Skip to main content

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT)

Informazioa atzitzeko, ekoizteko, prozesatzeko, administratzeko eta partekatzeko erabiltzen diren baliabide, tresna eta programen multzoa dira IKTak. Informazio hori formatu desberdinetan egon daiteke (irudia, audioa, bideoa), eta hainbat euskarri teknologikoren bidez kontsumitu (ordenagailuak, smartphoneak, telebistak, joko-kontsolak...). IKTen helburu nagusia da pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta lan- eta komunikazio-prozesuak garatzeko beharrezkoak diren ahaleginak eta denbora murriztea.

IKTek hiru elementu nagusi dituzte: informatika, komunikazio-sareak eta softwarea:

  • Informatika: Tresna informatikoek informazioa eta baliabideak abiadura handian prozesatzen laguntzen dute, eta zeregin konplexuak oso denbora gutxian konpontzen laguntzen dute. Datuak prozesatu eta biltegiratu ahal izateko, IKTak informatikan oinarritzen dira. Informatikaren barruan sartzen dira, oro har, zerbitzariak, ordenagailu pertsonalak, inprimagailuak, periferikoak, monitoreak, biltegiragailuak eta hardware-osagai guztiak.
  • Sareek aukera ematen dute baliabide informatikoak elkarren artean hainbat modutan komunika daitezen, bi norabideko konexioa ezarriz eta erabiltzen den gailuarekiko modu independentean. Internetek –sare nagusiak– funtsezko rola du komunikazioan. Interneterako sarbide globalak aukera ematen du baliabideekin interakzioa sortzeko eta erabiltzaileak nonahi eta noiznahi konektatzeko. Era berean, gailu mugikorrak —smartphoneak, tabletak edo erloju adimendunak– erabiltzeari esker, sare bidezko komunikazioa mugikorra eta bat-batekoa da, horretarako wifi sareak edo sare mugikorrak erabiltzen baitira (3G, 4G, 5G).
  • Softwarea: Programa eta aplikazioak funtsezkoak dira baliabide informatikoak eta komunikazio-sareak erabiltzerakoan. Softwareak aukera ematen du sistemak, inguruneak eta plataformak sortzeko, bertan erabiltzaileek informazioa, datuak eta baliabideak konektatu, partekatu, biltegiratu eta kudeatu ahal izateko. Softwarearen adibideak dira, besteak beste, sistema eragileak (Windows, Android, iOS), programa informatikoak, mugikorraren aplikazioak edo web-plataformak (Gmail, esate baterako).

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) gure bizitzako esparru guztietan daude, bai maila pertsonalean bai profesionalean. Hezkuntza-sektorean, esate baterako, asko lagundu dute alfabetatzea eta irakaskuntzarako sarbide unibertsala ezartzeko, jakintzarako sarbidea hobetuz eta irakaskuntza-sistema berriak txertatuz, hala nola online prestakuntza. Enpresaren arloan, halaber, argi dago IKTek aukera ematen dietela erakundeei beren eragiketak eta komunikazioak hobetzeko; beren zerbitzuak eta produktuak arinago eta bideratuago eskaintzeko; merkatu berrietan sartzeko; eta beren negozioa hobeto sustatzeko. Teknologiak, era berean, aukera ematen dio administrazio publikoari herritarrentzako izapideak eta zerbitzuak arintzeko eta barneko komunikazio hobea eta efizientzia lortzeko.