Skip to main content

Iruzurrak

Iruzurra pertsona fisikoak edo juridikoak egindako delitua da. Engainua erabiltzen du irabazia lortzeko, sarritan, egintza asmoz edo nahita egiten da norbaiti dirua edo jabetza kentzeko. 

Black´s Law Dictionary izenekoak honela definitzen du: “egia ezagutu arren edo gertakari material bat ezkutatuta, adierazpen faltsua ematea beste bati bere kaltean jarduten bultzatzeko”. 

Enpresaren eremuan zenbait iruzur-mota daude. Horietako bat da barneko iruzurra; erakundeko langileek edo zuzendariek egiten dute, eta legez kanpoko baliabideez baliatzen dira euren burua haren kargura aberasteko. 

Halaber, kanpoko iruzurra dago; horretan, eragileak bezeroak edo hornitzaileak dira. Agiriak edo prozesuak manipula ditzakete, eman ez dituzten ondasunengatik edo zerbitzuengatik faktura dezakete edo iruzurraren xede den erakundeko langileak eros ditzakete. Beste adibide bat da bezeroak kontu bat faltsutzea ordaintzeko produktu lapurtuak edo beheratuak itzultzen saiatzeko, eta abarrerako. Era berean, kanpoko iruzurraren kategorian sartzen dira lapurreta, iruzurrezko porrota, maileguen iruzurra, arreta medikoari buruzkoa, etab.

Bestelako iruzurra pertsonen aurka gerta liteke: nortasuna lapurtzea, phishinga, ordainketa aurreratuen iruzurrak, etab.

Iruzurra hainbat sektoretan zabal daiteke. Hona hemen kode penalak jasotzen dituen zenbait sailkapen:

  • Fiskala edo zergen alorrekoa.
  • Hauteskundeetan egindakoa: gizarteari hauteskundeetako emaitzen gainean engainatzen zaio.
  • Lanaren edo enpresaren eremukoa.
  • Elektrizitatearen iruzurra.
  • Bankukoa.
  • Prozesuaren iruzurra, hau da, prozesu judizialean epailea engainatzea.
  • Informatikoa edo birtuala: Interneten bidez.
  • Elektronikoa edo telefono bidezkoa.
  • Funtzionario publikoak eragindako iruzurra.

“Iruzurraren triangelua” modu ezagunak iruzurraren helburua azaltzen du. Donald Cressey kriminologoak garatu zuen, “konfiantzazko bortxatzaileetan” oinarrituta. Triangelu honek “aukeraren” eta “arrazionalizazioaren” kontzeptuak ditu oinarrian eta “presioa” gailurrean. Egileak esandakoaren arabera, horiek ezinbestekoak dira pertsona arruntak iruzurra egiteko.

  • Presioa adieraztean, pizgarri zehatza behar da edo, bestela, pertsona presiopean dago, eta iruzurrean jarduteko arrazoi zehatza du.
  • Aukera: inguruabarrak pertsonak iruzurra egiteko gaitasuna izan dezan.
  • Arrazionalizazioa: beren etikarekin legez kanpoko egintzak justifika ditzaketen pertsonak.

Triangelu honetan osotasunaren kontzeptuak funtsezko zeregina du, heldutasun moral eta espiritual handiagoa baitakar, pertsona bat ahalik eta zuzenen aritzeko. 

Erakundeetan sortutako iruzurrei dagokienez, hiru dira ohikoenak:

  • Ustelkeria: eroskeriak, estortsioak, opariak, etab.
  • Aktiboen lapurreta eta kontabilitatea itxuraldatzea: kutxa lapurtzea, prezioen inflazioak...
  • Datuen lapurreta: informazio konfidentziala lapurtzen, aldatzen edo suntsitzen duten zibererasoak.

Datuen lapurreten adibideak berriki azaldu dira orotariko prentsan azken hilabeteetan. Ziberdelitugileek pertsonen, konpainien edo erakunde publikoen identitatea faltsutzen dute, informazio sentiberara iristen dira eta erreskatea eskatzen dute informazioa berreskuratzearen truke. Bestela, dark web-ean saltzen dute. Zibersegurtasuneko kulturarik ezak, egozteko zailtasunak eta jurisdikzio-mugek halako iruzur-motak errazten dituzte.