Skip to main content

Sare pribatu birtuala (VPN)

VPN akronimoa erabili ohi da sare pribatu birtual batez aritzeko, alegia, virtual private network ingelesez. VPN konexioak aukera ematen du sare lokal seguru eta enkriptatu bat sortzeko beste sare baterantz bertako kideak fisikoki konektatuta egon beharrik gabe, Internet bidez baizik. Horregatik esaten zaio “birtuala”.

VPN konexio batek segurtasun- eta moldakortasun-abantaila interesgarriak eskaintzen ditu:

  • Gailua munduko edozein lekutan konekta daiteke Internet bidez, eta edukietara sar daiteke sare lokala konfiguratuta dagoen lekuetan, IPa gailua konektatu zaion VPN zerbitzariarena baita.
  • Gailutik Interneterako datuen trafikoa ez da hornitzailetik pasatzen; konexioa zifratu egiten da, eta eragotzi egiten da hirugarren batek zein edukitara sartzen den jakitea.
  • Aplikazio guztietan funtzionatzen du, erabiltzaileak inolako konfiguraziorik egin beharrik gabe. VPNra sar gaitezke kredentzialak eskatzen dituen beste edozein aplikaziotara bezalaxe. VPNa gure gailuan instalatuta dago; nahikoa da haren ikonoan klik egitea, beste edozein programatan bezala. Orduan erregistro-panela irekiko da, erabiltzailea eta pasahitza sartzeko; gerta daiteke bigarren autentifikazio-faktore bat baliozkotu behar izatea, eta konexioa prest egongo da. VPNa erraz konektatzen eta deskonektatzen da, bertan sartu behar den bakoitzean konfiguratu beharrik gabe.

VPNaren aplikazioa nagusiki telelanean edo laneko mugikortasun-egoeretan erabiltzea da. VPNak Internet bidezko tunel birtual pribatu moduko bat dira, telelana egiten duten edo urruneko bulegoetan dauden langileei beren enpresako zerbitzarietarako urruneko sarbide seguru bat eskaintzen dietenak, eta enplegatuaren lantaldearen eta erakundearen artean transmititutako datuen konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzen dituztenak. Konexio-mota horrek nolabaiteko segurtasuna ematen dio enpresari arrisku-egoeren aurrean. Adibidez, langilea wifi-sare publiko batera konektatzen bada informazio korporatibo babestuan sartzeko, konexioa eten dezake erasotzaile batek; VPNa erabiltzean, berriz, sarbidea babestuta dago, eta konexioa zifratuta.

VPNaren beste prestazio interesgarri bat muga geografikoei ihes egitea da. Herrialde batean eduki jakin bat eskuratzeko mugak badaude, baina erabiltzaileak VPN bat eskuragarri badu beste herrialde batean, hesi geografiko hori saihestu eta eduki horietara iritsi ahal izango da.

Bi erabilera horiek bateratzen dituen adibide bat da Estatu Batuetan dagoen langile batena, zeina Londresen (Erresuma Batua) egoitza duen enpresa batentzat lan egiten ari den. Demagun kazetaria dela; enpresak artikulu bat idazteko eskatu dio, pertsonaia publiko baten bizitzari buruz. Kasualitatez, informazio-iturririk handiena da telebista ingelesak bakarrik botatzen duen dokumental bat. Telebista-kate horren webgunera sartzeko, kazetariak Erresuma Batuan egon beharko luke, baina murrizketa hori salta daiteke Erresuma Batuan dagoen bere enpresaren VPNa erabiliz, fisikoki mugitu beharrik izan gabe. Britainiar telebista-katearen online edukia ikusi ahal izango du, dokumentala ikusi, eta nahi duen lekuan idatzi ahal izango du bere artikulua.

Halaber, interesatzen zaizu: telelana