Skip to main content

Marka digitala

Marka digitalak identitate bati buruz Interneten dagoen eta partekatzen den informazioak utzitako arrastoa aipatzen du. Pertsona fisikoa edo juridikoa izan daiteke, bai eta konektatutako gailua ere. Bertan sartzen dira borondatezko argitalpenek utzitako arrastoak eta identitatea aipatzen, izendatzen edo etiketatzen duten bestelakoak ere bai, nahiz eta identitate horrek zuzenean argitaratu ez dituen. Era berean, harekin erlazionatutako aipamenak, berriak edo argitalpenak daude (adibidez, norbait oposizio bat egitera aurkezten denean edo epaiketa batean nahasia dagoenean), beste pertsona batzuek etiketa jartzen dioten argazkiekin edo iruzkinekin batera. 

Kontuan hartu behar da Interneten beste datu batzuk biltzen direla nabigatu eta webgune bat bisitatzen denean, datu pertsonalak ez izan arren, IP helbidearekin lotutakoak baizik. Hala eta guztiz ere, komeni da argitzea datu horiek kokapen geografikoa, erabilitako nabigatzailea, gailuaren sistema eragilea, hizkuntza eta bisitatutako azken webgunea adierazten dituztela. 

Izan ere, marka digitala ez da pertsonen kontua bakarrik; kontzeptu bera erabiltzen da konektatutako gailu elektroniko bakoitzak uzten duen arrastoa definitzeko. Hala, behar izanez gero, banaka identifika daitezke. Hor daude sartuta gailu baten IPa, marka, modeloa edo serie-zenbakia eta gailu mugikorren IMEIa. Marka digitaleko informazioa aktiboki edo pasiboki bildu ahalko da.

Bilketa aktiboaren barruan dago erabiltzaileak nabigatzen duen bitartean, aplikazioa erabiltzen ari denean edo zerbitzu batean izena ematean borondatez partekatzea onesten duen informazio guztia. Cookieen formatua izan dezake, webgunean sartzean onartzeko. Bestela, sinatzean aplikazioak sortutako zenbait datu biltzeari eta hirugarrenekin partekatzeari adostasuna eman dakioke ala erabiltzaileak berak bete ditzake kontua sortzean.  

Bestalde, bilketa pasiboa dago. Erabiltzaileak baimenik eman gabe egiten da, adibidez, webgunean nabigatzean uzten den IP arrastoaz baliatuta edo zerbitzu gaiztoak dituzten aplikazioak erabilita. Azkenekoek zerbitzuaren sortzailearekin batera erabiltzailearen informazio garrantzitsua detektatu, gorde eta, ondoren, partekatzen dute. 

Ospe digitalaren kontzeptua oso lotuta dago identitate digitalaren eta marka digitalaren kontzeptuekin. Lehenengoak azaltzen du beste pertsona batzuek identitate digital bati buruz (pertsona, erakundea, gailua, etab.) duten iritzia edo ustea, betiere Interneten bilatu ondoren aurki daitekeen informazioan oinarrituta. Ospea marketin-munduari bideratutako kontzeptutzat uler daiteke (produktuak baloratzea, aipamenak eta iritziak, etab.). Dena den, kontuan hartu behar da, adibidez, giza baliabideen sail askok lanposturako hautagaiei buruz informazioa Interneten bilatzen dutela. Gaur egun edukiak hautespen-prozesuaren emaitzan eragin dezake, bai eta erabaki ere.

Neurri handian, marka digitala babestea Internet erabiltzen duen identitate bakoitzaren esku dago. Horretarako, jardunbide egokiekin aritzea gomendatzen da: 

  • Doitu pribatutasunaren konfigurazioa: sare sozialetan eta webguneetan profilen titulartasuna duenaren ardura da pribatutasun-aukerak behar bezala konfiguratzea. Aurrekoaren ildotik, zehatz daiteke nor sar daitekeen argitalpenetara eta esku gaiztoetan amaitzeko probabilitateak murriztu ere bai. Halaber, komeni da webguneen pribatutasun-politika arretaz ikuskatzea, batzuetan, edukia ezabatu arren, ez baitira haien zerbitzarietatik ezabatzen.
  • Webgune seguruak bisitatzea: webgune batek datuak sartzeko eskatzen badu, garrantzitsua da pribatutasun-politikaz gain, orrialdearen segurtasun-mailari erreparatzea. Ohiz, URLren hasieran HTTPSren adierazpenak konexio segurua aipatzen du.
  • Ez erabili wifi sare publikoak: halako wifi sarearen bidez Internetera konexioa ezartzen bada, datuek ziberdelitugile baten esku amai dezakete, adibidez, zerbitzu batean sartzen direnean sarbide-kredentzialak lapurtzeko.
  • Sistema eragileak eta aplikazioak eguneratuta mantentzea kalbeberatasun berrienez babesteko.

Marka digitala oso salgai baliotsua da ziberdelitugileentzat. Datu horiek guztiak izatea eta legez kanpo erabiltzea irabazizko negozio ilun bihurtu da. Horregatik, kontu handia izan behar da Interneten informazio pertsonala partekatzean eta gailuak, aplikazioak eta bestelako zerbitzuak erabiltzean. Saiatu behar da saihesten eraso batengatik datuak nahi izan gabe erakustea.