Skip to main content

Hasha

Hash hitza erabiltzen da hash funtzioaren emaitza arrunki aipatzeko. Hori informatikaren arloan funtzio kriptografikorik garrantzitsuenetarikoa da. Funtzio horiek datuen edozein hautazko bloke karaktere-serie bakar bihurtzen dute, eta luzera finkoa da, funtzioan hasieran sartu den datu-kopurua alde batera utzita. 

Teknika horri esker, trukatzean fitxategien osotasuna egiaztatzen da, hau da, komunikazio edo fitxategi jakinak ez direla inola ere aldatu ziurtatzen da. Hori egiteko hashak alderatzen dira; batetik, bidali baino lehenagoko jatorrizkoa eta, bestetik, datuak eskualdatu ondoren eskuratutakoa. Bi hashak berdinak badira, baiezta daiteke ez dela aldaketarik izan.

Horrez gain, hashak pasahitzak modu seguruan gordetzeko erabiltzen dira, bai eta dokumentu elektronikoak sinatzeko ere. Halaber, funtsezko zati dira blockchain ereduan, kriptomonetak sortzean informazioa gordetzeko. 

Hash terminoa lehenengoz 50eko hamarkadan sortu zen, nahiz eta 60ko hamarkadaren hasiera arte ez zen lehen hash funtzioa azaldu. 1961ean, Wesley Peterson-ek Cyclic Redundancy Check (Erredundantzia Ziklikoa Egiaztatzea) funtzioa sortu zuen, sareetan eta gordetze-sistema digitalean transmititutako datuak zuzenak ziren egiaztatzeko. Oso erraz eta azkar inplementatzen zen, beraz, arrakasta handia izan zuen, eta gaur egun industria-estandarra da. Informatika eta konputagailuak bilakatu zirenean eta urteak igaro ahala, funtzio berriak sortu dira, hasierakoak baino gaitasun gehiago eta hobeekin.

Hash funtzioen lanean zenbait prozesu matematiko eta logiko konplexu daude. Prozesu horiek software batean txertatzen dira, konputagailu batetik erabili ahal izateko. Ildo horri eutsiz, sartutako datuei dagokienez, edozein datu-serie har daiteke, funtzioan sartu eta luzera finkoko karaktereen kate bakarra lortzeko. Komeni da azaltzea: ia ezinezkoa dela alderantzizko prozesua egitea, hau da, dagoeneko eratu den hash batetik ezin daitezke jatorrizko datuak eskuratu, hashak sortzeko prozesuak noranzko bakarra baitu.

Gaur egun arrunki erabiltzen diren hash funtzio batzuk honako hauek dira:

  • MD: Sortutako lehenengotariko hash funtzioa da, bere MD siglak Message Digest Algorithm-en akronimoa dira. MD2 bertsioa 1989an eratu zen, eta Interneteko segurtasunerako garrantzi handia hartu zuen. MD5 bertsiora iritsi arte bilakatu zen, eta oraindik erabiltzen da segurtasunak goi-mailako lehentasunik ez duen inguruneetan.

Adibidea: C0r4z0N → c1025547bad76f49c6373510dafbc650 (MD5)

COr4z0N → a23fec2291f6d075b7ca3ae31aaa1da3

  • RIPEMD: Hash funtzio hau RIPE NCC (Réseaux IP Européens Network Coordination Centre) europar proiektuak sortu zuen 1992. urtean. Bere zeregin nagusia uneko estandarra, hots, MD4 hash funtzioa ordeztea zen. Gaur egun oraindik oso segurutzat jotzen da, bereziki RIPEMD-160, RIPEMD-256 eta RIPEMD-320 bertsioetan.

Adibidea: C0r4z0N → d8579f636b24ef281e72651d024f09489705943b (RIPEMD-160)

Cor4z0N → 57be2a5922d353d5ffa4b5112a87759689fc8b85

  •  SHA: Hash kriptografikoen egungo estandarra da; bere siglak Secure Hash Algorithm-en akronimoa dira. 1993an sortu zuen NSAk SHA eta eratorritako funtzioak orain arte hash funtzio seguruenak dira.

Adibidea: C0r4z0N → c54da4c0463951750c5517ae7627b7cc8fd4912ec327083f96eeb650858f9027 (SHA-256)

Cor4z0N → ebaaa7bd6160c7930734e86c392fc086159069a59d54a3d8ec2e4f476eb7f9f2