Skip to main content

Ordezkapena (identitatearena, domeinuarena, GPSarena)

Beste pertsona baten itxurak egitean datza, bai Internetetik, bai aurrez aurre. Gehienetan iruzur edo engainua egiteko, onuraren bat lortzeko, iraintzeko edo beste pertsona batzuk jazartzeko erabiltzen da. Identitatearen ordezpena delitu gisa jasotzen da Zigor Kodean.

Herritar ertaina jomuga ezin hobea da delitu horretarako. Izan ere, ikerketa batzuen arabera, identitatearen ordezkapena da Espainian gehien egiten den iruzurra. Gure bizitza digitalak eta hiperkonektatuak izan duen goraldiarekin eta webguneetan eta sare sozialetan profil faltsuak sortzeko erraztasunarekin, asko areagotu dira identitate digitalaren lapurreta eta ordezkapena. Mundu digitalean, nahikoa da pertsona batek beste baten argazkiak eta izena erabiltzea bere baimenik gabe Twitterren edo Facebooken profil bat sortzeko, eta kontu hori beste pertsona batzuk iraindu, jazarri edo kaltetzeko, bankuko datuak lapurtzeko edo legez kontrako beste ekintza batzuk egiteko erabiltzea.

Esaterako, Josep Borrell, Europar Batasuneko diplomaziaren nagusia, LinkedInen ordezkatu zuten. Bere izena zuen kontu faltsu batetik, erasotzaileek dirua eskatu zieten bere kontaktuei ustezko konferentzia batera joateko. Ospetsuak ordezkapenen biktima ohikoak izaten dira, baina ez bakarrak. Identitatea lapurtzen duten pertsonentzat, pertsona anonimoak ere helburua dira. Inor ez dago salbu, ez bizitza errealean ezta digitalean ere; izan ere, egun guztiok ezagutzen dugun esaldiak dioen moduan, datuak dira petrolio berria.

Ramona, esaterako, Zaragozako zaintzailea da eta film batekoa dirudien historia du: 2013tik, Espainiako osoko epaitegietatik jaso ditu zitazio judizialak inputatu gisa. Norbaitek bere datu pertsonalak eskuratu zituen, berak noiz eta nola jakin gabe, eta bere izenean iruzurrak egiten ibili da etengabe ordutik. Ramona beldurtuta bizi da. Noizbait polizia-etxean amaitu du  hotel batean erregistratzeagatik soilik. 

Identitatea lapurtzeko hainbat taktika daude eta batzuk ez dira batere sofistikatuak, esaterako, dumpster diving  edo zaborrontzian bilatuz espiatzea. Zaborrontzietan arakatzea ere ohiko baliabidea da oraindik. Bertan, erasotzaileek datu pertsonalak dituzten dokumentuak aurki ditzakete, esaterako, kontu-korronteen zenbakiak, kreditu-txartelenak, telefonoak, helbideak... Izen soil bat ere baliagarria izan dakieke. Beste taktika batzuk kablerik gabeko pirateria (wifi sare publikoena edo etxeko wifi sare ez seguruena), shoulder surfing edo elkarrizketa batean esaten duguna edo pantailetan erakusten duguna sorbaldaren gainetik zelatatzea, eta baita mezu elektronikoen, deien edo mezuen phishing eta smishing ere, datuak lapurtzeko konfiantzako pertsona edo enpresak ordezkatzeko.

Ordezkapenaz ari garenean gehienetan identitatean lapurretarekin lotzen dugu, baina beste elementu batzuk ere ordezka daitezke asmo txarrekin:

IPen ordezkapena

Jatorrizko helbidea aldatuta duten IP paketeak erabiliz egiten da, igorlearen identitatea ezkutatu edo beste sistema informatiko bat ordezkatu ahal izateko.

Domeinuaren edo DNSaren ordezkapena

Interneteko domeinu baten aurkako erasorako teknika. Zerbitzari iruzurti batek bezeroen eskaerei erantzutea lortzen du erasotzaileak, iruzur eginez.

GPS identitatea ordeztea.

Zure nabigazio-aplikazioak helbide okerrik eman al dizu noizbait? Agian GPSa ordezkatu dizute. Erasotzailea GPSaren antena hartzailea engainatzen ahalegintzen da seinale faltsua igorriz, eta inguruko nabigatzaileek helbide okerrak erakustea eragiten du. Autoak edo tripulatu gabeko aireontziak bahitzeko edo taxi-gidariak, marinelak, garraiolariak, dronak eta abar despistatzeko egiten dute.