Skip to main content

Antibirusa

Segurtasun-software honen funtzioa gailuak babestea da, programa gaizto guztiak (baita malwareak ere) hautemanez eta ezabatuz, birusak, harrak, troiarrak, spywareak, adwareak eta rootkitsak barne. Antibirusak ezkutu gisa jarduten du eta gure ekipoa infektatu dezakeen software gaiztoren bat exekutatzea saihesten du.

Oinarrizko funtzionamendua honelakoa da: antibirusak elementu gaizto bat hautematen duenean, gailuan ohartarazpen bat agertzen da, hautemandako mehatxua ezabatu, berrogeialdian jarri edo alde batera utzi behar ote den esanez.

Antibirus programek malware mota askotatik babesten dituzte sistema eta datuak. Gure gailu guztietan antibirusa erabiltzeak (bai, baita telefono mugikorrean ere) saihets dezake espioitza kasu baten biktimak izatea, gure teklatuaren joaldiak grabatzea, gure egiaztagiriak lapurtzea, kriptodirua minatzea edo gure informazioa bahitzea. Horregatik da gomendagarria erabiltzen ditugun gailu guztietan antibirusa instalatuta, aktibatuta eta eguneratuta izatea.

Tradizionalki software gaiztoak hautemateko bi modu erabili izan dituzte antibirusek:

  • Sinaduren analisia; birus ezagunak hautematea ahalbidetzen du, birusaren definizioak maiz eguneratzen badira.
  • Analisi heuristikoa; emaitza aldakorrak dituzten birus ezezagunak hautematen ditu, programazioaren logikaren eta exekuzio-portaeraren arabera.

Antibirus sistemek bi funtzio ere izan ohi dituzte: erabiltzaileak nahi duenean (“eskariaren arabera”) disko edo artxibo baten analisia egiteko eskanerra, eta sistema denbora errealean (“sarbidean”) zaintzen duen eta erabiltzaileak infektatutako artxibo bat exekutatzea eragozten duen monitorea. Antibirus produktu gehienek izaten dute eskaner eta monitore bana, baina badaude soilik “eskatuz gero” eskaneatzen duten produktuak, esaterako, online antibirus batzuk.

Beste antibirus batzuk eskaner anitzekoak dira. Sistema horiek eskariaren arabera aztertzen dituzte fitxategiak eta birusak hautemateko hainbat motore erabiltzen dituzte aldi berean. Zerbitzu hauei esker, erabiltzaileak artxibo susmagarriak azter ditzake eta azkarrago egiaztatu fitxategi gaiztoa den, izan ere, hainbat antimalware motor hori hautemateko gai dira. Normalean, analisi mota hori online plataformetan egiten da eta ezagunenetakoa VirusTotal da.

Antibirusa da segurtasunez nabigatzeko eta sistema informatikoak erabiltzeko gure aliatua. Erabilera nahiko zabalduta dago, bai etxeko ordenagailuetan bai erakundeetako ekipoetan, eta guztiontzat da gutxi gorabehera ezaguna haien jarduna. Alabaina, komenigarria da kontuan izatea antibirusa izatea ez dela nahikoa: ezinbestekoa da instalatuta eta eguneratuta izatea, baina hori ere ez da nahikoa ekipoa babesteko. Antibirusak ez dira akatsik gabekoak, ez baitira gai eraso guztiak hauteman eta geldiarazteko. Horregatik, neurri teknikoak izateaz gain, zuhurtzia eta sen ona aplikatu behar ditugu antibirusak hautematen ez dituen mehatxuak hauteman eta erreakzionatzeko.