Skip to main content

Estatu aktoreak

Zibersegurtasunaren arloan, Estatuaren aktorea da mehatxuen eragileetako bat, hau da informazio jakin bat behar ez bezala eskuratzeko, edo informazio hori galtzea, aldatzea edo zabaltzea eragiteko kalteberatasunez baliatzen den erakundea. Azken urteetan, badirudi Estatuaren aktoreak direla aktiboen dauden mehatxu-eragileetako batzuk.

Estatuen jardueraren artean desberdintasun handiak dauden arren, aktore horiek gaitasun eragile handia izan ohi dute, dituzten baliabide ugariei esker. Alabaina, berezko baliabideak zibersegurtasunera bideratzeaz gain, nabarmendu behar dugu Estatu aktoreek estatukoak ez diren kanpo-zerbitzuak izan ditzaketela, esaterako, ordainsariaren truke zerbitzuak eskaintzen dizkieten zibererasotzaileak edo horretarako kontratatu dituzten enpresak.

Estatu batek babestutako eragile edo erakundeek jabetza intelektuala, sekretu komertzialak eta enpresen informazioa lapurtzeko tresnak erabili ohi dituzte sarri. Estatu aktoreek bilakaera izan dute haien jardueran, aritzen diren herrialdeetako helburu politikoekin bat egiteko. Helburu nagusiak erakunde publikoak, GKEak, politika sozialetako edo nazioarteko gaietako erakundeak eta egungo mundu mailako gatazka eta arazoekin lotutako sektoreak dira, esaterako, COVID-19aren osasun krisiarekin zerikusia dutenak.

Gehien interesatzen zaien helburuetako bat funtsezko azpiegiturak dira, hau da herrialde baten funtzionamendurako zeregin ezinbestekoa duten aktiboak eta arriskuan egonez gero, gizarteari kalte larriak eragingo lizkioketenak.

Jarduerari dagokionez, Estatu aktoreek egin dituzten ekintzak gehienbat zibergerrarekin, ziberespiotzarekin eta eragiteko jarduerekin lotuta daude.

  • Zibergerra betebeharra bilakatu da estatuen agendaren barruan, izan ere, haien eraginpean dauden enpresen, erakunde publikoen edo pertsonen aurkako zibereraso batek defentsa-politika behar du. Horren adibide argia da aurretik aipatu dugun funtsezko azpiegiturena, baina beste edozein helburu ere eraso dezakete eta, hortaz, herrialde horrek defendatu beharko du.
  • Ziberespioitza estatu aktoreei interes handia pizten dien jarduera da, izan ere, oso arrisku txikia du eta informazioa bilduz eta inteligentzia sortuz onura handiak lor daitezke.
  • Eragiteko jarduerak manipulazio kanpainak dira, xede-herritarren artean iritzi jakin bat sortzeko, hau da, jarduera egiten duen Estatu aktorearekin bat datorren iritzia. Kanpaina horien beste helburu bat egonkortasuna galaraztea izan daiteke, erakundeetan gaitzespena edo mesfidantza sortuz, edo segurtasunik ezaren sentsazioa sorraraztea.

Estatu aktorentzako sektore hauek dira interesgarrienak:

  • Gobernuak
  • Defentsa
  • Armen industria
  • Ikerketa zentroak
  • Osasuna eta farmazia-industria
  • Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak
  • Energia
  • Telekomunikazioak
  • Finantza-inbertsioa
  • Nazioarteko merkataritza

Interesgarria egingo zaizu baita ere: mehatxu-eragileak