Skip to main content

Trusted Introducer

Segurtasun informatikoko gorabeherei erantzuteko lantaldeen (CSIRT) Europako foro nagusia da, eta bertan lankidetzan lan egiten dute eta informazioa partekatzen dute kontinenteko lantalderik nagusiek. Foroa konfiantzazko sare bat da, eta informazioa trukatzeko zentro gisa jarduten du segurtasun-lantaldeentzat eta gorabeherei erantzuteko. Europako CERT komunitateak 2000. urtean sortu zuen, premia komunei erantzuteko eta Europako CSIRTei laguntza emango dien zerbitzu-azpiegitura bat sortzeko. Gaur egun, hainbat herrialdetako 400 lantaldek baino gehiagok osatzen dute.

Trusted Introducer-ek atxikitako lantaldeak zerrendatzen ditu, eta akreditatzen eta ziurtatzen ditu egiaztatutako eta frogatutako heldutasun-mailaren arabera. Akreditatutako eta ziurtatutako lantalde guztiek kideentzako zerbitzu esklusiboak dituzte; horrek aukera ematen die CSIRTei modu efizienteagoan eta eraginkorragoan jarduteko elkarren artean. Foroak kontaktuen erregistro osoa eta akreditatutako CSIRTei buruzko bestelako informazio erabilgarria eskaintzen ditu, baita gorabeheren aurkako erantzun globalerako koordinazio-zerbitzua ere.

 Hona foroa osatzen duten CSIRT adibide batzuk:

  • BCSC: Basque CyberSecurity Centre-ko CSIRT
  • CATALONIA-CERT: Agencia de Ciberseguretat de Catalunya
  • ESP DEF CERT: Defentsa Ministerioko Ziberespazioaren Aginte Bateratuaren CSIRT
  • CCN-CERT: Zentro Kriptologiko Nazionalaren CSIRT
  • IRIS-CERT: RedIRIS-eko (Unibertsitateen eta ikerketa-zentroen baliabide informatikoen interkonexio-sareko) CSIRT

Teknikoki gauza bera adierazten ez badute ere, CSIRT eta CERT terminoak berdin erabiltzen dira. CSIRT terminoa gehiago erabiltzen da Europan: Carnegie Mellon unibertsitateak CERT terminoa babestu eta erregistratu du AEBn. Beste laburtzapen batzuk ere erabiltzen dira; baina lantalde-mota ia berari egiten diote erreferentzia:

  • CERT (edo CERT/CC): Larrialdi informatikoei erantzuteko lantaldea.
  • CSIRT: Segurtasun informatikoko gorabeherei erantzuteko lantaldea.
  • IRT: Gorabeherei erantzuteko lantaldea.
  • CIRT: Gorabehera informatikoei erantzuteko lantaldea.
  • SERT: Segurtasun-larrialdiei erantzuteko lantaldea.

Oro har, neurri teknologikoak ezartzen eta kudeatzen dituen pertsona-talde bat definitzen dute, zerbitzua ematen zaion komunitateko sistemen aurkako erasoen arriskua arintzeko. Lantalde horiek hainbat arlotako zereginetan jarduten dute: prebentzioa eta kontzientziazioa, gorabeheren detekzioa, halakoen jarraipena, haiei buruzko ebazpena eta ikasitakoak erauztea. Carnegie Mellon Unibertsitateak (AEB) sortu zuen halako lantalde bat 1988an lehen aldiz. Harrezkero, mundu osoan sortu dira gorabeherei erantzuteko lantaldeak.