Skip to main content

Whatsappeko kontua lapurtu didate. Nola berreskura dezaket?

Burura etor dakigun lehen gauza honako hau da... Zertarako nahiko luke norbaitek WhatsAppeko gure kontua lapurtu? Arrazoi ohikoenak honako hauek izaten dira: elkarrizketa pertsonalak espiatzea, programa gaiztoak banatzea edo norbaiten nortasuna ordeztea hirugarren batzuekin harremanetan jartzeko, adibidez (horiek izan daitezke kontua lapurtzeko benetako helburuak).

Terminala lapurtuz egiteaz gain, WhatsAppeko kontua lapurtzeko beste modu batzuk ere badaude. Mugikorreko sim txartela bikoiztu daiteke («sim swapping» deitzen zaio), edo ingeniaritza sozialeko teknikak aplikatu eta biktimengandik kontua aktibatzeko sei digituko kodea lortzen saiatu.

Erabiltzaile bati alta emateko aplikazioaren funtzionamendua honako hau da: Aplikaziora sartzen garen lehen aldia, telefono-zenbakia sartu behar dugu. Ondoren, testu-mezu baten bidez aktibatzeko kodea jasoko dugu. Ezin da kontua aktibatu kode hori gabe. Kode hori ez dugu inorekin partekatu behar, horixe izaten baita iruzurgileen helburua.

Eta zer modu dute iruzurgileek hori lortzen saiatzeko? Asko dira aukerak. Aplikazioa ez dagoela eguneratuta eta, erabiltzen jarraitu ahal izateko, erabiltzen ari garela egiaztatzea beharrezkoa dela dioen mezua jaso dezakegu. Mezua ondo diseinatuta egoten da eta aplikazioko zerbitzu teknikotik iritsitakoa dela dirudi. Bestela, zuzenean, kriminalek WhatsAppeko kontua hackeatu egin dutela dioen mezua bidal dezakete, hartzailea beldurtzeko. Horren helburua aktibazio-kodea lortzea izaten da eta, horretarako, gure telefono-zenbakiarekin beste gailu batean saioa abiarazten dute. Ondoren, aplikazioa gure kontuarekin erabili eta ustezko arazo horiek konpontzen saiatzeko aktibazio-kodea bidaltzeko eskatuko digute. Hori eginez gero, gure kontua beste gailu horretan aktibatu ahal izango dute, eta gure mugikorrean desaktibatuta geratuko da. Iruzurgileak lortu du bere helburua: kontua lapurtu digu eta gure elkarrizketa guztiak irakurri, eta partekatutako fitxategi eta argazki guztiak ikusi ahal izango ditu.

  • Ireki aplikazioa eta joan kontuaren konfiguraziora. Handik, joan aukera honetara: WhatsApp Web/Escritorio. Hautatu aukera hori eta, sartutakoan, gailuaren egoeraren laster-marka bat ikusiko dugu. Behean, webgune batera joateko esteka bat, nabigatzailearen izena edo telefonoarena ikusiko dugu. Horrek esan nahi du kontua dagoeneko beste gailu batean erabiltzen ari direla. Ez badugu horren inguruko berririk eta gu ez garela izan baldin badakigu, seguru asko, gure kontua hackeatu egin dutelako izango da. Atal bakoitza aukeratu, sartu eta zer informazio duen ikusi ahal izango dugu, baina baita itxi ere. Pixkanaka-pixkanaka, aplikazioa mantentzeko lanen barruan, mekanika hau egiten ohitu beharko dugu.
  • Aktibatu plataformak eskaintzen duen bi urratseko autentifikazioa. Hala, norbait gure kontuarekin aplikazioan sartzen den bakoitzean, erabili ahal izateko sartzeko bigarren kodea beharko du.
  • PIN bat edo gure mugikorra desblokeatzeko eredu biometriko bat, hatz-marka edo aurpegi bidezko ezagutzea jarri ahal izango dugu.
  • Kontrolatu gure mugikorra eta nork duen mugikorrerako sarbidea.
  • Inoiz ez partekatu kontuaren egiaztatze-kodea edo bi urratseko autentifikazio-kodea inorekin.

  • Jakinarazi gure kontaktuei ez garela gu gure kontua kontrolatzen ari garenak eta norbaitek gure nortasuna ordeztu duela.
  • Jarri harremanetan WhatsAppeko euskarri teknikoarekin e-mail honen bidez, eta eskatu gure kontua desaktibatzeko: support@whatsapp.com.
  • Gure txartela bikoiztu badute edo mugikorra lapurtu badigute, gure telefonia-operadorearekin harremanetan jarri eta sim txartelaren bikoizketa baliogabetzeko edo, lapurreta izan bada, zuzenean sim txartela baliogabetzeko eskatu beharko diegu. Aukera hori baliogabetuta dagoela ziurtatu ondoren, berriro erregistratuko gara WhatsAppen.
  • Salatu gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean.