Skip to main content

Spyware (espioitza-programa)

Spyware bat edo espioitza-programa bat gailu batean ezkutuan instalatzen den programa gaiztoa da, pertsonen edo erakundeen datuak biltzeko, haiek jakin gabe eta haien baimenik gabe. Spyware malware mota bat da, eta edukia bereganatu eta biktimaren gailuaren kontrol partziala hartzen du.

Espioitza-programa isilean sartzen da gailuan, erabiltzea ohartu gabe eta kontzienteki horretarako baimenik eman gabe. Spywarea deskargatzen dugun eta itxuraz legezkoa dirudien programa baten terminoak eta baldintzak onartzerakoan sar daiteke, adibidez. Birusen modura, erantsitako fitxategi bat edo infektatutako mezu baten esteka bat irekitzean ere instala daiteke, publizitate-leiho batean edo beste programa batzuekin kamuflatuta sakatuz.

Ekipora sartu ostean, bigarren mailan exekutatzen da eta informazioa biltzen eta erabiltzailearen jarduera zelatatzen hasten da, ekintza gaiztoak egiteko helburuarekin. Pantaila-argazkiak, teklen joaldiak, egiaztagiriak, helbide elektroniko pertsonalak, posta elektronikoetako mezuak, lehentasun pertsonalak, nabigazio-ohiturak, formularioen datuak eta beste datu sentsible batzuk, esaterako, kreditu-txartelen zenbakiak lor ditzake.

Gehienetan, espioitza-programak marketinarekin zerikusia duten helburuetarako erabiltzen dira, baina identitatea lapurtzea edo legez kontrako beste helburu batzuk ere izan ditzakete, esaterako, etsai politikoak zelatatzea edo giza-eskubideak urratzea.

Espioitza-softwarea arma oso arriskutsua izan daiteke gobernu errepresiboen eskuetan, esaterako, disidenteak isilarazteko. 2021 erdialdean, mundu mailako espioitza-eskandalu bat eman zuten ezagutzera. Ikerketa batek jakitera eman zuen Israelen garatutako Pegasus softwareak mundu guztiko 50.000 estatu-buru, aktibista eta kazetariren telefono mugikorrak zelatatu zituela. Gailu mugikorrak kutsatu eta mezuetara, argazkietara, posta elektronikora edo deietara sartzeko gai da programa. Amnesty International-en arabera, Pegasus terrorismoari eta delinkuentziari aurka egiteko soilik erabili behar zen, baina “mundu osoan eta eskala handian, giza-eskubidea urratzeko erabili zen”.

Maila txikiagoan, ospea hartzen ari da bikotekidea zelatatzeko programak eta aplikazioak erabiltzea. Kontuan izan behar da jarduera hori sekretuak agerrarazteko delitua dela eta 2 urte eta erdi arteko kartzela-zigorra ekar dezakeela. Ziberdelitu guztietan bezala, kaltetua izanez gero, ahalik eta froga gehien bildu behar dira eta beti salaketa jarri.

Nola jakin daiteke ea gailu batek espioitza-programarik duen? Internet erabiltzerakoan zure ordenagailua motelago doala ikusten baduzu edo konektatzea kosta egiten bazaio, nabigazioa zailtzen duten ohi baino leiho gehiago zabaltzen badira edo sistema eragilea sarri blokeatzen bada, baliteke gailua kutsatuta egotea. Beste seinale batzuk izan daitezke zure web-nabigatzailearen hasierako orria bat-batean aldatzea edo antibirusa blokeatuta egotea. Aldaketa horiek gertatzen ez badira, ordenagailu, mugikor edo tablet batean spywarea hautemateko metodo bakarra anti-spyware edo anti-malware tresna bat izatea da.