Skip to main content

Sextinga

Sextinga eduki sexuala duten mezuak sortu, deskargatu edo beste pertsona bati boluntarioki bidaltzean datza, gehienetan, norberaren irudiak edo bideoak izan ohi dira, eta mugikorretik bidali ohi da, berehalako mezularitza-aplikazioen edo sare sozialen bitartez. Sexting terminoa ingelesetik dator, zehazki sex (sexua) eta texting (gailu elektronikoen bitartez testu-mezuak bidaltzea) hitzen konbinaketa da. Kontua ez da testu-mezuak bidaltzea, baizik eta ikus-entzunezko edozein elementu mota, batez ere irudiak eta bideoak, eduki erotiko eta sexuala dutenak, oso esplizituak edo ez.

Pertsona batzuek haien bikotekidearengandik bereizita bizi direlako, edo norbait limurtzeko erabiltzen dute sextinga. Aukera horiek guztiz legitimoak dira, norberak libreki aukeratu eta onartu baditu. Arazoa da, askok haien burua erakusteko, ezezagunekin sexu-harremanak izateko, adin txikikoak erakartzeko edo sexu-jazarpenerako eta xantaiarako erabiltzen dutela. Beste arazoetako bat da, batzuetan badirudiela sexting boluntarioa dela, baina, egiaz, presio sozialaren eta onartua izateko beharraren eraginez egiten dela, nerabeen kasuan esaterako.

Sextinga ohiko praktika da, baina baditu bere arriskuak, hala nola kontrolik gabe zabaltzea eta eduki intimoak asmo txarrekin erabiltzea, sextortsioa edo “pornomendekua” egiteko. Delitu horiek ondorio emozional izugarriak izaten dituzte, adin txikikoengan eta gazteengan batez ere. Sextingak hainbat modutara egin dezake gure aurka, ohikoenak hauek izan ohi dira:

  • Hartzaileak beste kontaktu batzuei birbidaltzen die edukia, eta horiek gauza bera egiten dute. Beraz, mezua birala bihurtzen da.
  • Igorlea nahastu eta okerreko kontaktu bati bidaltzen dio edukia, ezin du berreskuratu, bere kontrolpetik kanpo geratzen da eta aurreko puntuan aipatutakoa gertatzen da.
  • Gailua lapurtu eta eduki pribatuak bereganatzen dituzte. Eduki horiek xantaia egiteko, Internetera igotzeko eta/edo bere ospeari kalte egiteko erabil dezakete.
  • Gailuari zibererasoa egitea, eta edukia lapurtu eta zabaltzea. 
  • Sare sozialetan sextingaren edukia baimenik gabe zabaltzea. Irabazi-asmoak dituzten helduentzako orrialdeetan ere jarri ditzakete.

Hasieran, sextinga mezularitza aplikaziorik ospetsuenen bitartez zabaltzen zen gehienbat, esaterako, WhatsAppen edo Snapchaten bitartez, baina segurtasunaren inguruko kezka dela eta, praktika horretarako diseinatutako aplikazioak eta sare sozialak sortu dituzte, hala nola Frankly edo Disckreet, eta batzuek onura ekonomikoak lortzeko aukera ere ematen dute, esaterako OnlyFans plataformak.

Sextinga praktika bat da, ez da delitua, betiere boluntarioki egiten bada. Hala ere, segurtasunaren ikuspegitik ez da praktika gomendagarria, adin txikikoentzat batez ere. Eginez gero, neurriak hartu behar dira, esaterako:

  • Sextingerako erabiltzen diren aplikazioen edo plataformen pribatutasun eta segurtasun maila kontsultatu eta baloratu. Pribatutasunaren ezarpenak berrikustea komeni da, arriskuak murriztu eta edukia soilik nahi den hartzailearekin partekatzen dela berresteko.
  • Aurpegia, tatuaiak, objektu pertsonalak, orbainak, orinak eta pertsona identifikatu dezaketen bestelako markak estali.
  • Informazio pertsonala norekin partekatzen dugun tentuz erabaki, argazkien edo bideon kasuan batez ere. Konfiantzazko pertsona batekin egin, edukia berarentzat bakarrik erabiliko duela eta gero ezabatu egingo duela dakigun pertsona batekin.
  • Argazkien eta bideoen atzealdea kontuan hartu, norbaitek ezagutu eta norenak diren jakitea saihesteko.
  • Argazkiek dirudiena baina gauza gehiago esaten dute: kontuz metadatuekin. Argazkiaren artxiboan gordetzen den informazioa da; tokia, argazkiaren eguna, argazkia egin duen gailua...
  • Egin nahi ez den ezer ez egin.

Sextinga, sextortsioa eta groominga bizitza intimoari eta sexualari eragiten dioten hiru kontzeptu dira. BCSCk zibersegurtasunarekin lotutako edozein konturen inguruko laguntza eskaintzen du 900 104 891 telefonora deituta edo incidencias@bcsc.eus helbide elektronikora idatzita. Enpresek, herritarrek, adin txikikoek eta haien inguruak (gurasoek eta hezitzaileek) jaso dezakete edozein gairen inguruko aholkularitza.