Skip to main content

Azpiegitura kritikoa

Gizarteak gero eta konplexuagoak dira, eta gero eta zerbitzu gehiago dituzte. Estatuen eta erakunde pribatuen azpiegiturek ongizate-estatu gisa ezagutzen den horretan oinarritutako premia askori erantzun behar izaten diete. Horren ondorioz, eskura dituzten segurtasun-neurri guztiak ezarri behar dira, eta segurtasun-gertakari baten aurrean egon daitezkeen egoera guztiak kalibratu.

Horri dagokionez, kontuan hartu beharreko hiru kontzeptu sortzen dira:

  • Funtsezko zerbitzua: Oinarrizko gizarte-funtzioak, osasuna, segurtasuna, herritarren gizarte- eta ekonomia-ongizatea edo Estatuko eta Herri Administrazioetako erakundeen funtzionamendu eraginkorra mantentzeko behar den zerbitzua da.
  • Azpiegitura estrategikoa: Funtsezko zerbitzuen funtzionamenduak oinarri dituen informazioaren instalazioak, sareak, sistemak eta ekipo fisikoak eta teknologiakoak dira.
  • Azpiegitura kritikoa: Azpiegitura estrategikoak dira; funtsezko zerbitzuak eskaintzen dituzte: halakoen funtzionamendua ezinbestekoa da, eta ez du beste konponbiderik onartzen; beraz, horiek eteteak edo suntsitzeak inpaktu larria izango luke funtsezko zerbitzuetan.

Beraz, funtsezko jarduera oro azpiegitura kritikoaren mende dago: zentral elektrikoak, telekomunikazio-sistema, banku-sistemak edo osasuna. Azpiegitura horren funtzionamendua aldatuz gero, ondorio larriak eragin liezazkieke biztanleriari eta Estatuari. Azpiegitura kritikoak atentatu terroristen, zibererasoen eta gobernuen eta inteligentzia-zerbitzuen eraso hibridoen helburu izan ohi dira, eta horregatik babes handiagoa behar izaten dute.

Europa mailan, “Abenduaren 8ko 2008/114/EE Zuzentarauak” ezartzen du azpiegitura kritiko gisa:

Estatu kideetan kokatuta dagoen elementu, sistema edo horien zati bat populazioaren berebiziko gizarte-funtzioak, osasuna, osotasun fisikoa, segurtasuna eta gizarte- eta ekonomia-ongizatea zaintzeko funtsezkoa dena, eta eten edo suntsituz gero Estatu kide bati larriki eragingo liokeena”.

Azpiegitura kritikoak babestea Europar Batasunaren lehentasunezko helburua da. Hala garatzen da 2007ko ekainaren 7ko “Azpiegitura Kritikoak Babesteko Europako Programa”n. Bere ekintza-planak hiru alderdi nagusi ditu:

  • Alderdi estrategikoak eta azpiegitura kritikoen babesaren (PIC gaztelaniaz) arloko jarduera guztiei horizontalki aplikatu beharreko neurriak lantzea;
  • Europar Batasuneko azpiegitura kritikoak (ICE gaztelaniaz) babestea, haien kalteberatasuna murrizteko;
  • Esparru nazional batean, Estatu kideei beren Azpiegitura Kritiko Nazionalak (ICN gaztelaniaz) babesten laguntzea.

Maila nazionalean, Espainian, Azpiegiturak eta Zibersegurtasuna Babesteko Zentro Nazionala (CNPIC gaztelaniaz) Barne Ministerioaren organoa da, eta azpiegitura kritikoen babesarekin lotutako politika eta jarduera guztiak sustatu, koordinatu eta gainbegiratzeaz arduratzen da. CNPIC 2007an sortu zen, eta haren eskumena Azpiegitura Kritikoei buruzko apirilaren 28ko 8/2011 Legeak eta hori garatzeko araudiak arautzen dute (Maiatzaren 20ko 704/2011 ED).