Skip to main content

Ziberjazarpena

Telefono, ordenagailu edo tableten bidez digitalki gertatzen den jazarpena da, sare sozialetako mezuen, aplikazioen, foroen, bideojokoen bidez gertatzen dena. Ingelesez cyberbullying da.

Ziberjazarpena da adibidez pertsona bati buruzko eduki negatiboa, kaltegarria, faltsua edo erdeinuzkoa bidaltzea, argitaratzea edo partekatzea, umiliatzeko, publikoki lotsarazteko edo bestelako kaltea eragiteko asmoz. Ziberjazarpena delitu penaltzat har daiteke bai eta espetxe-zigorrekin kondena izatea ere.

Errealitate bat da ikasgeletan eta ikasgeletatik kanpo, eta nahita eragindako kaltea dakar, hala nola gezurrak, zurrumurruak, isekak, biktima barregarri uzteko irainak eta beste ikaskideengandik isolatzeko. Gainera, ohikotasunez eta behin eta berriz gertatzen da mugikorren, sare sozialen, argazkien, bideoen, foroen eta abarren bidez. Ziberjazarpenaren biktima edonor izan badaiteke ere, nagusiki adingabeei eragiten dien arazo bat da, eta hezkuntza-eremuan zein hortik kanpo jasan ohi dute, jazarpena egiten duten pertsonek Internet eta teknologia berriak asmo txarrez erabiltzen dituztelako.

Posible da detektatzea baldin eta adingabeak aldartean aldaketak baditu, hala nola antsietatea, haserrea, nekea, elikadura-ohituren aldaketak, estresak eragindako osasun-arazoak, esaterako zorabioak, buruko edo urdaileko minak, eskola-errendimenduan gorabeherak izatea, eskolara ez joatea, Internet gutxiago erabiltzea, etab. Izan ere, ziberjazarpenak ondorio psikologiko larriak utzi ohi ditu autoestimuan eta besteekin harremanetan jartzeko gaitasunean kalteak eraginez, eta batzuetan depresioa edo norbere buruari min egitea ekar dezake.

Ziberjazarpenak ohiko jazarpena larriagotzen duten ezaugarriak ditu. Gailuen bidez gertatzen denez, biktimaren gizatasuna galtzen du, ez delako zuzenean ikusten haren erreakzioa, jasaten duen kaltea eta jokamoldea desinhibitzen du; horren ondorioz, jokabide hori dutenak ausartu egiten dira aurrez aurre jokatuko ez luketen bezala jokatzen, baita oso modu oldarkorrean ere. Gainera, anonimotasunak zigorgabetasun-sentsazio faltsu bat dakar.

Ziberjazarpenari laguntzea, baita asmo kaltegarri eta agerikorik ez badago ere, erraza eta azkarra da: nahikoa da mezu edo eduki suntsitzaileak partekatzea edo atsegin duzula esatea. Edozein pertsona, adingabea, famatua zein anonimoa izan daiteke Internet bidezko jazarpenaren biktima. Aski da haren datuak online egotea, norbaitek jazarpen birtuala eragiteko, eta, zenbaitetan, mehatxu horiek benetako munduan gertatzen dira gero.

Detektatutakoan edo biktimak laguntza eskatzen duenean, komeni da babesa ematea eta balizko erruduntasun-sentimenduak baretzea, eta eraso guztien pantaila-argazkiak egitea (iruzkinak, argazkiak, bideoak, etab.), ziberjazarpena nola eta noiz gertatu zen adierazten duten ebidentziak biltzeko. Ez da inola ere gomendatzen horiek ezabatzea edota jazarleekin harremanetan jartzea. Adingabeen kasuan, ikastetxeari horren berri ematea gomendatzen da, kasuaren jarraipena egin dezaten eta laguntza psikologikoa eman dezaten. Arazoak bere horretan jarraitzen badu, garrantzitsua da Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen aurrean ziberjazarpenaren salaketa jartzea hurbilen dagoen polizia-etxean.