Skip to main content

Hacktibismoa

Hacker eta aktibismo hitzen loturaz eratutako kontzeptua. Jason Sack kritikari kultural eta idazleak sortu zuen. Kausa, ideologia, agenda politiko edo bestelakoaren alde edo kontra egiteko hackeo edo pirateria informatikoaren kasuak deskribatzen ditu.

Hacktibista bat da informatikaren eta teknologiaren arloan bere ezagutzak erabiltzen dituen hacker oro, helburua ideia politikoak, erlijiosoak edo sozialak sustatzea bada. Duela urte batzuk, zenbait hacker ohartu ziren informazioaren segurtasun-kontrola haien ideia politikoak edo beste eremu batzuetako aktibismoa zabaltzeko erabil zitekeela. Teknologia berriak pribilegiozko baliabideak dira kausa eta informazio guztia lortu eta zabaltzeko. Horregatik, hakctibistek, zalantzarik gabe, edozein metodo edo plataforma erabiltzen dute mezuak zabaltzeko, ekintza gaiztoak eta sistemei erasoak barne. 

Laburbilduz, hacktibismoa honako moduan defini daiteke: ekintza zehatzak gauzatzea ideia politikoak, erlijiosoak edo sozialak sustatzeko, erasotzaileak haiek sinesten baititu. Hala, helburu horrekin egin ez diren sistemez eta softwareaz baliatzen da edo modu gaiztoan erabiltzen ditu. Motibazio nagusia da bere ustez bidezkoa denaren alde borrokatzea. Bidegabekeria bizi izanaren pertzepzioa edo bere interesen alde botereak kontatutako gezurra zabaltzeko borondatea direla bide, hakctibistek ekintza-motaren bat egin behar dute.

Hacktibismoaren lehen ekintzatzat hartzen da har informatikoaren bidez eragindako erasoa. Ipar Amerikako Gobernuaren Energia Saileko sareetan, HEPNET Goi-mailako Energiaren Fisikako Sarean eta NASAren SPAN programan sartu zen. WANK izeneko harrak (Worms Against Nuclear Killers ingelesezko siglak edo hiltzaile nuklearren aurkako harrak) sistema horietara sartzeko mezua aldatu zuen.

Hacktibistek beren helburuak lortzeko webgune batean digitalki mezu baten bitartez ekintza bandaliko bat gauza dezakete, eta haien iritziekin bat ez datozen edukiak ezaba ditzakete. Bestela, DoS gisako eraso zibernetiko gaiztoetara jo dezakete. Hacktibisten ekintzetan metodoak anitzak dira; dena den, “kausako erasotzaileek” honako hauek aukeratu ohi dituzte:

  • Webguneak aldatzea (defacement): normalean, erakundeko web zerbitzaria erasotzen dute, azala aldatzeko. Ezarritako mezuak ohiz ekintzaren arrazoia edo aldarrikatzen den kausa azaltzen du. Webguneen erasoak hacktibistaren ideien aurka doazen orrietan egiten dira, beraz, edozein webgune izan daiteke talde horien xede. 
  • Zerbitzua Ukatzeko Erasoak (DoS): helburua da sistemaren, aplikazioaren edo makinaren erabilera desgaitzea, zerbitzua blokeatzeko. Web zerbitzariek aldi berean eske- edo konexio-kopuru zehatza ebazteko gaitasuna dute. Kopuru hori gainditzen bada, zerbitzaria moteltzen hasten da; are gehiago, batzuetan eskeek ez dute erantzunik jasotzen edo, zuzenean, sarea blokeatu eta deskonektatzen da.
  • Webgune alternatiboetara edo parodia-webguneetara birbideratzea: ekintza honen bidez webgunea ostatatzen den tokian sartzen da, eta erabiltzaileari beste webguneetara birbideratzen zaio, hain zuzen ere, hacktibistak parodia modura edo jatorrizkoaren kontrako informazioarekin sortu duenera.
  • Sisteman sartzea eta pribilegiozko informazioa lapurtzea, gerora, saltzeko edo beste hedabide batzuetan argitaratzeko. Hala gertatu zen, adibidez, WikiLeaks-eko filtrazio famatuekin.

Hacktibista gehienek beren tresna edo programa espezifikoak sortzen dituzte. Hala ere, batzuetan dark web izenekoan software-motaren bat eros dezakete ekintzak gauzatzeko. Hacktibista batek bere kausan sinetsi arren, hackeoa beste pertsona, enpresa edo gobernu baten aurka gaiztoa bada, legez kanpokotzat hartuko da.