Skip to main content

Autonomoarentzako betekizunak industrian

Atarikoa

Kontratu bat sinatzeko orduan, gero eta gehiago, enpresa hornitzaileek hainbat eskakizun bete behar izaten dituzte, eta, eskakizun funtzionalak ez ezik, segurtasun-betekizunen zerrenda bat ere ematen zaie. Zerrenda honen bidez, egoera horri aurre egin behar dioten langile autonomoak edo mikroETEak orientatu nahi dira. Oinarrizko hainbat baldintza jasotzen dira, profesionalizazioa agerian uzten lagunduko dutenak. Ildo horretan, hobetzeko abiapuntua dira. 

Bezeroaren datuak leku seguruan:

  • Segurtasuna bermatuko duen toki batean gorde behar dira enpresaren datuak eta, bereziki, bezeroarenak.
  • Datuak leku seguruan gordetzeko aukera bat da hodei-hornitzaile fidagarriak erabiltzea, informazioaren segurtasuna bermatzeko. Soluzio horrek informazioa gordetzeko disko gogor bat erosteak baino kostu handiagoa izango du, baina hodei fidagarria duen hornitzaile batek babes-kontrol hobeak izango ditu.
  • Hodei-hornitzaile bat aukeratu aurretik, garrantzitsua da zerbitzuaren erabilera-baldintzak berrikustea eta fidagarria dela ziurtatzea.

Azpiegitura profesionala

  • Etxetik egiten duzun lana bada zure bizibidea, erabili azpiegitura profesionalak, bai ekipamendua (eramangarria eta mugikorra), bai komunikazio-lineak. Ez eman eskas banda-zabalerari eta, gutxienez, zifratu WPA2 edo WPA3 komunikazioak.
  • Hobe 4G mugikorreko linea bat baduzu, edozein arrazoirengatik linea nagusia eteten bada ere. Eta hobe wifi-hornitzaileaz bestelako bat bada. Ildo horretan, berrikusi zure mugikorra babesteko atala. 
  • Ahal dela, ez konektatu hirugarrenen wifi-sareetara.

Babestu zure ordenagailu eramangarria:

Jokatu zentzuz: zure ordenagailua da (eramangarria edo mahai gainekoa) zure bezeroaren informazioarekin lan egiteko erabiliko duzun tresna nagusia. 

  • Ekipamendu hori lanerako bakarrik da: Ez erabili ordenagailu hori aisialdirako, ez zeure kontuetarako, ez zure familiarekin egiteko jardueretarako.
  • Erabili legezko softwarea. 
  • Ordenagailuak sistema eragile eguneratua izan beharko luke. Eskura dituzun babes-mekanismoek egungo arriskuaren errealitatera egokituta egon behar dute. 
  • Erabili eguneratze automatikoak.
  • Erabili ordenagailuaren babes-mekanismoak (suebakia, antibirusa, eta abar).
  • Ez desaktibatu antibirusa, eta egiaztatu eguneratuta dagoela.
  • Zifratu disko gogorra. Galdu edo lapurtuz gero, inork ezingo du eskuratu informazioa.
  • Egin zure ordenagailuaren segurtasun-kopiak.  Eta probatu aldian behin. 
  • Erabili sare pribatu birtualak (VPN) hodeira konektatzeko eta zure bezeroaren informaziora sartzeko. Ez utzi daturik lokalean. 
  • Blokeatu ordenagailua ez zaudenean inguruan. 
  • Ahal dela, ez erabili USBak eta datuak biltegiratzeko halako gailuak. Eta beste erremediorik ez baduzu, zifratuta egon behar dute beti.

Babestu zure mugikorra.

Zure lanerako elementu nagusia edo segurtasun-kopia izan daiteke. Zure mugikor profesionalarekin egiten duzun guztiak eragin diezaioke bezeroari:

  • Ez sartu orrialde susmagarrietan, ezta mugikorrarekin ere.
  • Ez gogoratu pasahitzak nabigatzailetan. Hartu ohitura nabigazio-historia garbitzeko.
  • Ez erabili aplikazio mugikorrak, denda ofizialetakoak ez badira. 
  • Eguneratu gailua fabrikatzaileak adierazten dizun guztietan.
  • Ez gehitu inoiz mugikorrari funtzionalitate berririk, baldin eta jailbreak bat egitea eskatzen badu.
  • Unean-unean bakarrik erabili bluetootha eta NFC konexioak, behar dituzunean baino ez. 
  • Ahal baduzu, zifratu zure gailua. 
  • Galdu edo lapurtuz gero, erabili urruneko jarraipena egiteko eta urrunetik ezabatzeko sistemak.

Babestu zure sarbideak

  • Erabili gutxienez erabiltzailea eta pasahitza zure gailu eta sarbide guztietarako (desberdinak eta kalitatezkoak izan behar dute, gutxienez 8 karaktere alfanumeriko eta sinbolo). Ez da ideia ona pasahitz bera erabiltzea edozertarako.
  • Erabili pasahitzen kudeatzaile bat, guztiak gogoratu beharrik ez izateko.
  • Erabili bigarren autentifikazio-faktore bat ahal duzun guztietan (mugikorra, SMSa...).

Jarraibide horiek guztiak eta ezar ditzakezun beste batzuk arau-dokumentu baten parte izan daitezke enpresan zareten talde txikiarentzat. Hartara, taldeko inork ez die sortuko arrisku handiagorik, ez gainerako lankideei, ez bezeroei. Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da informazioaren segurtasunaren alorreko prestakuntza ematea aldian-aldian, ahalik eta txikiena izan dadin segurtasun-arrakala bat gertatzeko probabilitatea edo, gertatuta ere, inpaktua minimizatzeko. Azken alderdi hori da garrantzitsuena; izan ere, ulertu behar da segurtasuna ez dela aukera bat bezeroekin lan egiteko orduan.