Skip to main content

EGOSURFING


“Egosurfing” terminoa “auto-bilaketa” modu aktiboan egiteko ekintzari dagokio. Honen bidez, pertsonek Interneten haiei buruz modu pertsonalean edo hirugarrenen bidez eta modu legitimoan edo ez legitimoan argitaratutako informazioa ezagutu eta kontrolatu nahi dute. Gure izena, NANa edo gure pertsonari buruzko edozein termino bilatzaileetan bilatuz, sare sozialetako gure profilak aztertuz, komunikabide sozialetako aipamenak berrikusiz eta Interneten gure nortasunarekin lotutako edozein eduki bilatuz.

Aldizka egitea gomendatzen den praktika da, gure pertsonari buruz zer esaten den, nola esaten den, nork esaten duen edo zen helbururekin egiten den jakiteko. Gainera, horrela, argitaratuta egon behar ez lukeen eta ezabatzea nahi dugun informazioa identifikatu dezakegu. Izan ere, “egosurfeatzeko” motibazioa jakin-min pertsonalagatik, segurtasun eta pribatutasunagatik edota online ospea kudeatzeagatik izan daiteke.

Egosurfing egiteko, praktika ohikoena Google bilatzailearen erabilera izaten da, izena, abizenak edo gure pertsonarekin erlazionatutako beste edozein termino bilatuz: “Maria” edo “12345678L” izango lirateke bilaketa adibide batzuk. Hori beste bilatzaile batzuetan ere egin daiteke, edota irudien atalean. Era berean, bilatzaile horiek alerta-tresnak dituzte, ezartzen ditugun bilaketa-terminoetarako jakinarazpenak gure mezu elektronikoetara bidaltzeko, hala nola, gure izena eta abizena, NAN zenbakia edo helbidea.

Bilatzaileez gain, sare sozialak ere gure pertsonaren informazio-iturri interesgarriak dira. Izan ere, iruzkinekin, egoerekin, argazkiekin edo bideoekin sare sozialak dira informazio gehien partekatzen dugun lekua, gure pribatutasunaren zati handi bat irauliz. Kasu horietan, errazena plataformaren bilatzailea gure erabiltzaile-izenarekin, posta elektronikoarekin edo izen osoarekin erabiltzea da.

Egosurfing praktikatzean guk baimendu gabeko informazioa aurkitu eta ezabatu nahi badugu, ahaztua izateko eskubidea dago eduki hori ezabatzeko eskatzeko. Bilatzaile nagusien kasuan, eskaera hauek egiteko inprimaki batzuk jarri dituzte erabiltzaileen eskura. Nolanahi ere, gogoratu sare sozialetako pribatutasun-aukerak konfiguratu behar direla, hirugarrenek informazio sentikorra eskura ez dezaten.