Skip to main content

Negozioari egindako eraginaren analisia (BIA)

Negozioari egindako eraginaren analisia (BIA edo Business Impact Analysis gisa ere ezaguna ingelesezko siglengatik) enpresa edo erakunde orok izan behar duen Negozioaren Jarraipen Planaren fase bat da. Analisi honek negozioaren funtzio edo prozesu bat eteteak izan ditzakeen ondorioak aurreikusten ditu eta susperraldirako estrategiak edo ekintzak garatzeko beharrezko informazioa biltzen du.

BIAren helburua enpresaren zerbitzuek jarraitu ahal izateko funtsezkoak diren prozesuak hautematea da. Analisi honek jardueraren bat eteteak negozioan izango lukeen eragina hauteman, kuantifikatu eta kalifikatzeko aukera ematen du, eta kasu bakoitzarentzako jarraipen-estrategiak zehazteko informazioa ere ematen du. Arriskuen ebaluazioak ez bezala, BIAk erakundearen jardueran eta produktibitatean izango lukeen eragina aztertzen du. Gainera, susperraldirako ekintzak zehazten ditu, lehentasunaren arabera ordenatuta.

Negozioaren gaineko eraginaren azterketak prestasun-ezaren egoera bat gertatzeko arriskuak aztertzen ditu, mehatxu bakoitzaren probabilitatea kuantifikatuz. Horren arabera zehazten dira ondorioak hauteman edo arintzeko aplikatu beharreko neurriak. Hauek dira negozioa eteteko zenbait egoera:

  • Eraikin edo instalazioetako kalte fisikoak.
  • Makinerian, sistemetan edo ekipoetan kalteak edo matxurak.
  • Leku edo instalazio baterako sarbide mugatua.
  • Hornidura-katea etetea, hornitzaile baten akatsa edo hornitzaileak merkantzien garraioa etetea barne.
  • Zerbitzu publikoen mozketa (esaterako, energia elektrikoaren mozketa).
  • Informazioaren teknologiaren, ahots bideko komunikazioak eta datuak barne, zerbitzarien, ordenagailuen, sistema-eragileen, aplikazioen eta datuen kalteak, erasoak, galera edo lapurreta.
  • Funtsezko langileen falta.

Etenaldiaren unea eta iraupena ere faktore garrantzitsua da. Enpresaren funtzio edo prozesu bat eteten den unea erabakigarria izan daiteke pairatu dituen galerentzat; esaterako, denda baten jarduna Gabonetako kanpaina betean eteten bada, urteko salmenten kopuru nabarmena gal dezake. Minutu batzuetako argi-mozketa kalte txikia izango litzateke enpresa gehienentzat, baina erabakigarria izan liteke ospitale batentzat.

BIA egiteak aukera ematen du:

  • Jardunean dauden funtzioen kritikotasuna hautematea, hau da, enpresako funtzioak eta prozesuak eteteak enpresa barnean, kanpoan, legean eta izen onean izango dituen eragin operatiboak eta finantzarioak. Kontuan hartzen dituzten eraginak dira:
    • Salmenten eta diru-sarreren galera.
    • Salmenten edo diru-sarreren atzerapena.
    • Gastuen igoera (esaterako, aparteko orduak, azpikontratazioa, bidalketa-kostuak, etab.).
    • Arauzko isunak.
    • Kontratuzko zigorrak edo kontratuzko hobarien galera.
    • Bezeroen nahigabea edo desertzioa.
    • Negozio-plan berrien ezeztapena edo atzerapena.
  • Prozesu bakoitzarentzako Berreskurapen Denboraren Helburua (RTO) lortzea, hau da, identifikatu diren jarduerak gutxieneko maila onargarri batean berreskuratzeko aldia. Esaterako, jo dezagun osasun-zentro bateko aplikazio mugikorraren administratzaileak esan digula aurretiazko hitzordua eskatzeko funtzioa gehienez ere 24 orduz egon daitekeela etenda; kasu horretan, prozesu horri lotutako berreskurapen denboraren helburua 24 ordukoa izango litzateke.
  • Jarduerarik Ezaren Gehieneko Denbora Onargarria (MTD): prozesu bat etenda egon daitekeen denboraren gehiengo onargarria, erakundean ondorio txarrak izaten hasi eta negozioari kalteak eragin aurretik. Aurreko kasuarekin jarraituz, eman dezagun medikurako hitzorduak aplikazio bitartez esleitzeko prozesua ezin dela etenda egon 48 ordu baino gehiagoz. Kasu horretan, prozesu horrekin lotutako MTD-a 48 ordukoa izango litzateke.
  • Berreskurapen Puntuaren Helburua (RPO)   Prozesua berriro martxan jartzeko, berrekin ondoren informazioa berrezarri behar den puntua da. Alde horretatik, jo dezagun osasun-aplikazioaren arduradunak esaten digula egun oso batean sortutako informazioa galtzea onar dezaketela. Hortaz, RPOa 24 ordukoa izango da.

BIA egiteko eta beharrezko informazioa biltzeko BIA galdetegia erabili ohi da, eta zuzendariei, saileko arduradunei, koordinatzaileei, langile teknikoei, eta, oro har, enpresak jarduera nola garatzen duen xehetasunez ezagutzen duen pertsonei zuzenduta dago. Inkestatutako langileek enpresaren funtsezko prozesuen inguruko eta enpresak maila desberdinetan funtzionatzen jarraitzeko beharrezko baliabideen inguruko informazioa eman beharko dute. Haien ardurapean dagoen enpresaren funtzioa edo prozesua eteten bada, eragin posibleak hauteman beharko dituzte. Hori guztia BIAn jasotzen da.

Analisiak ez du beti metodologia bera, erakunde bakoitzak bere beharretara egokitu ohi du. Gehienetan, arrisku posibleakizan ditzaketen eraginak eta jarduteko denborak eta moduak jasotzen dira prozesuan.

BIA negozioaren eraginaren txostenarekin amaitzen da, eta bi zatitan dago banatuta txosten hori: zati batean hautemandako kalteberatasunen azterketa egiten da, eta, bestean, estrategiak planifikatu eta garatzen dira, hots, gertakariren bat jazotzen bada, arriskuak murriztu eta aurre egiteko aplikatu behar diren ekintzak eta neurriak zehazten dira.

COVID-19aren pandemiak areagotu egin du erakundeetako arriskuen kudeaketaren garrantzia. Guztiak, ETE-etatik hasi eta multinazional handietara, lehen pertsonan eta martxa behartuan jabetu ziren oso garrantzitsua zela beren negozioaren jarraipena bermatzeko plan on bat izatea ustekabeko eta bat-bateko zirkunstantzien aurrean, eta kontuan hartu beharreko agertoki posible askorekin.