Skip to main content

Arriskua kudeatzea sare sozialetan

Bilakaera teknologikoak ohitura eta bizimodu berriak ekarri dizkio gizarteari. Teknologiak gero eta garrantzi handiagoa du eguneroko martxan, eta gaur egun ia ezinezkoa da teknologiarik gabeko bizitza bat imajinatzea.  

Ildo horretan, sozializatzeko eta besteekin harremanetan jartzeko dugun moduan gertatu da aldaketa garrantzitsuenetako bat. Atzean geratu dira urrutiko norbaitekin komunikatzeko modu bakarra telefono-dei bat egitea zen garaiak, edo, berrikiago, posta elektroniko bidezko harremanak. Gaur egun, sare sozialei esker, posible da berehalaxe komunikatzea munduko edozein lekutan dagoen edonorekin. Eta ez hori bakarrik, posible da aldi berean hainbat pertsona-talderekin komunikazioak ezartzea eta haiekin irudiak, ahots-audioak eta fitxategiak partekatzea. Alde horretatik, WhatsApp, Facebook, Twitter eta halako aplikazioak ezinbesteko bihurtu zaizkigu gure eguneroko bizimoduan, eta gero eta pertsona gehiagok jotzen dute haietara, adina gorabehera.

Hala ere, sare sozialetan erabiltzaile gehiago izateak zibergaizkile gehiago izatea ere ekarri du. Horiek erabiltzaile berrien (eta ez hain berrien) ezjakintasunaz baliatzen dira, haiek engainatzeko eta, hala, beren helburuak lortzeko. Horregatik, garrantzitsua da sare sozialak erabiltzeak dakarren arriskuari buruzko ezagutza izatea, modu seguruan gozatu ahal izateko eskaintzen dituzten abantailez.

Sare sozialen arriskuak

Aurreko lerroetan aipatu bezala, sare sozialak erabiltzeak hainbat arrisku eragiten ditu:

1.Informazio pertsonala erakustea

Sare sozialetan informazio pertsonala erakusteak ondorio katastrofikoak ekar ditzake. Zenbat eta datu gehiago partekatu Interneten, orduan eta informazio gehiago izango dute zibergaizkileek erasoa prestatzeko. Adibidez, oporretako argazki bat argitaratze hutsak aukera ematen die gaizkileei jakiteko ez zaudela etxean eta, beraz, ondorioztatuko dute errazago sartuko direla bertan. Kontuan izan behar da publikoa dela sare sozialetan argitaratzen den informazioa, eta, beraz, mundu guztiak eskura dezakeela. Hori dela eta, ez da partekatu behar inork jakiterik nahi ez duguna. 

Iruzur edo lapurreta baten biktima ez izateko, zenbait neurri hartu behar dira.

Garrantzitsuena da ez partekatzea informazio pertsonala ezezagunekin. Horretarako, gomendagarria da kontua modu pribatuan mantentzea, hau da, gehituta dauzkazun pertsonek soilik ikusi ahal izatea argitalpenak. Horretaz gainera, garrantzitsua da ezagutzen dituzun pertsonak bakarrik onartzea, ez baitu ezertarako balio kontu pribatua izateak ondoren edonor onartzen bada.  Pirata informatiko gehienek beste norbait balira bezala jokatzen dute, eta biktimak ezagutzen eta haietara ohitzen saiatzen dira. Lortu ondoren, datu pertsonalak eskatzen hasten dira iruzur egiteko. Horregatik, urrun egon behar dugu haiengandik, eta ondo jakin behar dugu zein diren gure adiskide birtualak.

Partekatzen den informazioak ez du izan behar konfidentziala. Hau da, inori ez zaio interesatzen zure NAN zenbakia, Gizarte Segurantzakoa edo banku-kontua; beraz, ez da jakinarazi behar inoiz halakorik sare sozialen bidez. Ildo horretan, kontu handiz ibili behar da produktuak edo bestelako zerbitzuak doan edo merkeegi eskaintzen dituzten estekekin, eraso-iturri izan baitaitezke. Aplikatu maxima hau: «Tankera onegia badu gauza onerako, egia ez den seinale».

2.Kontuak lapurtzea

Gaur egun, zibergaizkileek hainbat tresna dituzte eta teknika ugari erabiltzen dituzte kontu eta aplikazioetako pasahitzak lortzeko.  Horretaz gainera, erabiltzaileek baliatzen dituzten pasahitzek, oro har, ez dute laguntzen, ez baitituzte betetzen gutxieneko segurtasun-baldintzak. Oinarrizko segurtasun-neurriak ez aplikatzeak erraztu egiten die kontuetara sartzea.

Kontuan sartzean, erasotzaileek gure nortasuna faltsutu dezakete eta gure gertuko zirkuluko datuak, argazkiak eta informazio konfidentziala eskatu edo eskuratu ditzakete. Eta ez hori bakarrik: kontu horri lotutako informazio pertsonal guztia ere eskura dezakete, hala nola kokapena, telefono-zenbakia, banku-txartela, posta elektronikoa... Gainera, baliteke kontu hori beste kontu batzuei lotuta egotea, eta, hurrenez hurren, askoz informazio gehiago eskuratzeko aukera izatea. Hori dela eta, ahalik eta informazio gutxien gorde behar da kontuan, eta, datu konfidentzialen bat eman behar bada –adibidez, erosketa bat egiteko–, ezabatu egin behar da emandako informazioa.

Erasotzaile asko ez dira konformatzen informazio hori eskuratzearekin, baizik eta etekin ekonomikoa bilatzen saiatzen dira, eta saldu egiten diete informazio hori hirugarrenei. Dark Web edo Internet ilunean egiten dute hori. Hala, saldu egiten dituzte Facebooketik, Paypaletik edo Instagrametik lapurtutako kontuak, banku-txartelen zenbakiak... Eta guztia ere modu anonimoan, arrastorik utzi gabe. Hori dela eta, oso garrantzitsua da txartelari baja ematea (txartelak lapurtu edo galduz gero) eta pasahitzak aldian behin aldatzea; izan ere, kontura sartzea lortu ondotik, erasotzaileek pasahitz hori bera erabiliko dute beste aplikazio batzuetan sartzeko. Ondorioz, ez dira erabili behar pasahitz berberak zerbitzu batean baino gehiagotan. Gainera, oso gomendagarria da autentifikazio bikoitzeko sistemak ezartzea. Sistema horiek kontuak babesten laguntzen dute, eta zaildu egiten dute hirugarrenak horietara iristea.

3.Osasunerako arriskuak

Sare sozialak erabiltzeak, datuetan ez ezik, osasunean ere eragiten du. Pantaila baten aurrean argazkiak ikusten eta pertsonekin txateatzen denbora gehiegi pasatzeak jokabide antisozialak eta mendekotasuna sor dezake, eta gerta liteke bihotzeko gaixotasunak edo diabetesa eragitea. Izan ere, pantaila baten aurrean denbora luzez egotearen poderioz, bigarren mailako bihurtzen dira hainbat ohitura sinple eta natural, hala nola kirola egitea edo maite ditugunekin denbora pasatzea. Horretaz gainera, sare sozialen erabiltzaileek joera handiagoa dute autokontrola galtzeko, kanpoko faktoreek bultzatzen baitituzte. Sare sozialetako lagunak txunditu nahiak leku arriskutsuetan argazkiak ateratzera eraman dezake, eta, ondorioz, arriskuan ipintzea norbere bizitza eta besterena. Egoera horiek saihesteko, garrantzitsua da belaunaldi berriak kontzientziatzea sareak eta teknologiak gehiegi erabiltzeak ekar ditzakeen ondorioez.

4.Ziberjazarpena

Ziberjazarpen edo ciberbullying esaten zaio pertsona batek adingabe (edo heldu) bati bitarteko digitalak erabiliz egiten dion jazarpena, hala nola sare sozialetan, WhatsAppez, onlineko bideo-jokoen bidez... Ziberjazarpentzat hartzen da pertsona batek beste batzuk mehatxatzea, umiliatzea, jazartzea edo gogaitzea, aurreko bideetako edozein erabiliz. 

Jazarpen sozialaren alorreko arazo larria da mundu zabalean, eta adinekoei, gazteei eta haurrei eragiten die. Hala ere, adingabeek jasaten dute arrisku hori gehien, ez baitaude behar beste prestaturik edo baitute izaten behar adina ezagutza halako egoerei aurre egiteko. 

Hauek dira adierazpide nagusiak:

  • Zurrumurruak zabaltzea foro edo sare sozialetan.
  • Kontu faltsuak sortzea biktimaren nortasuna barregarri uzteko, jazartzeko edo ordezteko.
  • Benetako argazkiak eta muntaketak igotzea sare sozialetara, inor barregarri uzteko.
  • Mehatxuak

Kontzientziazioa da, beste behin ere, halako arriskuak amaitzeko irtenbidea. Halako erasoen biktima izatea saihesteko, lagungarria da erabiltzaileak kontzientziatzea sare sozialek dakarten arriskuaz eta aurre egin behar dieten mehatxuez. Halaber, irakatsi behar zaie (batez ere adingabeei) ziberjazarpenaren biktima izan bezain pronto ipini behar dituztela jakinaren gainean senideak eta hurbileko pertsonak. Izan ere, horiek laguntza eskain dezakete jazarpen hori amaitzeko.  

5.Sexu-harrapariak

Azkenik, sexu-harraparien kasua dugu. Pertsona horiek beste batzuen nortasuna hartzen dute, biktimaren konfiantza lortzen dute eta argazki konprometituak bidaltzeko eskatzen diete, zabaltzeko eta dirua irabazteko, edo, besterik gabe, norberaren erabilerarako. Kasurik okerrenetan, gerta litezke bortxaketak, bahiketak eta halakoak ere. Arrisku horiek adindunei ez ezik adingabeei ere eragiten diete.

Arazo horri aurre egiteko, beste behin ere, erabiltzaileek jakin behar dute ez dituztela partekatu behar argazki konprometituak ezezagunekin. Gainera, lehen aldiz pertsona ezezagun batekin geratuz gero, leku publikoetan egitea komeni da, jende asko dagoen tokian. Hala, laguntza behar izanez gero, beti egongo da norbait inguruan. Era berean, senideei edo lagunei ere eman behar zaie lekuaren eta dataren berri. 

Ondorioa

Sare sozialek aldatu egin dute pertsona askoren bizitza eta bizkortu egin dute komunikatzeko modua. Eskaintzen dizkiguten abantaila ugariak ahalik eta gehien eta modurik seguruenean aprobetxatzeko, gida honetan zehar ikusi dugun bezala, beharrezkoa da zenbait neurri hartzea. Izan ere, hainbat motatako erasoak izaten dituzte sare sozialek. Kontu berezia izan behar da zer informazio zabaltzen dugun eta nori ematen diogun. Horri esker, posible da informazio konfidentziala kontrolaturik edukitzea eta zibergaizkileetatik babestea, nortasun-usurpazioak, lapurretak eta halakoak saihesteko. Horregatik, funtsezkoa da kontzientziazioa: izan ere, nahikoa da sarean argazki bat argitaratze hutsak dituen arriskuez ohartaraztea, erasotzailearen helburu maltzurrak zapuzteko.