Skip to main content

Segurtasun-kopia

Segurtasun-kopia (backup ingelesez), babes-kopia edo erreserba-kopia informazioaren zientzietan eta informatikan, galtzen badira datuak berreskuratzeko bitarteko bat izateko helburuarekin egiten den jatorrizko datuen kopia da.

Zentzurik akademikoenean, segurtasun-kopia euskarri batetik bestera informazioa bikoizten duen prozesua da, datuen lehenengo ahokalekuak huts eginez gero berreskuratu ahal izateko.

Segurtasun-kopien helburua da galdu edo kaltetzen badira artxibo garrantzitsuak berreskuratzea. Galdutako datuak berreskuratzeko prozesuari segurtasun-kopia leheneratzea esaten zaio, eta zure ordenagailua aldatu edo berrasieratu baduzu ere erabilgarria izan daiteke.

Segurtasun-kopia mota aukeratzea garrantzitsua da gure datuak nola babestu nahi ditugun konfiguratzerako orduan. Lau kopia mota daude eta bata edo bestea erabili zure biltegiaren, egiten eman nahi duzun denboraren edo zure lan egiteko moduaren araberakoa izango da.

  • Segurtasun-kopia osoa: Segurtasun-kopiarik oinarrizkoena da. Datu guztiak kanpoko biltegiratze-unitate bakar batera kopiatzen ditu, beraz, kopia egiteko denbora luzea behar izaten du.
  • Segurtasun-kopia inkrementala: Backup mota honek azken segurtasun-kopiatik aldatu diren datuak soilik kopiatzen ditu, eta gainerakoak bere horretan uzten ditu. Horretarako, ordenagailuak aldaketen egunak eta orduak erabiltzen ditu, eta aldatu dituzun datuak soilik kopiatzen dituenez, kopia osoa baino azkarragoa da.
  • Segurtasun-kopia diferentziala: Inkrementalaren antzeko segurtasun-kopia da, baina erreferentzia gisa azkeneko edozein kopia hartu beharrean, azkeneko kopia osoa hartzen du.
  • Ispilu segurtasun-kopia: Osoaren antzeko segurtasun-kopia da, baina artxiboak klonatu egiten ditu aurretik konprimitu gabe.

          Bai maila pertsonalean, bai erakundeetan, garrantzitsua da informazio kritikoaren segurtasun-kopiak izatea, datu konfidentzialak edota oporretako argazkiak barne. Kopia jatorrizkoa ez den toki fisiko eta/edo euskarrian egin behar da, euskarria fisikoki kaltetzen duen gertakari bat edo hondamendi natural bat gertatzen bada, gutxienez kopia bat duzula bermatzeko.