Skip to main content

Underground profilak: muleroak

Sarrera

“Muleroak” funtsezkoak dira Internet bidezko iruzurretan. Ziberkrimenaren terminologian, “mulero” deritze iruzurgileei lapurtutako dirua zuritzea ahalbidetzen dietenak. Dirua beren kontuan jasotzen dute eta, hainbat bide erabiliz, beste herrialde batera edo beste kontu batera bidaltzen dute.

Zenbaitetan, muleroak ez daki iruzur batean parte hartzen ari dela. Oro har, Interneteko eta sare sozialetako lan-iragarkien bidez jartzen dira harremanetan muleroekin, eta dirua erraz eta azkar irabaziko dutela ziurtatzen diete, diru-bidalketa bakoitzeko komisio bat kobratuko dutela hitzemanez.

Baina “mulero profesionalak” ere badira, gaizkileen erakunde bateko kide direnak edo sare independente batetik freelance gisa aritzen direnak. Mulero profesionalek hainbat kontu zabaltzen dituzte banku ezberdinetan, horretarako dokumentazio faltsua erabilita, eta dirua transferitu bezain laster ateratzen dute.

Gaizkile-erakundeen egitura

Erakunde baten partaide diren zibergaizkileak bi talde handitan sailka daitezke, haien rolaren arabera: alde batetik, “uzta-biltzaileak” (harvester) daude, datu pertsonalak lapurtzen dituztenak; eta, bestetik, “dirugileak” (cashier) daude, datu horiek erabiliz dirua lortzeaz arduratzen direnak.

Gaizkile-erakundeak herrialde askotakoak direla eta mundu osoko herritarrei eraso egiten dietela kontuan izanda, dirugileen zailtasunetako bat da dirua herrialde batetik bestera bidaltzea inork ohartu eta haren arrastoari jarraitu gabe. Horregatik, beharrezkoak dira dirua mugitu eta zuritzeaz arduratzen diren pertsonak: muleroak (smurfers).

Muleroen taldearen barruan, underground foroetan hainbat izendapen ezberdin erabiltzen dituzte, horiek egiten duten lan-motaren arabera:

  • Banking drop: Egiazko muleroak dira, eta bankuen arteko diru-transferentziak egiten dituzte.
  • Stuff Drop, Reshipping Drop, Reshipper: Internet bidez carding egiteko zailtasunetako bat da balio handiko ondasunak saltzen dituzten dendetako batzuek ez dituzte nazioarteko bidalketak egiten. Halako muleroen zeregina merkantzia jasotzea, hura berriz paketatzea eta carder deritzenak jasoko duen herrialdera bidaltzea da. Banking drop delakoetan bezala, erosketa iruzurtia ahalbidetzeko eta, ondasunak atzerrira birbidaliz, paketearen arrastoari jarraitzea zailtzeko ardura bikoitza dute.
  • Drop manager: Profil honetako gaizkileei mule header ere esaten zaie segurtasunaren industriaren arloan, eta mulen zerbitzua kudeatzen dute dirua zuritzeko.
  • Workers: Skimming metodoaren bidez kutxazainetan grabatutako txartelekin dirua ateratzeaz arduratzen dira.

Muleroak erakartzea

Muleroaren ohiko profila dirua zuritzeko operazioan laguntzeko engainatua den pertsona bati dagokio.

Azken urteotan, “mule headers” izenekoek beren engainuak findu eta Internet bidezko egiazko negozioen itxura duten webguneak sortu dituzte. Izan ere, iruzurrari sinesgarritasuna emateko, “mule headers” deritzenen estrategia erabilienetako bat da web faltsuak sortzea, egiazko konpainien domeinua, markak eta edukiak kopiatuz.

Gainera, muleroen errekrutatzaileek gizarte ingeniaritzako trebetasun bikainak dituzte diru beharrak dituzten profil jakin batzuetako pertsonak topatzeko orduan, eta beren errekrutatze-teknikak egokitzen dituzte pertsona horiek erakartzeko.

Muleroek delitu bat burutzen ari diren kontzientzia ez badute ere, krimen batean parte hartu dutela frogatzen bada, beren ekintzen lege-ondorioei aurre egin behar diete: espetxe-zigorra, isunak, komunitate-zerbitzuak... Epaituak diren herrialdearen araberako zigorra ezartzen zaie.

Nola erakartzen dituzte muleroak?

Muleroak erakartzeko prozesua aktiboa edo pasiboa izan daiteke:

  • Prozesu pasiboa: Errekrutatzaileek webgune faltsuak Googleads-en iragartzen dituzte, edo lana bilatu edo berriak irakur daitezkeen webguneetan txertatzen dituzten banner delakoen bidez. Noizbehinka, Black SEO teknikak erabiltzen dituzte eta, norbaitek bilatzailean “telelana” edo “diru gehiago irabazi” idatziz gero, beren webgunea agertzen da emaitza nabarmenduen artean.
     
  • Prozesu aktiboa: Kasu honetan, ez da espero biktimak webgune faltsua aurkitzea; horren ordez, harengana jotzen dute hainbat metodo erabiliz:
    • SMS edo mezu kanpainak Instagram, Facebook edota WhatsApp bidez.
    • Iragarkiak egunkarietan edo iragarki sailkatuetako tokietan.
    • Ikasle-egoitzetan, unibertsitateetan edo telefonotegietan banatzen diren posterrak eta eskuorriak.
    • Enplegu-atarien bidez atzematea. Biktimei beren lan-eskaintza faltsuak igortzeko, zibergaizkileek atari hauetan izena ematen dute, benetako enpresa bat balira bezala.

Nolakoak dira lan-eskaintzak?

Biktimak erakartzeko baliatutako modua gorabehera, lan-eskaintzak bat datoz zenbait ezaugarritan:

  • Enplegatzailea atzerriko enpresa bat da eta tokiko herritarren bila dabil “ordainketak prozesatu” edo “dirua transferitzeko”. Atzerritarrak izanda zerga asko ordaindu beharko lituzketelako aitzakia erabiltzen dute. Birbidalketak egingo dituzten muleroen kasuan, aitzakiak antzekoak dira, baina balio handiko ondasunei dagokienez.
  • Eskaintzen den lantokia berariaz nahasgarria da: “transferentzia-agentea”, “tokiko agentea”, “eskualdeko laguntzailea”, “birbidalketetako agentea” edo “posta-kudeatzailea”.
  • Lan-baldintza erakargarriak: soldata handia; jardunaldi partziala, goizez (bankuak irekita daudenean); etxetik egin daitekeen lana.
  • Lanpostuan aritzeko eskakizunak oso txikiak dira, eta ia edonork ase ditzake.

Mulero profesionalak

Muleroaren eta erakundearen arteko harremana oso ezberdina izan daiteke. Kasu batzuetan, diru-sarrera eskasak dituzten atzerritarrak dira, soldata osatzeko diru bila dabiltzanak eta noizean behin kolaboratzen dutenak. Beste batzuetan, prostituzioaren mafien biktima diren emakumeak enplegatzen dituzte. Eta, beste hainbatetan, mugikortasun handiko talde txikiak osatzen dituzte eta intentsitate handiko kanpaina bat egiten dute, aldi batez baino ez bada ere, gero bolada baterako desagertzen baitira.

Horiez gain, “oporraldiko muleroak” ere badira, ikasketa maila ertaina duten gazteak. Beren jatorrizko herrialdeetan errekrutatzen dituzte, eta iruzurra burutuko den herrialdeetara bidaiatzen dute, legez kanpoko jarduera batean arituko direla jakinda. “Work & travel” edo gazteei zuzendutako aldi baterako lan-egonaldien programa baten aitzakian sartzen dira herrialdeetan. Enplegu klandestino hauen berri ahoz aho jasotzen dute, edo sare sozialen bitartez.

Esteka interesgarriak

https://www.europol.europa.eu/activities-services/public-awareness-and-prevention-guides/money-muling

https://www.lamoncloa.gob.es/lang/en/gobierno/news/Paginas/2020/20201203money-laundering.aspx

https://www.nationalcrimeagency.gov.uk/what-we-do/crime-threats/money-laundering-and-illicit-finance