Skip to main content

Dark web

Interneten ezkutuan dauden tokien multzoa da. Konexioa anonimoa izateko web-nabigatzaile espezifiko baten bitartez soilik hel daiteke horra.

Dark webean dauden eduki askoren helburua ezezaguna edo legearen aurkakoa da. Bertan dago merkatu beltza (black market), eta gauza ilegalak saltzen dira, hala nola armak, drogak, lapurtutako datu pertsonalak, etab.

Dark weba deep webaren zati txikia da (% 0,01), eta bertan toki gehienak legezkoak dira. Deep weba da bilaketa-tresnek, esaterako Googlek, indexatzen ez duten eduki guztia. Deep web bateko legezko webgune baten adibidea bankuetako kontutarako sarbidea da, edo osasun-edukia duena. Ez daude indexatuta segurtasun-arrazoiengatik. Sarri, deep webera sartzen gara babestutako orrialde horietan.

Alabaina, ezin da ezustean dark webera sartu. Borondatez soilik sar daiteke bertara eta tresna eta sare anonimoak erabili behar dira, esaterako, TOR, erabiltzaileari anonimotasuna emateko. Tresna horiek darknet izena dute eta horietatik nabigatzeko beharrezkoa da heldu nahi den ezkutuko zerbitzuen helbideak jakitea.

Dark webean ohikoa da onion luzapena duten domeinuak erabiltzea. Horrek TORetik irisgarria den IP helbide anonimoa dela adierazten du, nabigatzen ari den pertsonaren anonimotasuna babesteko. Horrela, hainbat nodoren arteko konexioa zifratuta mantentzen da.

  • Lehenengo nodo zerbitzaria da erabiltzailea TOR sarearekin konektatzen duena.
  • Bigarrenak soilik badaki datuak lehenengo zerbitzaritik datozela eta hirugarrengoari bidaltzen dizkio.
  • Hirugarren zerbitzari nodoak datuak bigarren zerbitzaritik datozela daki, baina ez daki lehenengo zerbitzaria zein den ezta datuen jatorria ere. Eta horrela hurrenez hurren.

Dark webean dagoen guztia legearen aurkakoa ez izan arren, eduki gehienak hala dira. Aurki ditzakegun gauzen artean dago The Hidden Wiki: saretik .onion atariak bilatzeko gida moduko bat.

Halaber, dark webean aurki daitezke finantza-zerbitzuen webguneak (bitcoinen zuriketa, lapurtutako paypal kontuak, txanpon faltsuak, kreditu-txartelen bikoizketak...), legez kontrako zerbitzu komertzialak (merkatu beltza, armen eta drogen salmenta, dokumentazio faltsua), posta elektronikoaren zerbitzuak, aktibismo politikoa, estatu-sekretuak, etab.      Ziberergaizkileentzako lan-poltsa gisa funtzionatzen duten webguneak ere badaude eta baita iruzurgileen orrialde faltsuak ere.

Dark webera sartzea ez da delitua Espainian (beste herrialde batzuetan bai). Nolanahi ere, gomendagarria da sartzeko zibersegurtasuneko ezagutzak izatea, arriskuak hauteman ahal izateko. Sarri produktu edo zerbitzu faltsuak edo arriskutsuak saltzen dira, eta ezin da erreklamaziorik egin dark webean ez baitaude eskubide horiek. Gainera, baliteke eduki zirraragarriak eta desatseginak ikustea, indarkeriarekin, drogekin, armekin, organoen salmentarekin, pertsonen salerosketarekin, eduki arrazista edo xenofoboekin eta haurren pornografiarekin zerikusia dutenak.