Skip to main content

Sextortsioa (estortsio sexuala)

Zibergaizkile batek egiten duen xantaia da, biktimak ekintzak edo ordainketak egin ditzan. Mehatxu gisa, izaera sexuala duten eduki konprometigarriak argitaratu edo zabalduko dituela erabiltzen du; hala nola elkarrizketa, irudia edo bideo intimoak. 

Batzuetan, biktimak berak partekatzen du edukia xantaiagilearekin aurretik, bere benetako asmoak zeintzuk ziren jakin gabe. Beste batzuetan, gaizkileek ez dute ezer izaten, baina beldurra, ezagutza-falta eta lotsa nahikoak izaten dira iruzur egiteko. 2018an, Galiziako bikote bat eta haien semea xantaia sexualaren biktimak izan ziren eta 60.000 ordaindu zizkioten talde kriminal bati. Semearen irudi intimoak zabalduko zituztela egin zieten mehatxu, “hiria zure argazkiz josiko dugu” moduko mezuekin. Ia urtebete iraun zuten salatu aurretik, publiko egitearen beldurrez eta lotsaz.

Sextortsioa online egiten diren xantaien antzekoa da, baina dirua eskatu ordez, xantaiagileak biktimari eska diezaioke sexu-jardueretan parte hartzeko, esaterako, arroparik gabe argazkietarako posatzeko, edo baita aurrez aurre mesede sexualak egiteko ere.

Sextortsiorako sare sozialak erabiltzen dira gehienbat. Gehienetan honela jarduten dute: xantaiagileak biktimen lagunak egiten dira mezuen bitartez, haien benetako identitatearekin edo beste pertsona batenarekin (esaterako, emakume erakargarri bat irudikatuz gizonak erakartzeko). Konfiantzazko harremana sortzen denean, biktimak animatzen dituzte argazki edo bideo erotikoak bidaltzera, eta gero xantaiaren oinarri gisa erabiltzen dituzte.

Edonor izan daitekeen arren sextortsioaren biktima, lehentasunezko helburuak adin txikikoak eta nerabeak izan ohi dira, bai mutikoak, bai neskak. Erasorako metodo ohikoenak hauek dira:

  • Posta elektroniko bidezko sextortsioa: Mezu elektroniko bat jasotzen duzu esanez igorleak zure pasahitzetako bat duela. Bere eskakizunak bete ezean, zure argazki edo bideo intimoak argitaratuko dituela egiten dizu mehatxu. Iruzur askok pasahitzen lapurreta erabiltzen dute testuinguru gisa; kasu askotan, gezurra izaten da eta ez dute inolako material intimorik izaten.
  • Sare sozialak: Facebooken edo jendea ezagutzeko aplikazioren batean izandako topaketa ustez kaltegabe batekin hasten da. Xantaiagilea ahaleginduko da biktimak irudi esplizituak bidal ditzan edo kamara aurrean ekintza intimoak egin ditzan. 
  • Hackeatutako kontuak: Sare sozialen, aplikazioen edo plataformen bitartez eduki intimoak bidali baldin badituzu, zibererasotzaile batek zure kontua pirateatu eta edukiak lor ditzake. Era berean, zure kontua edukia beste batzuekin partekatzeko erabil dezake, bere eskakizunak betetzen ez badituzu. 
  • Pirateatutako kamerak eta mikrofonoak: lehengo urratsa biktimaren gailuan programa gaizto bat deskargatzea da. Horrela, xantaiagileak kameraren eta mikrofonoaren kontrola har dezake edo espioitza-programak instala ditzake, edukietara edo egiaztagiriak lortzeko.  

Espainiako Zigor Kodean ez da oraindik sextortsioa delitu espezifiko gisa ageri, baina bere ezaugarriak direla-eta, erregulatuta dauden beste delitu batzuen barruan sar daiteke, hala nola xantaiaren, estortsioaren, adingabeak galbidean jartzearen, sexu abusuaren, ohorearen aurkako delituaren, intimitatearen eta irudiaren aurkako delituaren, sexu esplotazioaren, komunikazioen mozketaren, sekretuak agerraraztearen edo haurren pornografiaren banaketaren barruan. Kasua autoritateei jakinarazi behar zaie eta xantaiari inoiz ez kasurik egin, ez baitu ezertarako balio izaten, kontrara, okertu egiten du egoera: gaizkileak bere eskakizunekin jarraituko du. Era berean, harreman guztiak eten behar dira gaizkilearekin, eta xantaiaren probak gorde, bai elkarrizketak, bai irudiak, salaketan ahalik eta ebidentzia gehien izateko. Autoritateek erabateko konfidentzialtasunarekin tratatzen dute edukia.

Sextinga, sextortsioa eta groominga bizitza intimoari eta sexualari eragiten dioten hiru kontzeptu dira. BCSCk zibersegurtasunarekin lotutako edozein konturen inguruko laguntza eskaintzen du 900 104 891 telefonora deituta edo incidencias@bcsc.eus helbide elektronikora idatzita. Enpresek, herritarrek, adin txikikoek eta haien inguruak (gurasoek eta hezitzaileek) jaso dezakete edozein gairen inguruko aholkularitza.

www.sos-sextorsion.com webgunean xantaia sexualaren edo sextortsioaren biktimei laguntza ematen diete.