Skip to main content

Funtsezko zerbitzua

Funtsezko zerbitzuak edo jarduerak oinarrizko funtzio sozialak (herritarren osasuna, segurtasuna, gizarte- eta ekonomia-ongizatea), Estatuaren eta Administrazio publikoaren instituzioen funtzionamendu egokia eta herritarren bizitza duina mantentzeko beharrezkoak dira. Enpresa publiko edo pribatuek edo pertsonek ematen dituzte zerbitzuok, eta horiek etenez gero, bizitza, segurtasuna, osasuna edo herritar guztien edo batzuen ongizatea kaltetu edo arriskuan jarriko luke.

Larrialdi-egoerekin estu lotuta dagoen kontzeptua da, izatez, Espainian, 2020ko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bitartez egin zen ezaguna. Dekretu horrek COVID-19aren pandemiak sortutako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera ezarri zuen. Dekretu horrek “loaldian” utzi zuen Espainiako ekonomia; izan ere, funtsezkoa ez zen jarduera oro eteteko agindu zuen, eta Justizia Ministerioak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Estatuko Fiskal Nagusiak eta eskumena zuten Autonomia Erkidegoek adostu zituzten funtsezko zerbitzuak zein izango ziren. Funtsezko zerbitzuak hauek izan ziren:

  • Supermerkatuak, jakiak eta beharrezko produktuak saltzen dituzten dendak, farmaziak, klinika, albaitariak edo gasolindegiak, merkantzien garraio-zerbitzuak, aduanen arteko zirkulazioa bermatzen duten zerbitzuak, hornidura energetikoa eta petroliotik eratorritako produktuak eta beharrezko azpiegituren funtzionamendua.
  • Merkatua hornitzeko katearekin lotuta dauden jarduerak eta lehen mailako ondasunak eta zerbitzuak ekoizten dituzten zentroen zerbitzuen funtzionamenduarekin lotuta daudenak; elikagaiak, edariak, animalien elikagaiak, higiene-produktuak, medikamentuak, osasun-produktuak edo osasuna babesteko beharrezko beste edozein produktu barne, horiek jatorritik xede helmugara banatu ahal izateko.
  • Etxera eramateko zerbitzua duten ostalaritza- eta sukaldaritza-zerbitzuak.
  • Ondasunak, zerbitzuak, osasun-teknologia, material medikoa, babes-ekipamenduak, ekipamendu sanitarioa eta ospitalekoa, eta osasun-zerbitzuak emateko beharrezkoak diren beste edozein material ekoitzi eta banatzeko katearen zerbitzuak.
  • Funtsezko zerbitzuak behar bezala garatzeko behar diren hornidura, ekipoak eta materialak eskaintzen dituzten manufaktura-industriaren ekoizpen-jarduerak mantentzeko ezinbesteko jarduerak.
  • Alarma-egoeran mantendu behar diren pertsonen eta merkantzien garraioa, eta baita zerbitzu horiek emateko erabilitako bitartekoen mantenua bermatzeko jarduerak ere.
  • Espetxe Erakundeetako zerbitzuak, babes zibilekoak, itsas salbamendukoak, salbamendukoak eta suteak saihestu eta itzaltzekoak, meategien segurtasunezkoak, eta trafiko eta bide-segurtasunezkoak. Era berean, segurtasun-garraioko, alarmen aurrean erantzuteko, txandakako edo aldizkako zaintzako zerbitzuak ematen dituzten segurtasun pribatuko enpresak, eta funtsezko zerbitzuak bermatzeko eta herritarrak hornitzeko segurtasun-zerbitzuak betetzeko beharrezkoak direnak.
  • Indar armatuen materiala eta ekipoen mantenua.
  • Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak, baita adinekoak, adin txikikoak, menpekoak edo desgaitasuna duten pertsonak zaintzen dituzten pertsonak eta COVID-19aren inguruan lan egiten duten enpresak, I+G+b zentroak eta zentro bioteknologikoak, haiei lotutako animaliategiak, haiekin lotutako instalazioen gutxieneko zerbitzuen mantenua, ikerketa horietarako beharrezkoak diren produktuak hornitzen dituzten enpresak, eta hileta-zerbitzuetan eta antzeko beste jardueretan lan egiten duten pertsonak.
  • Animaliei osasun-arreta emateko zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak.
  • Prentsa saltzen duten zerbitzuak, titulartasun publiko edo pribatua duten komunikabideak edo albiste-agentziak, eta horien inprimaketan edo banaketan aritzen direnak.
  • Finantza-zerbitzuen enpresak, hala nola bankuak, aseguruak eta inbertsio-enpresak, beharrezkoak diren zerbitzuak eman ahal izateko, eta ordainketen azpiegituren eta finantza-merkatuen berezko jarduerak.
  • Telekomunikazio enpresak eta ikus-entzunezkoak eta funtsezko zerbitzu informatikoenak, baita horien sare eta instalakuntzenak eta behar bezala funtzionatzeko sektoreak edo azpisektoreak ere, bereziki zerbitzu publikoak behar bezala emateko ezinbestekoak direnak eta langile publikoen jardun telematikoaren funtzionamendua bermatzen dutenak.
  • Genero-indarkeriaren biktimei babesa eta arreta emateko zerbitzuak.
  • Abokatuak, prokuradoreak, lan-harremanetako gradudunak, itzultzaileak, interpreteak eta psikologoak eta 463/2020 Errege Dekretuak bertan behera utzi ez dituen jardun prozesalak egiten dituztenak, ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeko.
  • Bulegoetako eta lege-aholkularitzako zerbitzuak, gestoria administratiboak eta lan-harremanetako gradudunak, eta lan-arriskuen prebentziorako kanpoko eta barne zerbitzuak, kasu larrietan.
  • Notariotza-zerbitzuak eta Segurtasun Juridikoaren eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ezarritako ezinbesteko zerbitzuak betetzeko erregistroak.
  • Garbiketarako, mantenurako eta matxura larriak konpondu eta zaintzeko zerbitzuak, baita hondakin arriskutsuak eta ohiko hondakinak bildu, kudeatu eta tratatzeko zerbitzuak ere, eta ur-hondakinen tratamendua, deskontaminazio-jarduerak eta hondakinak kudeatzeko eta azpiproduktuak garraiatzeko eta erretiratzeko beste zerbitzu batzuk, edo sektore publikoko edozein erakundetan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 2017ko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
  • Errefuxiatuentzako Harrera Zentroak eta Immigranteentzako Aldi Baterako Egonaldi-zentroak, eta Migrazio Estatu Idazkaritzak subentzionatzen dituen eta kudeaketa pribatua duten erakunde publikoak eta Nazioarteko Babesean eta Arreta Humanitarioaren esparruan jarduten dutenak.
  • Ura hornitzeko, arazteko, eramateko, edangarri egiteko eta garbitzeko jarduerak.
  • Iragarpen eta behaketako meteorologia-zerbitzuak eta prozesu operatiboak mantentzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko prozesuak.
  • Posta-zerbitzu unibertsala bermatzeko Estatuak esleitutako operadorea (bilketa, onarpena, garraioa, sailkapena, banaketa eta entrega).
  • Osasun materialaren inportazioan eta horniduran parte hartzen duten sektoreak eta azpisektoreak, hala nola logistika-enpresak, garraioa, biltegiratzea, aduanen zirkulazioa (garraio-bitartekariak), eta, oro har, osasun-artekarietan parte hartzen dutenak.
  • Internetez, telefonoz edo postaz komertzioetan erositako produktuen banaketa eta entrega,
  • Funtsezkoak diren beste zerbitzu batzuk.