Skip to main content

Hodeiko zerbitzuak

Negozio-eredu berriak: erabilera eta lotutako arriskuak

Hodeiaren kontzeptuak lotura estua du birtualizazioarekin, eta joan den mendeko 70eko hamarkadatik dago presente; izan ere, terminalen kostu handiaren ondorioz, enpresa teknologikoak terminalen baliabideak hainbat erabiltzaileren artean «partekatzeko» modua asmatzen hasi ziren.

Kontzeptu horixe da hodeiaren oinarria. Ahalmen eta baliabide handiko milaka zerbitzarik osatzen dute hodeia, zeina hainbat erabiltzailek partekatzen baitute. Gaur egun, hiru hodei-paradigma nagusi daude: SaaS, IaaS eta PaaS.

Hodei-ereduak

SaaS (Software as a Service): Azken erabiltzaileak gehien kontsumitzen duen hodei-eredua da; izan ere, ia edozein terminaletatik eskura ditzake baliabideak eta programak, haren bitartekoak kontuan hartu gabe. Kategoria horretan, izenak berak dioen bezala, softwarea eskaintzen da zerbitzu gisa, hala nola posta elektronikoa, onlineko testu-editoreak, biltegiratze-kudeatzaileak eta abar.

IaaS (Infraestructure as a Service): Enpresek gehien erabiltzen duten eredua da, konputazio baliabideak ia mugarik gabe eta berehala eskuratzea ahalbidetzen baitu. IaaS zerbitzuei esker, enpresek sortu eta hedatu egin ditzakete zerbitzariak, terminalak, datu-baseak eta beren negozio-beharren araberako biltegiratzea, eta ez dute arduratu behar haien azpian dagoen hardwarea mantentzeaz.

PaaS (Platform as a Service): Horixe da kokatzeko hodei-eredurik konplexuena, aurreko bien erdibidean baitago. Modalitate honetan, batez ere garatzaileei zuzendutako zerbitzuak ematen dira; esate baterako, garapen-plataforma bat eskaintzen da, zeinean erabiltzaileak ez baititu bere gain hartzen gailuen konfigurazioa eta mantentze-lanak.

Hodeiaren paradigma eta gehien erabiltzen diren ereduak axaletik azaldu ondotik, garrantzitsua da hodeiak dakartzan abantailak eta eragozpenak zehaztea.

Hodeiaren abantailak

Banda zabaleko Interneterako sarbidea garatu eta demokratizatu denez geroztik, gero eta erakargarriagoa da hodeia erabiltzea; izan ere, erraz lortzen da Internet bidez konektatzea zerbitzu eta/edo plataformetara.

Hodeiak dituen abantailen artean, hauek dira garrantzitsuenak:

  • Errentagarritasuna: Erabiltzaileen premien arabera, hodeia errentagarriagoa izan daiteke azpiegitura propioak erostea baino, ez baita kudeatzen azpian dagoen hardwarea. Beraz, hodeiak alderdi horretan eskaintzen duen onura potentziala kalkulatzeko orduan, kontuan hartu beharko litzateke hardwarea mantentzearen eta berritzearen kostua. Ildo horretan, aintzat hartu beharrekoa da, orobat, hodei-hornitzaileek eskaintzen dituzten gaitasunak aldatu egiten direla hornitzaile batetik bestera eta hautatutako tarifen arabera. Bestalde, badira doan eskaintzen diren hodei-zerbitzuak eta erabiltzaileen beharrik oinarrizkoenak bete ditzaketenak, inbertsiorik egin gabe. Hala ere, kontuan hartu behar da, produktuagatik kobratzen ez bada, erabiltzailea izaten dela produktua, eta, beraz, arretaz erabili behar direla doako zerbitzu horiek.
  • Malgutasuna: Hodeiaren erakargarritasun handienetako bat tokiko azpiegitura eredu klasikoaren aurrean eskaintzen duen eskalagarritasuna da. Erabiltzailea gai da kontratatutako baliabideak erraz gehitzeko edo murrizteko, ez baitu kudeatu behar zerbitzuen geruza fisikoa. Hala, ez dauka azpiegitura hedatzeko proiektuak edo aurreikuspenak egin beharrik, eta horrek denbora eta dirua aurrezten ditu.
  • Sinpletasuna: Hodeiak eskaintzen dituen abstrakzio-mailek aukera ematen dute proiektu teknologikoak abian jartzeko eta gauzatzeko, ezagutza espezifikoegiak behar izan gabe, eta horrek erraztu egiten ditu azken erabiltzaileen eta enpresa txikien beharrak, hala nola adituak edo jakintza tekniko aurreratuak izateari dagokionez.

Hodeiaren desabantailak

Teknologia guztiek bezalaxe, hodeiak eskaintzen du onurarik, baina baditu desabantailak ere, eta kontuan hartu behar dira hodeia soluziotzat hartzerakoan. Hodeiaren onura handienak azaldu ditugun bezalaxe, jarraian hodeiaren faktore negatiboak zerrendatuko ditugu:

  • Esposizioa: Hodeiaren faktore negatiboetako bat da hodeian gordetako zerbitzu edo edukiak gehiago bistaratzen direla, haien erabilera gero eta zabalduagoa den heinean. Faktore horren ondorioz, hodeiko plataformek arrisku handiagoa dute zibergaizkileen erasoak jasotzeko; izan ere, baliabide tekniko eta monetario handiko enpresak direnez, gaizkile zailduagoak erakarriko dituzte. Egia da hodeiaren esposizio handia faktore negatiboa dela, baina egia da, orobat, horren ondorioz hornitzaileek inbertsio handiagoa egin ohi dutela estandarrik onenak bermatzeko segurtasun-neurrietan. Alabaina, hornitzailearen eta haren lehentasunen araberakoa izango da faktore hori; horregatik, garrantzitsua da gida honetan aipatutako segurtasunarekin lotutako puntuak berrikustea.
  • Esternalizazioa: Hodeiaren beste desabantaila bat, hain justu ere, hodeiaren beraren kontzeptua da; hau da, hirugarrenen baliabideak erabiltzea erabiltzailearen zerbitzuak edo datuak zabaltzeko. Horrek esan nahi du, neurri batean, galdu egiten dela hodeira bidaltzen den guztiaren gaineko kontrola; izan ere, hodeian dagoenean, galdu egiten da azpian dagoen azpiegituraren kontrola, eta hornitzailearen esku geratzen da zabaldutako datuen edo zerbitzuen kudeaketa eta manipulazioa. Badira zerbitzu-kontratu eta neurri batzuk (zifratzea, adibidez), hodei-hornitzaileak bere azpiegituretan gordetako datuak eskuratzea eragotz dezaketenak, baina oraindik ere kontuan hartu beharreko arriskua da.
  • Internetekiko mendekotasuna: Urrutitik eskaintzen diren zerbitzuak direnez, ezinbestekoa da Interneterako sarbidea izatea zerbitzu horiek erabili ahal izateko. Hodei-hornitzaileek babes-lineak izaten dituzte komunikazioak huts egiten duen kasuetarako; hala ere, erabiltzaileek ez dituzte izaten neurri horiek, eta horrek huts egiteko puntu handia dakar. 

Segurtasuna hodeian

Hodei-hornitzaile guztiek ez dituzte betetzen segurtasun- eta betetze-estandar berak; beraz, oso garrantzitsua da alderdi horiek ezagutzea zerbitzuak kontratatzerakoan. Arreta berezia ipini beharko zaie faktore hauei:

  • Erantzukizun partekatua: hodeiko zerbitzuez ari garenean, garrantzitsua da kontuan hartzea segurtasuna ardura partekatua dela hodeiko zerbitzuen hornitzailearen eta zerbitzuaren enpresa/erabiltzailearen artean. Hodeian zerbitzu bat kontratatzen den bakoitzean, garrantzitsua da zerbitzuaren hornitzaileak eskaintzen dituen segurtasun-bermeak berrikustea, eta ez da ahaztu behar jarraitu egin behar dela datuak babesteko beharrezko segurtasun-neurriak aplikatzen.
  • Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra: Hodeiko zerbitzuen hornitzaile batzuk nazioartekoak dira, eta Europar Batasunetik kanpo dituzte egoitzak; beraz, garrantzitsua da egiaztatzea kontratatutako zerbitzuek betetzen dutela Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
  • Zerbitzuetarako kontratuak eta akordioak: Garrantzitsua da jakitea zein diren erabiltzailearen erantzukizunak eta zein baldintzatan ematen duen zerbitzua hornitzaileak, bereziki zerbitzuon bidez datu konfidentzialak biltegiratzeko edo prozesatzeko asmoa baldin bada, izan pertsonalak, izan enpresakoak.
  • Nortasunak kudeatzea eta administrazio-kontsolak: Bada kontuan hartu beharreko beste puntu kritiko bat ere: hornitzaileak zer mekanismo baliatzen dituen administrazio-eragiketen segurtasuna bermatzeko eta plataformatik eskainiko zer sarbide eskainiko duen atal batzuetarako eta besteetarako. Ezinbestekoa da identitateak ondo kudeatzea, segurtasuna bermatzeko 2FA aukera eta halakoak izatea, bai eta pasahitz sendoak konfiguratzea ere. Eta garrantzitsua da, orobat, erabiltzailearen jarduna log bidezko trazagarria izatea. Era berean, kontuan hartu beharreko alderdiak dira administrazio-paneletarako sarbide segurua, komunikazioak zifratzearen eta aldaketak baliozkotzeko eta atzera egiteko aukerak ematearen bidez.

Ondorioa

Artikulu honetan, egiaztatu dugu zer abantaila eta eragozpen dituen hodeiak modalitate guztietan, bai eta zibersegurtasunaren ikuspegitik dituen ondorioak ere. Laburbilduz, esan daiteke hodeiak abantailak ematen dituela soluzio teknologikoak erabiltzeko eta hedatzeko orduan, baina, hori hala izanik ere, ez da beti soluziorik onena. Beraz, kontu handiz balioetsi behar da zer zerbitzu-mota eskaini nahi den eta zer berme ematen dituen horretarako. Hala erabakiko dugu hodeia den soluziorik onena.