Skip to main content

Kriptomeatzaritza

Kriptomeatzaritza edo kriptodirua meatzea Bitcoinen sorrerarekin hasi zen, eta ekipo informatiko batek egiten dituen matematika-eragiketa (lan-proba gisa ere ezaguna) konplexuen multzoaren ebazpena da. Minatzeko aplikazioak proposatzen dituen eragiketa matematiko bakoitza ebazten duen lehen ordenagailuak Bitcoin bloke bat jasotzen du ordainetan.

Kriptomeatzaritzako zeregin hauek mundu mailakoak dira, hala, une jakin batean minatzen ari diren ekipo guztiak lehiatzen ari dira eragiketa bera ebazteko. Ondorioz, estatistikoki ez da oso zeregin eraginkorra horretara bideratuta dauden zerbitzarien meategi handietatik kanpo jarduten dutenentzat.

Gainera, prozesatzeko gaitasun handi horretarako geroz eta ekipo indartsuak behar izateaz gain, energia kopuru handia behar da, eta hori da kriptodiruaren meatzaritza errentagarri bihurtzeko  ahaleginean kontuan artu beharreko aldagai nagusietako bat. Kutsadura ere sortzen dute eta kalte egiten diote ingurumenari.

Jende gehienak uste du kriptodiruaren meatzaritza txanpon berriak sortzeko modua dela, baina blockchain  sarean (blokeen katea) kriptodiruaren transakzioak balioztatzea eta banatuta dagoen liburu handiago batean gehitzea ere bada. Horri esker meatzariek ordainsaria jasotzen dute, baita kriptodiru horrekin egindako transakzioen auditore-lanak egiteagatik ere.

Balioztatze hori beharrezkoa da, kriptodiru digitala erabiltzen ari denez, jabea horren kopia egiten ahalegindu daitekeelako hainbat alditan erabiltzeko. Irudika dezagun 20 euroko benetako billete bat duela eta horren kopia bat. Benetako billetea eta gezurretakoa gastatzen ahaleginduko balitz, norbait ohartu daiteke biek serie-zenbaki bera dutela eta, beraz, horietako bat faltsua dela. Bitcoineko meatzari batek eragiketa matematiko konplexuekin egiten duena horren antzekoa da: transakzioak egiaztatzen dituzte, erabiltzaileak Bitcoin bera bi aldiz gastatzen saiatu ez direla ziurtatzeko.

Bi funtzio horiez gain, kriptodiru berria sortzeko modu bakarra kriptomeatzaritzaren bitartez da, beraz, ezin dira monetaren unitate berriak eskuz sortu. Horrek bere hazkundea kontrolatzen du, eta ebatzi beharreko eragiketa geroz eta zailagoa izatea eragiten du, eta, beraz, unitate berria agertzeko denbora gehiago igaro behar izatea.

Meatzari berriak sartzea errazagoa izan dadin, hodeiko meatzaritza edo cloud mining kontzeptua ere agertu da. Horrela hasten dira oraindik beharrezko hardwarea ez duten meatzariak. Hodeian dagoen datuak prozesatzeko urrutiko zentro baten bitartez egiten da.

Kriptomeatzaritza zibergaizkileek ere erabil dezakete, etekinak lortzeko. Lortzeko moduetako bat scripta  duen webgunea sortzea da, ordenagailuaren prozesamendu nagusiko unitatea bereganatu eta bahitzeko, erasotzailearentzat kalkuluak egin ahal izateko. Legezko kode batean ezkutatutako malwarea  ere erabil daiteke, erabiltzaileek nahi gabe haien ordenagailuetan instalatzeko, eta oso zailak dira hautematen. Malwareak ordenagailuak prozesatzeko duen indarra lapurtzen du, meatzaritza-taldean saioa hasten du eta ordainsari ekonomiko posibleak transferitzen ditu.