Skip to main content

Zerbitzu digitalen hornitzailea

Zerbitzu digitalen hornitzaile bat informazio-gizartearen zerbitzuren bat eskaintzen duen pertsona juridiko bat da, Informazio Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuei buruzko uztailaren 11ko 34/2002 Legearen (IGMEZL) ERANSKINaren a) letran jasotako zentzuan. Honela definitzen ditu “informazio-gizartearen zerbitzuak”:

“Normalean kostu bidez, urrunetik, bide elektronikoz eta hartzaileak indibidualki eskatuta emandako zerbitzu oro. Kontzeptu horren barruan sartzen dira, halaber, hartzaileek ordaindu gabeko zerbitzuak, zerbitzu-emailearentzat jarduera ekonomiko bat badira”.

 Jarduera ekonomiko bat izan behar dute “informazio-gizartearen zerbitzu”tzat jo ahal izateko. Hona hemen adibide batzuk:

  • Ondasunak edo zerbitzuak elektronikoki kontratatzea.
  • Interneteko erosketen kudeaketa.
  • Komunikazio komertzialak bidaltzea.
  • Informazioa bide telematikoz ematea.

Oro har, zerbitzu digitalen hornitzaile bat Internet bidezko zerbitzua eskaintzen duen erakunde bat da. Hala ere, beren ezaugarri bereziak direla-eta, hornitzaile horiek NIS Zuzentarauak –Informazio-sareen eta -sistemen Segurtasunari buruzkoak– ezarritakoari ere lotuta egon daitezke. Alde horretatik, Zuzentarauak xedatzen du zerbitzu digitalen hornitzaileek honako hauek bete behar dituztela:

  • Zerbitzu hauetakoren bat ematea: online merkatuak; online bilaketa-motorrak; eta hodeiko konputazio-zerbitzuak.
  • Mikroenpresak edo enpresa txikiak ez izatea.
  • Establezimendu nagusia Europar Batasunean izatea.

Halaber, NIS Zuzentarauaren Espainiako antolamendurako transposizioarekin bat, 12/2018 Errege Lege Dekretuak, Informazio-sareen eta -sistemen Segurtasunari buruzkoak, betebehar batzuk ezartzen ditu honako kasu hauetan:

  • Hornitzaileak egoitza soziala Espainian du, eta EBn establezimendu nagusia.
  • Hornitzaileak Espainian izendatzen du Europar Batasunean duen ordezkaria.

Honako hauek dira betebeharretako batzuk:

  • Bere jardueraren berri ematea.
  • Segurtasun-neurri teknikoak eta antolakuntzakoak hartzea, egokiak eta proportzionatuak.
  • Bere zerbitzuetan ondorio nahasgarri nabarmenak dituzten gorabeheren berri ematea.

Dena den, ez dira informazio-gizartearen zerbitzutzat hartuko aurretik adierazitako ezaugarriak betetzen ez dituztenak, bereziki:

  • Telefonoz edo fax bidez emandako zerbitzuak.
  • Komunikazio elektronikoaren bidez informazioa trukatzea, trukatzen dutenen jarduera ekonomikotik kanpoko helburuetarako.
  • Telebista-zerbitzuak (nahierako bideo-zerbitzuak barne).
  • Irrati-zerbitzuak.