- Kanpaina honen helburua zibersegurtasuna modu erraz batean kolektibo gazteenari eta ahulenari hurbiltzea da, iraunkortasunaren eta kirolak irudikatzen duen ahaleginaren balioak sustatuz.
- Egoitz Bijueskak, 13 urteko skaterrak, Euskadiko txapeldun absolutuak eta 16 urtez azpiko Espainiako txapeldunak, erronkarekin bat egingo du eta lehen pertsonan kontatuko ditu zibersegurtasunarekin izandako esperientziak, Pariseko Joko Olinpikoetarako prestatzen ari den bitartean, Instagram eta Tik Tok aplikazioen bitartez.
- Interneterako konexioa duen mugikorra eskura izateko batez besteko adina 11 urte ingurukoa da, eta DBH ikasten ari diren nerabeen %94.8ra iristen da. Gehienek teknologiak kontrolatzen dituztela uste dute eta hackeo bat jasatearen aukera es dute kontuan hartzen. Adin-talde honetan informatzea eta kontzientziatzea da “Cyber Erronka” kanpainaren helburua.
Cyberzaintzaren, Euskadiko Zibersegurtasun Agentziaren, “Cyber Erronka” martxoaren 5ean hasiko da, eta 12 eta 17 urte bitarteko nerabeek zibersegurtasunari buruz dituzten ezagutzak probatu nahi ditu, 14 erronka ezberdinen bitartez. Erronka horiek Instagram eta Tik Tok aplikazioen bidez zabalduko dira (adin-talde horrek Youtuberekin batera gogokoen dituen sare sozialak, %79.9, %75.3 eta %90.8ko onarpenarekin, hurrenez hurren).
Zibersegurtasunarekiko arduragabetasuna eta ezagutza eskasa
Nerabezaroan teknologiak duen eraginari eta erabilerari buruz hitz egiten duten azken azterlanak adierazgarriak dira. Unicef* erakundearen arabera, lurralde nazional osoko 50.000 nerabeek baino gehiagok parte hartu zuten azterlan batean, ia nerabe guztiek (%94.8) konexioa duen telefono mugikorra dute, eta, batez beste, 11 urte zituztenetik (10.96 urte) erabiltzen dute, modu intentsibo batean teknologia haien eguneroko bizitzaren parte bihurtuz. Ildo horretan, etxean duten gainbegiratze eskasak kezkatzen du; izan ere, %29.1ek soilik onartzen du erabilera-arauak dituela, %24ak erabilera-orduak mugatuta dituela eta %13.2k soilik sartzen diren edukiak. Azterketa horretan bertan, familia-eremuko gainbegiratze txikiaren eta online arrisku-praktiken maiztasun handiagoaren arteko korrelazioa nabarmentzen zen. Arrisku hori hirukoiztu egiten da gauerditik aurrera konektatu ohi diren nerabeen kasuan.
Gainera, segurtasun zibernetikoari** buruzko beste azterketa berri batek frogatu zuen bezala, nerabeek, natibo digital gisa, teknologiari buruzko ezagutza nahikoa dutela uste dute, baina errealitatean hackearekiko duten esposizio-maila ez dute kontuan hartzen, arduragabetasunagatik eta beharrezko ezagutza ez dutelako.
Nerabeei berdinetik berdinera hitz egin.
Eta online arrisku-egoerei eta horiei aurre egiteko jardunbide egokiei buruz hitz egiteko, Egoitz Bijueska skater gaztea izango da “Cyber Erronka” kanpainarekin bat egiten duen lehena. Marka horren enbaxadore izango da lehiaketa handiko entrenamenduetan zehar, 2024ko Onlinpiar Jokoen aurreko sailkapen-probetan. Egoitz Bijueska, 13 urte besterik ez dituela, Euskadiko txapeldun absolutua eta 16 urtez azpiko Espainiako txapelduna da.
Egoitzek lehen pertsonan kontatuko ditu bere esperientziak, bere Instagrameko kontuan eta Cyberzaintzako Tik Tok eta Instagrameko kontuetan argitaratuko diren bideo batzuen bidez. Eduki guztiak eskuragarri egongo dira Cyberzaintzaren webgunean (zibersegurtasun.eus).
Hainbat egoeraren aurrean praktika ziberseguruenak ezagutzea eta teknologia kontsumitzerako orduan ohitura gisa txertatzea, jarraitutasuna eta teknika eskatzen duen lana da, kirol-entrenamenduaren oso antzekoa. Kanpainak, modu dibertigarri eta hurbilean, skating-trikimailuen antzekotasuna aurkeztuko du, adingabeek beren errutina digitalean har ditzaketen zibersegurtasun-ekintza txikiak gogoratzeko pista gisa.
Informazio osagarria:
Egoitz Bijueska
Egoitz Espainiako 16 urtez azpiko birritan txapelduna, Espainiako txapeldunorde absolutua eta Euskadiko txapeldun absolutua da, baita Selekzio Nazionaleko rider gazteena ere. Erromako Munduko Txapelketan 23. postua eta Dubaiko Pro Tour-ean 26. postua eskuratu ondoren, munduko top 44an sailkatzea lortu du, postu ofizialak argitaratu baino lehen. Hain zuzen ere, 44 onenek sailkapenaren aurreko bigarren fase bat jokatuko dute hilabete hauetan, eta 20 onenak aukeratuko dituzte 2024ko Pariseko Joko Olinpikoetan parte hartzeko.
Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia
Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikita dago, eta Euskadin Internet eta teknologia berriak erabiltzearen ondoriozko mehatxuei modu integral eta zeharkakoan aurre egiteko sortutako erakunde publikoa da. Herritarrengan arreta berezia jarrita, Euskadiko zibersegurtasunaren esparruko arriskuei modu globalean aurre egiteko beharrezko tresnak eta baliabideak ditu. “Por ti hacemos red. Sarean ere Auzolana” goiburuarekin, zibersegurtasuna sustatu eta zabaldu nahi du euskal gizartearen hainbat esparrutan, ziberdelinkuentziaren hazkundeak dakartzan arriskuen aurrean babesteko sare bat ehuntzeko helburuarekin.
*2021, Unicef. Teknologiak nerabezaroan duen eraginari buruzko azterlana.
**2023, UPC. Murtziako Unibertsitatea. Nerabeen segurtasun zibernetikoa eta hackearekiko ahultasuna. Esteka.
Partekatu
Zibereguraldia
Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.
Argitaratutako buletinak