webguneetako gure profilean. Erosketa bat egiten dugun bakoitzean datuak sartu behar izatea neketsua izan daitekeen arren, seguruagoa da.
  • Egiaztatu erosketa egin behar dugun webgune horrek SSL ziurtagiria duela.
  • Ahal bada, erabili honako hauen moduko ordainketa-pasabideak: ApplePay, Paypal, Samsung Wallet, eta abar.
  • Ez ezagutarazi inori gure txarteleko datuak edo gakoak gure mugikorretara bidalitako testu-mezuen bidez edo telefono-deien edo e-mailen bidez.

  • Aurreko egiaztapen guztiak egindakoan, ziur bagaude zordunketa jakin bat gurea ez dela, gure banketxearen aurrean erreklamazio-prozesua hasi beharko dugu.
  • Banketxeek, bulegoez gain, era horretako erreklamazioak egiteko 24 orduko zerbitzuak dituzte bezeroen esku.
  • Salatu gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean.