Programa informatiko bat da, eta bere kopiak eginez zabal daiteke. Gripearen birus biologikoaren antzera, birus informatiko batek erreplikatzeko eta ostalari batetik bestera zabaltzeko gaitasuna du.
Normalean, birus informatikoak erabiltzaileak jakin eta nahi gabe zabaltzen dira, eta askotariko ondorio kaltegarriak dituzte: mezu gogaikarriak erakustea, datuak lapurtzea, beste erabiltzaile batzuei ematea infektatutako gailuaren kontrola... Hainbat modutan sar daitezke gailuetan eta sistemetan; ezin ditugu denak saihestu, baina neurriak har ditzakegu infekzioa saihesteko. Birusen kontrako programak eta antimalwarea dira beste defentsa-zutabe handia; instalatuta, aktibatuta eta eguneratuta eduki behar dira gailu guztietan (bai, mugikorrean ere bai). Gizarte-ingeniaritzako erasoak birusen sarrerako beste ate garrantzitsu bat dira.
Birus informatiko baten erasoaren ohiko sintomak hauek izan daitezke:
- Laster-leihoak oso maiz agertzea, ohikoak ez diren webguneak bisitatzera bultzatzen dutenak edo antibirusen bat edo bestelako softwareren bat deskargatzea eskatzen dutenak.
- Aldaketak hasierako orrian: ohiko hasierako orria aldatzen da eta beste webgune bat agertzen da; jatorrizkoa ezin da berrezarri.
- Mezu elektronikoen bidalketa masiboa gure kontutik guk jakin gabe: zibergaizkileak kontu baten kontrola har dezake, eta mezu elektronikoak bidal ditzake beste pertsona baten izenean ordenagailu infektatu batetik.
- Gailua edo sistema maiz erortzea birusak disko gogorra edo hardwareko beste elementu batzuk kaltetu dituelako, gailua berriz piztu ezin izatea ere eraginez.
- Gailua oso motel ibiltzea, bat-batean eta oro har abiadura murriztea.
- Programa ezezagunak ekipoan instalatzea edo piztean abiaraztea.
- Ezohiko ekintzak, hala nola sisteman sartzea eragozten duten pasahitz-aldaketak.
Birus modernoen historia “Elk Cloner” izeneko programa batekin hasi zen: 1982an hasi zen Apple II sistemak infektatzen. Birusa diskete bidez barreiatzen zen; kaltegabea zen, baina sistema bati konektatutako disko guztietara zabaltzen zen. Oso azkar zabaldu zen, eta segurtasun informatikoaren arloko aditu gehienek uste dute hura izan zela historiako eskala handiko birus informatikoen lehen agerraldia.
Lehenengo birusak –Elk Cloner bezalakoak– beren sortzaileen txantxa gisa diseinatu ziren gehienbat, nabarmentzeko eta harrotzeko. 1990etik aurrera, bihurrikeria hauek eboluzionatzen joan ziren, oso kaltegarriak bihurtu arte. Garai hartan, PCen erabiltzaileek datuak suntsitzeko, sistemaren baliabideak moteltzeko eta teklatuaren pultsazioak erregistratzeko (keylogger) diseinatutako birusen erasoen olatua jasan zuten. Halako erasoei aurre egiteko beharrak birusen kontrako lehen programak sortzea eragin zuen.
Birusak ez dira iraganeko gauza. Aurrerapen teknologiko asko egon dira halakoen aurka babesteko, baina oraindik ere birusek software gaiztoa izaten jarraitzen dute, eta horrek eragin larria du erabiltzaileengan, gailuetan eta sistemetan.