Skip to main content

Mehatxu-eragilea

Mehatxu-eragileak beste pertsona edo erakundeetan eragin negatiboa duten ekintzak egiten dituzten pertsonak edo erakundeak dira. Ekintzaren adibide bat kalteberatasun bat identifikatzea edo ustiatzea litzateke, ustekabeko eta nahi gabeko emaitza bat sortuz. Eragin negatiboak izan daitezke, besteak beste, informazioa galdu, aldatu edo zabaltzea, informaziora ezin heldu ahal izatea edo diru-sarrerak edo bezeroak galtzea.

Egun, mehatxu-eragile nagusiak dira:

  • Zibergaizkileak: Haien helburua irabaziak lortzea baino ez da. Zibergaizkileen helburua edozein erakunde publiko edo pribatu, tamaina eta garrantzia edozein dela ere, edo, oro har, herritarrak izan daitezke. Azken urteetan, dark webek edo kriptodiruak erraztu egin dute irabaziak lortzea.
  • Ziberterroristak: Terrorismoak ziberespazioan ere badu bere asmoekin bat datorren jarduteko esparru bat. Azken urteetan, bereziki esanguratsua izan da ziberjihadismoaren agerpena. Internet baliatzen du bere helburuekin lotutako mezuak zabaltzeko, kausarako kideak biltzeko, edukia edo mehatxuak zabaltzeko eta baita funtsak jasotzeko ere.
  • Hacktibistak: “Zergati bat duten aktore” gisa ikusten dira, hau da, oinarri ideologikoa duten hainbat ekintza egiten dituzte ziberespazioan zehar, pertsona edo erakundeei kaltea eragiteko. Espainian, defacements-ak, SQL injekzioak edo zerbitzuen deuseztapenak egin dituzten profil erasotzaileak hauteman dituzte.
  • Barne-aktoreak edo insidersak: Lan egiten duten erakundeetan kalterik eragiteko asmorik ez duten langileak izan ohi dira. Alabaina, erabiltzaile horien prestakuntza, kontzientziazio edo entrenamendu faltak segurtasun arazoak sortzea eta mehatxu-eragileak bilakatzea eragiten du. Beraien akats edo arduragabekeriaren ondorioz, aktore horiek kalteak eragin ditzakete beraien enpresaren ospean edo ekonomian.
  • Estatu Aktoreak: Ziberespazioan eragin negatiboa izan dezaketen jarduerak egiten dituzten herrialdeak. Mehatxu-eragilerik aktibo eta arriskutsuenetako bat dira. Azkenaldian, ekintza ugari hauteman dituzte, eta, aztertu ostean, hainbat estatu edo estatu horien menpe dauden erakundeei egotzi zaizkie. Atzean dagoen estatuaren arabera aldeak dauden arren, aktore horiek jarduteko gaitasun handia dute, eskuragarri duten baliabideen kopuru handia dela eta. Beraien baliabideak erabiltzeaz gain, estatu-aktoreek estatuz kanpoko zerbitzuak izan ditzakete, esaterako, ordainsari baten truke zerbitzu horiek eskaintzen dituzten zibererasotzaileak.