Skip to main content

Gezurra (fake new)

Albiste faltsu gisa itzultzen da gehienetan.

Cambridge Hiztegiak honela definitzen ditu: “Albisteak diruditen istorio faltsuak dira, Interneten edo beste bitarteko batzuetan zabaltzen dituztenak. Gehienetan, iritzi politikoetan eragiteko edo txantxa gisa sortzen dituzte”.

Gertakariak desitxuratu, iritzi pertsonalak manipulatu, erakunde bati ospea kendu edo handitu, edo onura ekonomikoak edo politikoak lortzeko asmoarekin sortzen dituzte. Albisteak benetako gertakari gisa zabaltzerakoan, kalte handia egin diezaiekete bitarteko handiei, eta albiste bat irakurtzerakoan publikoa kritiko izatera bultzatzen dute, gertakariak kontrastatzera behartuz.

Ez da arazo berria, beti izan dira hainbat gairen inguruko mitoak; elikadura, osasuna eta beste. Gakoa Internetek egiten duen hedapena da; denbora oso gutxian jende askoz gehiagorengana zabaltzen da.

COVID-19ren pandemiarekin, administrazioetako hainbat erakundek albiste faltsu asko topatu zituzten. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) fenomeno hori “infodemia” gisa izendatu zuen, pandemiarekin lotutako informazio faltsuaren kopuru handia definitzeko. Hori oso arriskutsua izan daiteke publikoak sinistu egiten badu eta une horretan irakurri edo ikusten duena kontrastatzen ez badu.

COVID-19aren lehen asteetan, birusaren hedapena tokiko klimarekin lotzen zuten albiste faltsuak izan ziren nagusi; ur berotan bainatuta, eskuko ile-lehorgailuekin, lanpara ultramoreekin edo gorputza alkoholarekin edo kloroarekin bustita kutsatzeak saihestu zitezkeela ziotenak; edo baratxuria jatea ez kutsatzeko neurri eraginkorra zela ziotenak, besteak beste.

2020 amaieran, hainbat herrialdetan txertaketa abian jarri zenean, asko zabaltzen hasi ziren txertoarekin jendeari mikrotxipak jartzeko zeuden plan hipotetikoen inguruko gezurrak, kode-genetikoan izan zitzakeen aldaketen ingurukoak eta, oro har, albo-ondorioen ingurukoak.

Edukiari arretaz erreparatuz gero, albiste faltsuak bereiz daitezke. Albiste faltsuetako edukiak ez dira zehatzak izaten, informazioaren nukleoan ez dute kalitaterik eta gaizki ulertuak egoteko irekita egon ohi dira. Testuingurutik kanpo dagoen informazioa ere izan ohi dute, herritarren iritzian eragiteko. Hala ere, albiste faltsuen bilakaera azkarra izaten ari da eta eduki faltsuak hautematea gero eta zailagoa da, mezua manipulatzeko muntaia konplexuak eta errealistak dituztelako, eta benetako albiste baten irudia lor dezaketelako. Izan ere, edukia berresten duten proba grafikoak eransten dizkiote eta horren adierazle gorenak dira deepfakeak.

Gezurtzat hartzeko manipulatzeko asmoarekin sortu direnak izan beharko dira. Bestalde, parodiak edo argitalpen sarkastikoak ez dira albiste faltsutzat hartzen, helburu nagusia benetako egoera (eta ez da beti egunerokotasunekoa) baten dramatizazioa edo esajerazio komikoa baitute, irakurtzen duen publikoari iruzur egin edo manipulatzeko asmorik gabe. Nolanahi ere, beti horrela identifikatu behar dira eta formatu ohikoena memeak izan ohi dira. Gainera, askotan beste bitarteko batzuen kopia satiriko gisa ezagunak diren sare sozialetako kontuetatik zabaltzen dituzte horiek.

El Deforma, The Onion, Charlie Hebdo, Barcelona, El Mundo Today edo Actualidad Panamericanaren argitalpenak esaterako, gezurrak ez diren fikziozko albisteak dira.