Skip to main content

Grooming-a

Sarean arrisku asko daude, eta aparteko kontua izan behar da mehatxuek adingabeei eragin diezazkietenean. Grooming-a sexu-jazarpenaren eta -abusuaren jarduna da, adingabe bat eta adin nagusiko bat tartean daudenean. 

Denboran zehar pentsatu eta patxadaz gauzatzen da. Ohiz, halako jardunak, batez ere, sare sozialen bitartez gertatzen dira, baina online joko-plataformak ere erabiltzen dira, chat zerbitzuak badituzte. 

Harremanetan hasteko adibide bat honako hau da: delitugileak biktimarentzat erakargarria izan daitekeen profil faltsua sorten du (adin bera, gustu eta zaletasun komunak, etab.), adingabearekin harremanetan jartzen da, eta pixkana konfiantzazko lotura bat saretuz doa ustezko adiskidetasun-harremana gehiago finkatzeko. Maiz, beste jardun batera jotzen da, hain zuzen ere, biktimari opariren bat egitea haren arreta eskuratzeko.  

Modu horretan, erasotzaileak biktima emozioen ikuspegitik kontrola dezake, eta eska diezaioke ingurune goxo eta pribatuagoan (WhatsAppa edo bideodeia) hitz egiteko, bai eta sexu-edukia duten argazkiak bidaltzeko edo helburu berdinarekin ekintzaren bat gauzatzeko ere. Adingabeak eskeak onesten dituenean, erasotzailea xantaia egiten eta mehatxatzen hasten da, bere eskeei men egiten ez badizkie, argazkiak argitaratuko dituela adieraziz. 

Hori guztia larriagotzeko, askotan, biktimak, erruaren eta lotsaren sentimenduak bultzatuta, delitugilearen eskeei amore ematen amaitzen du. Ez da ahaztu behar abusatzailearen helburu bat dela biktima erabat kontrolatzea, ingurune gertutik (familia eta lagunak) isolatzea, errazago manipulatzeko eta xantaiaren aurrean amore emateko. 

Delitu hauen ondorioak oso larriak dira: ziberjazarpenak adingabearen eduki digitala (irudiak eta bideoak) lortzeaz gain, biktimarekin topaketak izatera bultza dezake, eta hortik abusu fisikoak irits daitezke. Baztertu gabe, biktimak izan ditzakeen ondorio psikologikoak. 

Halako delituak pentsa litekeena baino arruntagoak dira, eta duela gutxi abian jarritako gizarte-isolamenduko neurrien ondorioz gehitu dira. COVID-19ren pandemiak eragindako konfinamenduan Guardia Zibilak hauteman zuen bideo pedofiloen trafikoa % 507 hazi zela. Eta azken hamarkadan, Espainian grooming-kasuen datuak % 300 gehitu dira; 2008. urtean 273 baziren, 2019an 1.093 kasu izatera pasa ziren. 

Halako egoerak prebenitzeko oso garrantzitsua da adingabeak nabigazio-jardun seguruetan aritzea, une oro arriskuez jakitun izatea eta hauteman nahiz babesteko gizarteak haien esku tresna egokiak jartzea.