Bitcoinaren balioa nabarmen areagotu da, eta 60.000 dolar estatubatuar gainditzera ere iritsi da. Horren aurrean, etengabe ari dira hazten bitcoinetan eta beste kriptodiru batzuetan egindako inbertsioak. Hala ere, prezioaren igoera hain sonatu horrek eztabaida piztu zuen komunikabideetan eta nazioarteko komunitatean kriptodiruaren erregularizazioari buruz –berez piztuta zegoen aurretik ere eztabaida hori, neurri txikiagoan izan arren–, bai eta kriptodiruaren funtzionamendu egokiari buruz ere.
Kasu honetan, nabarmentzekoa da kriptodiruaren funtzionamendua eta egungo erabilera ulertzeko beharra, eta nahitaezkoa da, orobat, ziberkrimenak nola baliatzen dituen ulertzea ere, dela eragiketak zuritzeko, dela eragiketa horien ahalik eta arrastorik txikiena uzteko.
Informazio horretatik abiatuta, dokumentu honek bitcoinaren erabilera aztertzen du, eta honako galdera hauei erantzutea du helburu: Zer da bitcoina? Legezkoa edo legez kanpokoa da bitcoinak erabiltzea? Zer-nolako zibermehatxuak eragin ditzake? Eta zer eginkizun du ziberkrimenean eta herritarren artean?
Bitcoina moneta birtual gisa
Bitcoinen webgunean bertan ederki aipatzen den bezala, “ordainketa-sistema berri bat eta moneta erabat digital bat ahalbidetzen dituen sare adostu bat da”; hau da, bitcoina moneta birtual edo kriptodiru autoerregulatu gisa defini daiteke, zeinak jabearen anonimotasuna gordetzen baitu. Horretaz gainera, adierazten dute ordainketak “deszentralizatuak” direla, “erabiltzaileek bultzatuta, agintari zentralik edo bitartekorik gabe”.
Definizioak moneta birtualaren independentzia erakusten du, eta haren erregulazioa aldatu egiten da herrialdearen eta kasuan kasuko erakundearen arabera. Bitcoinaren deszentralizazioak adierazten du azkenean moneta birtualaren erabiltzaileek mantentzen dutela haren kontrola.
Bitcoinaren funtzionamendua blockchain edo bloke-katea erabiltzean oinarritzen da. Blockchaina “erregistro bakar, adostu eta sare bateko zenbait nodotan banatu” gisa definitzen da, eta teknologia horrek transakzioak kriptodirutan egiteko eta erregistratzeko balio du.
Blockchaina bloketan banatuta dago, eta haietako bakoitzean transakzioen erregistroak, blokearen informazioa eta aurreko eta hurrengo blokeekiko lotura-datuak biltegiratzen dira hash baten bidez. Ondoren, blokeen katea sareko nodoetan gordetzen da, informazio hori uneoro eskura izateko aukera ematen du, eta ez du galtzen, aldatzen edo ezabatzen.
Blockchain teknologiaren erabilerarekin, bitcoinetan eginiko transakzioek banku-transakzio arrunten antzeko egitura dute, baina haien bereizgarriak dira itzulezinak, ezizenez egindakoak, azkarrak eta seguruak direla.
Transakzio bat egiteko, erabiltzaileak wallet edo diru-zorro birtual bat eduki behar du bitcoinetan. Diru-zorro digitalak edukitzen du, batetik, gako publiko bat (diru-zorroaren helbidea) eta, bestetik, gako pribatu bat (transakzioetarako sinadura gisa balio duena), zeinak sekretupean egon behar baitu bitcoin-bidalketak egin ahal izateko. Transakzioa egin ondoren, bitcoin-sarera transmititzen da. Bertan, minaketa-prozesu bat arduratzen da gakoak egiaztatzeaz eta transakzioa prozesatzeaz, blockchain kateko blokeetan sartzeko.
Hala ere, bitcoinaren eta kriptodiruen gorakadak erabiltzaileen aktiboak arriskuan edukitzen dituzten jardunbide maltzurrak ere bultzatu ditu:
- Estortsioak ordaintzeko eskaerak, ranswomware kasuetan gertatu den moduan bezala;
- Interneteko iruzurrak bitcoinetan eginiko inbertsioen bidez;
- Delitu informatikoak, hala nola erabiltzaileen bitcoin-zorroak babesten dituzten plataformen aurkako zibererasoak.
Erabiltzaileek eta enpresek izan ditzaketen iruzur eta delitu informatikoen aurrean, nabarmentzekoa da subjektuek moneta birtualari eman diezaioketen erabilera. Arestian aipatu bezala, bitcoinen erregulazioa aldatu egiten da, segun eta subjektua edo erakundea zer herrialdetan dagoen.
Esate baterako, Amerikako Estatu Batuetako Finantza Krimenak Egikaritzeko Sareak (FinCEN) adierazten duenez, bitcoinak “moneta birtual” gisa funtzionatzen du eta “moneta errealaren ordezko edo existitzen den monetaren baliokide gisa” definitzen du. Hala ere, bitcoina ez dago FinCENen erregulaziopean. Ildo horretan, erregulazio eskasa eta anonimotasuna dela eta, talde kriminalek kriptodiruak baliatzen dituzte transakzioak egiteko.
Bestalde, Bolivian, Aljerian, Egipton eta Marokon debekatuta dago bitcoinak erabiltzea –edo araudi zorrotzen pean–, eta Kanadan edo Txinan debekatuta daude bitcoinetako maileguak. Estatuek eta finantza-erakundeek ahaleginak egiten jarraitzen dute bitcoinen erabileraren segurtasuna eta erregulazioa bermatzeko, baina beste herrialde batzuetan, El Salvadorren esaterako, legezko diru bilakatu da herritarren eta negozioen artean. Herritar arruntek bitcoinak erabili ahal izateak esan nahi du online eros ditzaketela produktuak webguneetan, eta bitcoinak erabil ditzaketela transakzio horietan, hala nola arropa, altzariak edo bitxigintzako artikuluak eskuratzeko. Era berean, bitcoinen erabilera moneta birtuala inbertsio gisa mantentzera hedatzen da.
Enpresa-eremuari dagokionez, estatu edo finantza-erakunde batek kriptodiruen erabilera mugatzen saiatzeko duen esparruaren mende egongo da. Kasu horretan, hainbat tamainatako negozioek bitcoinetan egin ditzakete transakzioak; esaterako, eskaerak ordaintzeko edo konpainien lanean sartzen diren legezko beste transakzio batzuk egiteko.
Zibermehatxuak
Zibergaizkileek zibererasoen xede gisa hartu dituzte bitcoinak dituzten erabiltzaileak eta enpresak, bai eta diru-zorro birtualak biltegiratzen dituzten eta kriptodirutan transakzioak egiteko baliatzen diren plataforma birtualak ere.
Horren adibide da kriptodiruak minatzeko aplikazio faltsuen banaketa, Androiden sistema eragileetarako. Kasu tipiko bat da kriptodiruak minatzeko ustezko aplikazioak deskargatzea; hori egin ordez, erabiltzaileari iragarkiak erakusten dizkiote egiaz.
Era berean, iruzur kasuak gertatu dira bitcoinetan inbertitzeko plataforma faltsuen bidez. Hori gertatu zen, esaterako, WoToken plataformarekin: 700.000 lagun erakarri zituen, eta, azkenean, 46.000 bitcoineko iruzurra egin zuen.
Era berean, banku nazionalen nortasuna ordezten duten SMS mezuekin eta mezu elektronikoekin gertatzen den bezala, ez da baztertzen zibergaizkileek beren jarduerak areagotzea mezu elektronikoak eta SMS mezuak masiboki bidalita (edo mezu zuzenak helarazita), bitcoin-erabiltzaileen artean malwarea banatzeko eta haien kredentzialak lapurtzeko.
Kriptodiru-plataformen aurkako erasoei dagokienez, plataformen beraien ahultasunak erabili dira, ondoren sarbide pribilegiatuak lortzeko eta bezeroen zorro birtualak lapurtzeko. Eraso sonatuenen artean, hauexek nabarmentzen dira:
- 2 gether etxeko kriptokontuei eginiko erasoa: konpainiak 1.183 milioi euro baino gehiago lapurtu zituen, horien artean 114 bitcoin. Kasu horretan, 2gether enpresak ezin izan zituen birjarri galdutako aktiboak.
- Youbit etxeari eginiko zibererasoa: zibergaizkileek bezeroen dibisa birtualen % 17 lapurtu zuten. Kasu horretan, ez dute baztertzen Ipar Koreako APT batek parte hartu izana, konpainiaren plataforman topatutako ahultasunak ustiatuz.
- Bitfinex etxearen segurtasun-arrakala: Konpainiak 2016an jakinarazi zuen bere bezeroen hainbat bitcoin-zorrori eragin zien segurtasun-arrakala bat zegoela, eta eraso informatikoaren ondoren 119.000 bitcoin baino gehiago galdu zituen.
- Poly Network-eko zibergorabehera: 2021eko abuztuan, zibergaizkileak enpresaren barne-sarera sartu ziren urrakortasun bat aprobetxatuta, eta 600 milioi dolar baino gehiago lapurtu zituzten kriptodirutan. Gaizkileak lapurtutako dirua itzuli zuen arren, ez da baztertzen antzeko zibererasoak izatea aurrerantzean.
Kriptodirua deep eta dark webean
Kriptomonetek pisu handia dute Deep eta Dark Webean, legez kanpoko materiala eta zerbitzuak salerosteko blog, foro eta kanaletan egiten diren eragiketak miatu ezin izateko. Ziberkrimen-sare batzuek azpiegitura garrantzitsua dute web-ingurune horietan, eta haietan mantentzen dute ondasunak, zerbitzuak eta informazioa salerosteko negozioa. Kriptodirua baliatzen dute eragiketa horietarako.
Era berean, inguru horietan hacking zerbitzuak edo balizko eraso informatikoei buruzko informazioa eskaintzen duten pertsonak ere egon daitezke. Era berean, kriptodiru-zorroak eta kriptodiru-plataformen erabiltzaileen datuak aurki daitezke salgai.
Ondorioak
Kriptodiruek, eta batez ere bitcoinek, gero eta presentzia handiagoa dute sarean, ugaritzen ari baitira erabiltzaileak eta inbertitzaileak. Gorakada horren ondorioz, ugaritzen ari dira erabiltzaileen, enpresen eta aktiboen aurkako zibermehatxuak ere, eraso informatiko horiekin ziberdelitugileek lor dezaketen etekin ekonomikoa dela eta.
SMS, phishing edo iruzurrezko plataformen bidez eginiko maulak dira, hain zuzen ere, bitcoina edo, oro har, kriptodirua baliatzen duten erabiltzaileek eta enpresek jasan ditzaketen arrisku nagusiak. Kontuan hartu behar da, orobat, kriptodiru-plataformen aurkako zibererasoen arriskua ere, bezeroen aktiboei eragin baitiezaieke. Kasu horretan, erregistratutako erabiltzaileen datu pertsonalei, kredentzialei eta informazio sentikorrari ere eragin dakieke kaltea.
Erreferentziak
- https://bitcoin.org/es/faq#que-es-bitcoin
- https://www.elperiodico.com/es/economia/20210224/bitcoin-que-es-6467132
- https://es.cointelegraph.com/bitcoin-for-beginners/is-bitcoin-legal
- https://www.fincen.gov/sites/default/files/shared/FIN-2013-G001.pdf
- https://es.cointelegraph.com/tags/bitcoin-regulation
- https://www.ft.com/content/fef6ce3d-cae1-4e99-9cff-c3acff4c6cc8
- https://twitter.com/LuisGyG/status/1430534826462007300
- https://es.cointelegraph.com/news/trezor-crypto-wallet-warns-users-of-doppelgaenger-scam-app-on-google-play
- https://www.criptonoticias.com/seguridad-bitcoin/7-mayores-robos-bitcoin-historia/
- https://www.lavanguardia.com/economia/20200804/482666631465/fintech-2gether-robo-ciberataque.html
- https://www.elplural.com/economia/un-ciberataque-provoca-el-desplome-del-mercado-de-bitcoins-en-corea-del-sur_116216102
- https://www.criptonoticias.com/seguridad-bitcoin/7-mayores-robos-bitcoin-historia/
- https://www.eleconomista.es/mercados-cotizaciones/noticias/11356362/08/21/El-mayor-robo-de-criptomonedas-de-la-historia-afecta-a-la-red-ethereum-y-otras-blockchain.html
- https://xss.is/threads/48699/#post-346927
- https://raidforums.com/Thread-BUYING-Trezor-io-full-db?highlight=Trezor
- https://www.welivesecurity.com/la-es/2018/09/04/blockchain-que-es-como-funciona-y-como-se-esta-usando-en-el-mercado/
- https://www.genbeta.com/desarrollo/que-son-y-para-que-sirven-los-hash-funciones-de-resumen-y-firmas-digitales
- https://economia3.com/que-es-mineria-criptomonedas-y-que-usos-tiene/