Skip to main content

Cyberzaintza NoName057 talde errusiazalearen zibererasoak jasaten ari diren euskal erakundeekin ari da lanean

13/02/2024
  • Bolada hau hasi zenetik, euskal sektore publikoko 6 erakundek jaso dituzte zerbitzua ukatzeko zibererasoak
  • Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak alerta-maila bera mantentzen du, eta ohartarazi du egoera ezin dela amaitutzat eman

Cyberzaintzak, Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak, zibersegurtasunaren arloko hainbat abisu igorri dizkie jada joan den asteartetik, otsailaren 6tik, NoName057 talde errusiazalearen aldetik zerbitzua ukatzeko erasoak (DoS eta DDos) jasaten ari diren euskal erakundeei. Egun horretan, Euskaditik kanpoko beste erakunde batzuei jada eraso egiten ari zen talde hori euskal erakunde publikoen domeinuak sartzen hasi zen bere zibererasoen helburuen artean.

NoName057 taldeak hilabeteak daramatza Espainiako eta beste autonomia-erkidego batzuetako erakundeei era horretako erasoak egiten. Zibererasoen helburuak, batez ere, erakunde publikoen, garraio-entitateen eta azpiegitura kritikoen web-domeinuak dira.

Talde honen erasoen jomugan gerran, bere ustez, Ukraina babesten duten herrialdeak daude. Azken hilabeteotan Europar Batasuneko hainbat estatu kidetan izan dira gorabeherak.

Erantzun azkarra eta koordinatua

Cyberzaintzak konfiantzazko sareekin lan egiten du, eta, horiekin koordinatuta, helburuen zerrendarako sarbidea izan zuen etapa goiztiarretatik, eta mehatxatutako erakunde guztiak ohartarazi ahal izan zituen erasoak gertatu aurretik. Abisuak igortzeaz gainera, Cyberzaintzak informazio guztia partekatu du eskuratu ahala, erakundeetako informatikako eta telekomunikazioetako taldeek erasoaren aurkako azpiegitura indartu eta haren eragina arindu ahal izateko.

Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak alerta-maila berari eusten dio, datozen egunotan edo asteotan euskal erakunde publikoek eraso gehiago jaso ditzaketela aurreikusita.

Zibererasoen eta abisuen timinga

  • Lehenengo abisua otsailaren 6an, asteartean, goizean, igorri zen, eta une horretan 2 euskal erakunde bakarrik zeuden zerrendan.
  • Otsailaren 7an, asteazkenean, NoName057 taldeak Euskadiko beste bi erakunde publikoren domeinuak sartu zituen bere erasoen zerrendan. Mehatxua Euskadiko beste organismo publiko batzuetara hedatzen ari zela ikusita, Cyberzaintzak bigarren abisu bat igorri zuen.
  • Otsailaren 8an, ostegunean, hirugarren abisu bat igorri zen, Euskadiko beste bi erakunde publikoren domeinuak gehitu baitziren, eta une horretan 6 ziren mehatxatutako euskal erakundeak.
  • Otsailaren 10ean, larunbatean, NoName057 taldeak zerbitzua ukatzeko beste eraso bat egin zuen aurretik eraso egin zien 6 erakunde publikoetako 2ren aurka. Cyberzaintzak larunbatean, goizeko lehenengo orduan, igorri zuen laugarren abisua, orain arteko azkenekoa.
cibereguraldi

Zibereguraldia

Cyberzaintza erakundeak hileroko buletin bat argitaratzen du informazio garrantzitsuenarekin. Klik batera dituzu zibersegurtasunaren sektoreko albisterik aipagarrienak.