Sarrera
Terminal mugikorrak ia ezinbesteko elementu bihurtu dira gure bizitzetan, bai kontsultarako eta aisialdirako elementu gisa, bai esparru profesionalerako. Denok gordetzen dugu informazio pertsonal eta profesional asko gure gailu mugikorretan, eta hori babestea komeni da. Gutxieneko segurtasun- eta pribatutasun-jarraibide batzuekin konfiguratuta edukitzeak gure egunerokoan lagunduko digu eta buruhausteak saihestuko dizkigu.
Nori zuzenduta dago?
Herritarrei, oro har, zibersegurtasunaren kultura sustatzeko. Gailu mugikorrak babestuta eta nolabaiteko pribatutasunarekin eduki nahi dituen edozein pertsona.
Posible al da mugikor bat birusekin infektatzea?
Infektatzeko modua ordenagailuenaren antzekoa da, adibidez, zerbait legitimoa egiten duela dioen aplikazio bat instalatuz, barruan malware mota bat daramana, troiar izenez ezagutzen dena, zerbait kaltegarria egiteko. Zizareak ere detektatu dira, malware mota bat, mugikor batetik bestera memoria-txartelen bidez edo bluetooth bidez erreplika daitekeena. Banku-troiarrak, mugikorretik banketxeetara sartzen diren erabiltzaileei erasotzen dietenak. Laburbilduz, gure ordenagailuetan ditugun arrisku berberak ditugu gure mugikorretan.
Birus informatikoak malware mota bat dira, ingelesez software maltzurraren akronimoa. Malware horietako batzuek beste sistema batzuei erantzuteko eta infektatzeko gaitasuna dute; beste batzuek, berriz, kontuetan edo kreditu-txarteletan sartzeko informazioa biltzen dute, dirua lapurtzeko. Kontuan hartuta IoT, Internet of things, gauzen interneten gaur egungo munduan dena dagoela interkonektatuta, horrek esan nahi du dena hackeagarria dela, eta gailu mugikorrek ez dute errealitate horretatik ihes egiten eta sarera konektatutako beste edozein gailu bezain agerian daude.
Bestalde, pribatutasunaren gaiari dagokionez, mundu digitalean ere eskubide bat da, eta ez dugu zertan informazio pertsonala partekatu, nahi ez badugu. Zerbitzu batean alta emateko horrelako informazioa eskatzen bazaigu, ez da beharrezkoa informazio hori ematea, eta zerbitzu horretatik esaten bazaigu bai dela betebeharra, ez dugu zertan erabili.
Segurtasun eta pribatutasun terminalak konfiguratzeko jarraibide orokorrak
- Erabiltzaileek, batzuetan, ekintza arriskutsuak egiten dituzte, adibidez, terminala desblokeatzeko pin koderik edo horretarako eredu biometrikorik ez izatea. Berdin online bankako aplikazioak erabiltzeko. Terminalerako sarbide fisikoak jabearen kontrolpean egon behar du beti. Pantaila blokeatzeko/desblokeatzeko patroirik ez badago, edonork erabil dezake terminala.
- Ordenagailuetan bezala, mugikorrek sistema eragile baten gainean funtzionatzen dute, eta ordenagailuetan bezala, eguneratu egin behar dugu, malwarea instalatzeko balia daitezkeen ahultasunak adabakirik gabe ez uzteko. Sistemaren eguneratze automatikoak aktibatu ditzakegu, eskuz egiteko zain egon nahi ez badugu, baina garrantzitsua da gailua azken bertsioan eguneratuta edukitzea.
- Mugikorra Interneten nabigatzeko ere erabiltzen dugu, eta arreta jarri behar dugu erabiltzen dugun nabigatzailean, eta eskaintzen dituen segurtasun- eta pribatutasun-aukerak aktibatu.
- Hirugarrenen dendetatik edo oso fidagarriak ez diren edo ospe txikia duten lekuetatik aplikazioak jaistea eta instalatzea ez da egin beharreko praktika bat. Seguruena denda ofizialetatik edo plataforma aitortu eta fidagarrietatik, app store, google play, microsoft store eta abarretatik plataforma horietan dauden produktuak deskargatzea da.
- Hedapena eta deskargak lortzeko helburuarekin, aplikazio askok interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eskaintzen dituzte, doan, baina inozoa da pentsatzea norbaitek inolako kargurik gabeko produktu bat eskainiko digula. Doan eskaintzen zaigun produktu baten aurrean bagaude, normalean, pentsatu behar dugu benetako produktua gu garela, zehatzago esanda, gure informazioa eta tresna horretan egiten dugun erabilera.
- Saihestu egin behar da sare wifi-irekietara konektatzea eta Interneten inolako zifraketarik gabe nabigatzea. Sare wifi-ireki batera konektatzeak esan nahi du sare horretara konektatuta dagoen eta ezagutza tekniko jakin batzuk dituen edonork ikus dezakeela sare horretan sortutako trafikoa; besteak beste, sare sozialetako kontuetara sartzeko gakoak eta pasahitzak, banku-aplikazioetara sartzeko kredentzialak eta abar.
- Txat aplikazio seguruak erabil ditzakegu, zifratze-maila oso altua eskaintzen dutenak, eta oso zaila da kanpoko norbaitentzako txatak eta deiak deszifratzea.