Skip to main content

Deepfake edo ultrafaltsua

Ingeleseko akronimoa da eta deep learning (ikasketa sakona) eta fake (faltsifikazioa) kontzeptuak uztartzen ditu. Deep learning edo ikasketa sakona ikasketa automatiko mota bat da eta adimen artifizialeko (AA) sistema eta gailuak trebatzen ditu giza garunaren modura funtzionatzeko eta neurona-sareek ikasten duten modura ikasteko.

Deepfakea fikziozko bideo, audio edo irudia da, iturri askotatik datorren informazioaren osaketaren bitartez sortzen dena. Adimen artifizialeko programa aurreratuek sortzen duten edukia da eta erreferentziazko sekuentziak aztertzen dituzte simulazio errealistak sortzeko. Arau orokor gisa, hori sortzeko ordenagailuak subjektuaren mugimendu eta aurpegiko portaeren hautaketahandia aztertzen du eta AA irudi berrien gainean kopiatzen saiatzen da.

Deepfake edukietan, adimen artifiziala faltsifikazio baten zerbitzura jartzen da, eta pertsona baten aurpegia edo ahotsa, gehienetan pertsona publiko edo ospetsu batena, manipulatuta duten bideoak edo irudiak sortzen dira, benetakoak emateko. Teknologia horrek lortzen du, esaterako, pertsona baten aurpegia beste batenari gainjartzea eta bere keinuak faltsifikatzea, benetan gertatu ez den zerbait egiten edo esaten ari dela sinestarazteko.

Erabilera zabala du, zinematografiaren industriatik, krimenaren eta informazio faltaren eremuetaraino. Deepfakearen erabilera aitzindarietakoa zinemaren industrian Star Warsen, IX. Atalean ikus daiteke 2019an estreinatu zen The Rise of Skywalker filmean. Leia printzesaren papera egiten zuen Carrie Fisher aktorearen bat-bateko heriotzaren ondorioz, filma grabatzen ari zirela deepfake teknika erabiltzea erabaki zuten, grabatzeke zituen eszenak osatu ahal izateko.

Krimenaren munduak beste gauza batzuetarako erabili du teknologia hori; pertsona esanguratsuen diskurtso politiko faltsuak sortzeko, iritzi publikoa nahastu eta herritarrak desinformatzeko helburuarekin. Mehatxu honen bilakaerak kezka handia sortzen du, pertsona orok ondo “muntatuta” dagoen bideoa benetakoa den ala ez hautemateko duen zailtasunarengatik. Horri erantsi behar zaio geroz eta pertsona gehiagok dutela albisteen berri YouTube edo Facebooken bitartez, eta sare sozial horietara edonork igo ditzake eduki faltsuak eta errealitatea izango balira bezala estali. Oro har, sare sozialek ohiko komunikabideak ordezkatu dituzte, munduan geratzen denaren inguruko egiazko eta benetako informazioren erreferente gisa.

Deepfakearen legez kontrako erabilerak gizarte desinformatua eta nahasia sortzen du, herritarrak ez dira gai benetako albisteak eta faltsuak bereizteko, eta sistema demokratikoan eta instituzioetan duten konfiantza murriztu egiten da, egonkortasun politikoa eta soziala arriskuan jarriz.

Eduki ultrafaltsuak ere arriskutsuak dira segurtasunarentzat; izan ere, datu biometrikoak faltsutzeko eta aurpegiak edo ahotsa ezagutzeko sistemak faltsifikatzeko gaitasuna dute. Halaber, iruzurrei eta maulei dagokienez, deepfakeak oso tresna arriskutsuak dira gaizkileen eskuetan. Erresuma Batuko energia-enpresa bati 220.000 euro lapurtu zizkioten audio baten deepfakea erabiliz. Gaizkileek erakundeko langile bat engainatu zuten telefono dei baten bitartez, bere nagusiaren ahotsa imitatuz, premiazko transferentzia bat egin zezan, eta horrela lortu zuten dirua. Enpresak ez du oraindik galdutakoa berreskuratu.

Interesgarria izan daiteke: adimen artifiziala, ikasketa automatikoa, ikasketa sakona.