Skip to main content

Pantaila-blokeoa

Gailu elektroniko guztiek duten sistema da, beste pertsona batzuk jabearen ezagutza edo baimenik gabe erabiltzea eragozteko. Blokeoa aktiba daiteke pasahitz bat, patroi bat, PIN kode bat edo are gako biometriko bat, esaterako hatz-marka edo aurpegiaren azterketa, doituta.

Pantaila-blokeo automatikoa ere badago eta gailua automatikoki blokeatzen du denbora batean jarduerarik ez badago. Blokeo automatikoak ez du eragozten gailua eskuz ere blokeatu ahal izatea.

Oso gomendagarria da funtzionaltasun hori gure gailu guztietan aktibatuta izatea. Blokeatuta badaude, galdu edo lapurtuz gero, saihestu egingo dugu, edo gutxienez zailagoa izango da, asmo txarrak dituzten pertsonak gure informaziora heltzea.

Funtzionaltasun horrek oso oinarrizkoa badirudi ere, jende askok oraindik ez du pantaila-blokeoa aktibatuta, erosotasunagatik edo atzeratu egiten dutelako zeregin hori. Horrek arrisku handian jartzen du darabilten informazioaren segurtasuna.

Pantaila-blokeorako pasahitz edo gako bat aukeratzerakoan, kontuan izan behar dugu konplexua eta asmatzeko zaila izan behar dela. Horregatik, ez da norberaren informazioa izan behar, hala nola jaiotze- edo urtebetetze-egunak. Egokiena hitzen ordez esaldiak erabiltzea da, eta baita ausaz konbinatutako karaktereak eta zenbakiak ere.

Gogorarazi behar dugu pantaila-blokeoaren pasahitzak edo kodeak ez direla inorekin partekatu behar. Metodo segurua izan dadin, egiaztagiriak ezkutupekoak izan behar dira beti. Era berean, garrantzitsua da pasahitzak edo gakoak hainbat gailutan ez errepikatzea, zerbitzu eta gailu bakoitzerako bakarrak izan behar dira.

Gogoratzeko, mnemoteknikako arauak erabiliz gogoratzea edo pasahitzen kudeatzaile bat erabiltzea da onena. Kudeatzailean gure pasahitz guztiak gorde ditzakegu eta pasahitz nagusia soilik izan beharko dugu gogoan besteetara sartzeko.

Pantaila-blokeo automatikoa aktibatuta izan arren, garrantzitsua da gailua erabiltzeari uzten diogun aldiro eskuz blokeatzea, minutu batzuk izan arren. Esaterako, Windows sistema eragilea duen ekipo bat azkar blokeatzeko, “Windows + L” edo “Ktrl + Alt + Supr” sakatu dezakegu eta aukeratu blokeatu edo saioa itxi nahi dugun. Era berean, gomendagarria da jarduera amaitzerakoan ekipoa itzaltzea.

Horrek saihestu egingo du shoulder surfing gisako erasoen biktimak izatea; zibererasotzaileek zeharretik begiratuta edo goitik begiratuta zelatatzen dituzte gailuen pantailak, informazio sentsiblea lortzeko, hala nola datu konfidentzialak edo pasahitzak. Oinarrizkoa dirudien arren, zibererasotzaileek asko erabiltzen dute teknika hori informazio baliotsua lortzeko. Toki publikoetan bereziki ohikoak izaten dira horrelako erasoak, esaterako, kafetegietan edo garraio publikoan.

Pantaila-blokeoa ezartzeaz gain, shoulder surfingetik babesteko beharrezkoa da neurriak zorroztea eta egiaztatzea inor ez dagoela gure pantailetara begira, baita gailua erabiltzen ari garenean ere, toki publikoetan batez ere. Gomendagarria da baita ere pantailaren distira ahalik eta gehien jaistea, ikusteko zailagoa izan dadin, eta pribatutasun-iragazkia ezartzea pantailan, edukia soilik erabiltzaileak pantailaren aurrean dagoenean ikusi ahal izateko, inguruko inork beste angelu batetik ikusi ezin dezan. Era berean, garrantzitsua da gure gailuak zaintzea, uneoro bistara izatea eta ahaztuta ez uztea, lapurtu edo galtzea eragozteko, eta, horrekin batera, informazioa lapurtzea.

Interesgarria izango zaizu baita ere: shoulder surfing