Pasahitzak aski sendoak izan daitezen 8 karaktere alfanumeriko eta karaktere berezi izan behar dituzte gutxienez. Gainera ez da ahaztu behar aldiro aldatu behar direla, eta ezinbestekoa dela pasahitz zehatza eta ezberdina izatea zerbitzu bakoitzerako.
Gaur egun pasahitz seguruen hainbat sortzaile automatiko daude, lana errazten digutenak, esate baterako LastPass eta Dashlane. Pasahitzak administratu eta modu seguruan gorde ez ezik, pasahitz konplexuak sortu ere egiten dituzte eduki behar dituzten baldintzak adieraziz.
Gomendio horiek guztiak betetzen laguntzeko, kudeatze eta gogoratze lana eskatzen dutenak, pasahitzen kudeatzaileak oso baliagarriak izango zaizkizu zure pasahitzen administrazio segururako.
Pasahitzen kudeatzaileak gure sarbide kredentzial guztiak (erabiltzaileak, pasahitzak, aplikazioak eta bakoitzari dagokion webgunea, eta abar) kudeatzeko balio duten aplikazioak dira, zifratutako datu base batean pasahitz guztiak gordez orotariko pasahitz batekin. Era honetara soilik gogoratu behar dugu orotariko pasahitz bakar hori, eta horrela modu seguruan sartuko gara gainerako kredentzialetara.
Eta gainera, pasahitzen kudeatzaile mota batzuk gakoak sortzeko tresna ere izaten dute, pasahitz sendoak sortzeko eta zuzenean kudeatzailean gordetzeko, horiek buruz ikasi behar izan gabe. Hori, noski, mesede handikoa da pasahitz kopuru handia kudeatzen dugunean.
Funtzionaltasun hori duten pasahitz kudeatzaileak honakoak dira: KeePass, LastPass, Dashlane, Keeper, eta abar. Pasahitzen kudeatzaile mota hauek ahalbidetzen dute, pasahitz bakar bat soilik gogoratuta (aplikaziora sartzeko orotariko pasahitza deitzen duguna), pasahitz guztiak modu seguruan gordetzea eta kudeatzea, eta horrela ez ditugu ahaztuko. Hori bai, garrantzitsua da orotariko pasahitza bereziki sendoa izatea eta hori buruz ikastea, horixe baita gordeta dauzkagun gainerako kredentzialetarako sarbidea. Orotariko gako hori gogoratzeko aholku ona da arau nemoteknikoak erabiltzea hura erraz ikasteko:
Arau nemoteknikoen adibidea
- Esaldi bat hautatu: «zauria sendatzea baino ez egitea hobe»
- Maiuskulak erabiliko ditugu: «Zauria sendatzea Baino ez Egitea hobe»
- Zerbitzua sartuko dugu: «Zauria sendatzea Baino ez Egitea hobe Kudeatzailea»
- Zenbakiak gehituko ditugu: «Zauria sendatzea Baino ez Egitea hobe Kudeatzailea 2021»
- Karaktere bereziak gehituko ditugu: «Zauria sendatzea Baino ez Egitea hobe Kudeatzailea 2021#»
- Trinkotu egingo dugu, hitz bakoitzaren lehen letra erabiliz esate baterako: ZsBeEhK2021#
Lehen aipatutako kudeatzaileek eta beste askok konexio zifratuak bermatzen dituzte, eta segurtasun kontrol ezberdinak ezartzen dituzte. Horrela eragozten dute zibergaizkileek zerbitzarietara sarbidea lortzea eta informazioa eskuratzea.