Skip to main content

Pop-upak (laster-jakinarazpenak)

Pop-upak edo laster-leihoak web-nabigatzaile batean bistaratzen den edukiaren gainetik agertzen diren eduki-kaxak dira. Haien ezaugarri nagusia da erabiltzailearen arreta bereganatzen dutela, eta une horretan irakurtzen ari zena eteten dutela. Metodo intrusibo bat da mezu bat iritsarazteko, publizitatezkoa edo ez.

Laster-leihoak automatikoki agertzen dira erabiltzaileak eskatu gabe. Erabiltzaileak pop-upekin esperientzia negatiboa izan dezake gehiegizkoak badira. Normalean itxi daitezke goialdeko izkinako X sakatuz; baina nabigazioa etetea oso gogaikarria izan daiteke.

Pop-upak arazo bihurtu dira erabiltzaileentzat, orriek gehiegi erabiltzen baitituzte. Horregatik, laster-leihoak blokeatzeko aukera sartu zen nabigatzaileetan. Horretarako, erabiltzaileak nabigatzailearen ezarpenetan sartu behar du, eta laster-leihoak blokeatzea aktibatu. Hala ere, pop-upen erabilera ez da publizitate hutsa soilik; beste aplikazio batzuk ere badituzte. Adibidez, webguneek laster-leihoak erabiltzen dituzte erabiltzaileei nabigazio-cookieen erabilera jakinarazteko eta haiei egokitzeko, eta bisitariaren adina edo beste edozein lege-eskaera egiaztatzeko ere erabiltzen dira.

Delitugileek laster-leiho faltsuak erabiltzen dituzte, leku gaizto batera bidaltzen gaituen botoi batean klik egitera animatzeko. Adibidez, birus faltsu bati buruzko alerta batek ustezko antibirus gaizto bat instalatzera bultzatzen gaitu; ransomware-eraso bat detektatu dela adierazten digun leihoa; arazo tekniko bat dagoela adierazten diguna; eta abar. Pop-up faltsu horiek nabigatzailean ager daitezke, edo ordenagailuan edo gailuan adware- edo malware-programak instalatzeagatik gerta daitezke.

Laster-leiho faltsu horiek iruzur-iturri handia dira. Microsoft-ek kalkulatzen du erabiltzaileen % 63k iruzurrezko kontaktu-saiakerak izan zituela laguntza teknikoa izateko aitzakiarekin, laster-leihoen, phishingaren edo telefono-deien bidez. Iruzurgileek errore-mezu faltsuak erakusten dituzte, esploratzailea pantaila osoan jartzen dute, eta itxi ezin diren laster-leihoak sortzen dituzte, nabigatzailearen erabilera blokeatuz. Ekintza horiekin batera ustezko laguntza teknikoaren kontaktua agertzen da, posta elektronikoz nahiz telefonoz, eta erabiltzailea haiengana berehala jotzera bultzatzen dute. Iruzurgileak erabiltzailea engainatzen du ekipoa kontrolatzeko eta, orduan, ordain ekonomikoa eskatzen du gailuaren erabilera normala berrezartzeko, edo banku-kredentzialak lapurtzen ditu.

Horrelako iruzurrak saihesteko, komeni da ekipo eta gailu guztietan antibirus bat instalatzea; sistema eragilea, nabigatzaileak eta aplikazioak eguneratuta edukitzea; programak ez instalatzea eta fitxategiak ez deskargatzea jatorria ondo ezagutu gabe; eta alertan egotea laster-leiho susmagarriekin.