Skip to main content

Hackerra

Ordenagailuak eta, orokorrean, teknologia maneiatzeko abilezia handiak dituen pertsona, sistema informatiko bat ikertzen duena akatsak detektatu, horien berri eman eta hobekuntza-teknikak garatzeko. Hackerrak sistema informatikoen goi-mailako ezagutza du, eta segurtasun-zuloak eta kalteberatasunak detektatzen ditu.

Denbora luzez oker lotu dira hackerra eta ziberdelitugilea. Hackerra ez da ziberdelitugilearen sinonimoa. Ziberdelitugilearen helburua da xede gaiztoekin sistemaren ahuleziak aurkitzen saiatzea. Hala, bereizi behar dira helburu etikoak dituzten hackerrak (hacker zuriak), ziberdelitugileak edo crackerrak (hacker beltzak) eta bitartekoak (hacker grisak).

Hacker beltzak: 

Halaber, ziberdelitugileak deritze. Kredentzialak, kreditu-txartelen informazioa eta informazio konfidentziala lortzeko sistema eta sare informatikoetan sartuta onuraren bat lortu nahi dute. Era berean, ekipoa bahi dezakete, eta zonbi bihurtu, zibererasoetan jarduteko edo malwarea zabaltzeko.

Horien arrazoi nagusiak dira dirua, ideologia (hacktibismoa) edo suntsitzea/mendekatzea. Ohiz beste hacker batzuekin elkartzen dira, eta eraso zehatz batean espezializatzen dira (adibidez, phishingeko erasoak edo urruneko sarbide-tresnak).

Hacker beltzak arazo global bihurtzen dira, munduko edozein tokitan edozein estamenturi, enpresari edo erabiltzaileri eragiten baitiete, eta beren jarduerak ez dira erraz gelditzen. Agintariek arazo nagusi bat izaten dute; ez dute arrastorik uzten, haien jarduerekin zerikusirik ez duten pertsonen sistemez baliatzen baitira.

Hacker zuriak: 

Halaber, hacker etikoak esaten zaie. Ziberdelitugileen kontrako asmoak dituzte. Sistema batean sartzen direnean, segurtasunaren kalteberatasunak eta akatsak detektatzen saiatzen dira konpontzeko asmoz. Lanean ari diren erakundeei edo enpresei laguntzen diete sistemetan hacker beltzek egin ditzaketen balizko erasoez babesten. Gainera, beren zereginari esker, eraso informatikoa gertatzen denean, jarduerarik gabeko denbora eta berreskuratze-denbora nabarmenki laburtzen dira. 

Hacker etikoen zeregin bat da babesten ari diren sistemetan sartze-testa egitea, hartzen diren neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko eta izan daitezkeen ahuleziak bilatzeko. Xede horrez, ziberdelitugileen metodo berak erabiltzen dituzte, baina helburua oso desberdina da, hain zuzen ere, segurtasuna gehitzea. 

Hacker grisak: 

Nolabait esateko, aurreko bien arteko elkargunea dira. Kalteberatasunak aurkitzen saiatzen dira, analisi pean dagoen sistemaren jabeak baimendu gabe. Segurtasun-zuloa aurkitzen dutenean, sistemaren arduradunari ohartarazten diote, eta gerta liteke ordaintzearen truke zuzentzeko aukera ematea. Bere jarduerarekin zenbait lege hausten dituzte, baina, oro har, ez dute gaiztoki jarduten. Normalean, detektatzen duten kalteberatasuna ez dute aprobetxatzen, ez eta aurkikuntza zabaldu ere. Bere eran, harro daude sartu diren sistemaren segurtasuna areagotzen laguntzen dutelako.

Hona hemen ziberdelitugileez babesteko oinarrizko neurri batzuk:

  • Gailu guztietan sistema eragilea eta aplikazioak eguneratuak mantentzea.
  • Antibirusa instalatuta, aktibatuta eta betiere eguneratua izatea.
  • Estekak ez klikatzea, ustekabeko posta elektronikoetan, ezezagunetan edo susmopeko elementuak dituztenetan badaude.
  • Webgune seguruetan nabigatzea.
  • Pasahitz sendoak eta bakarrak erabiltzea.
  • Autentifikazioaren faktore bikoitza erabiltzea.
  • Wifi sare publikoak kontu handiz eta bestelako aukerarik ez dagoenean bakarrik erabiltzea.
  • Interneteko nabigatzaileetan “berak osatu” funtzioa desgaitzea.
  • Internetetik software pirata ez instalatzea eta susmopeko edukiak ez deskargatzea.

Gailu mugikorretan appei ematen zaizkien baimenak kontrolatzea.