Skip to main content

Zonbia (zombie)

Ziberespazioan ere bizirik dauden hildakoak daude. Zonbia –zombie– Internetera konektatutako ekipo bat da, zibergaizkile batek urrunetik kontrolatua eta aurrez malwareren batekin infektatua (troiar batekin normalean). Erasotzaileek jarduera gaiztoak egiteko erabiltzen dituzte ekipo zonbiak, hala nola spama bidaltzeko edo kriptodiru-meatzaritzarako.

Filmetan bezala, zonbi horiek taldean jarduten dute. Ekipo horietan kokatutako malwarea lotan egoten bada ere, botnet izeneko sare baten bidez infektatutako beste ekipamendu batzuekin konektatuta egoten da, eta zibergaizkileak Internet bidez “esnaraz” dezake. Sistema edo sare zonbi horiek zerbitzu jakin batzuen aurka zerbitzua ukatzeko (DDoS) eraso koordinatuak abiarazteko erabiltzen dira.

Ordenagailu zonbiak zenbait iruzur-mota egiteko ere erabiltzen dira, hala nola kriptodiru-meatzaritzarako, spamaren bidalketa masiborako edo bestelako delitu batzuetarako, hala nola eduki pornografikoak zabaltzeko edo produktuen legearen aurkako salmentarako (armak, drogak...). Beste helburu batzuk izan daitezke birusak zabaltzea (mezu gaiztoak bidaliz), inkestak manipulatzea edo erasotzaileari onura ekonomikoak sortuko dizkioten publizitate-bidalketa masiboak egitea.

Zure gailua zonbi bat izan daiteke. Izan ere, normalean gailuaren jabea ez da konturatzen norbait legez kontrako helburuekin iruzurrez erabiltzen ari dela. Ekipo bat zonbi bihurtu dela adieraz dezaketen pista batzuk dira, esate baterako, ekipoaren esekitzea ez aktibatzea ordenagailuak ekintzarik egin gabe denbora pasatu arren, edo lan-karga handiegia dela edo gailua asko berotu dela nabaritzea zeregin konplexurik egin gabe.

Zure ekipoa zonbi bihur ez dadin, aplikazioak eta sistema eragilea beti eguneratuta mantentzea da ekintza garrantzitsuenetako bat. Beste neurri garrantzitsu bat da sistema antimalware bat erabiltzea. Beste neurri zailago bat da zentzu komuna erabiltzea: ez ikusi egin zalantzazko mezuen eskaerei (phishing); ez egin klik esteka susmagarrietan; ez deskargatu edo instalatu jatorri ezezaguneko gauzak; eta ez nabigatu webgune ez-seguruetan edo publizitate emergente ugari dutenetan (bannerrak, leiho gainerakorrak).

Ordenagailuko sistema eragilea eta programa guztiak eguneratuta edukitzeak, segurtasun-tresnaren batekin babesteak eta zentzu komuna aplikatzeak lor dezakete zure ekipoa sare zonbi baten biktima izatea saihestea.  Nolanahi ere, zure gailua zonbi bihurtzen bada, ez dago betiko galduta. Erabiltzaileak kontrola berreskura dezake, eta neurriak har ditzake berriro gerta ez dadin.